‘Errefusaren itsasoa’ erakusketa inauguratu du Nafarroako Parlamentuak
Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin batera antolatutako bildumak hondakinen kudeaketari buruzko ohitura txarrak aldatzea du helburu, eta urriaren 10era arte ikusi ahal izango da
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Errefusaren itsasoa erakusketa inauguratu du gaur goizean. Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin (14 mankomunitatek, Baztango udalak eta Nilsa sozietate publikoak osatua) elkarlanean antolatutako erakusketa da, hondakinen kudeaketa txarrak ekosisteman, jasangarritasunean eta naturaren orekan dakartzan ondorioen inguruan ohiturak aldatzeko helburua duena.
Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek bere poza agertu du Parlamentuak “artea pedagogiarekin eta kontzientziazioarekin uztartzen duen erakusketa” bat hartu ahal izan duelako, “guztia modu sortzaile eta originalean eta oso helburu partekatuarekin, izan ere, helburua ingurumen mailan eredu sozial eta produktibo jasangarria sustatzea baita. Artea egitea eta heztea oso zaila da, eta erakusketa honek hori lortzen du. Larragako ikasleei eta Amaia Aizpuni eskerrak eman nahi dizkiet”.
Testuinguru horretan, lehendakariak azpimarratu du “hondakinik onena sortzen ez dena” dela. “Asko hitz egiten dugu klima-aldaketaz, legeak eta beharrezko arauak aldarrikatzen ditugu, zalantzarik gabe, baina aldaketak, batez ere, jarrera berriak eskatzen ditu, gizartearen eguneroko ahalegina. Egia da Nafarroak beti izan duela birziklatzeko jarrera ona. Gero eta gehiago eta hobeto birziklatzen dugu. Ekonomia zirkularra funtsezkoa da, baita hondakinen alorrean diharduten enpresen jarduera ere”.
Amaitzeko, Unai Hualdek Partzuergoak abian jarritako kontzientziazio-kanpaina berezian parte hartu duten “pertsona ospetsuak eta udalak” zoriondu ditu, eta “mezu kontraesankorrak” saihestearen alde agertu da. “Gure esku dago berotegi-efektua gutxitzea eta gure ingurumena zaintzea. Hilaren 7an ikusiko dugu elkar, atalondo honetan bertan, birziklatzea bultzatzeko antolatutako herri arteko lehiaketako herri irabazleei sariak emateko ekitaldian”.
Jarraian, Amaia Aizpun artista nafarrak, formatu handieneko hiru koadroen egileak, “zaborrari bizitza berri bat” eman ahal izateko ideia indartzearen alde egin du, “gure kasuan hondakin organikoekin tinteak sortuz. Aldi berean, irmoki uste dugu gure bizimodua aldatzea beharrezkoa dela. Itsasora botatzen dugun zaborra guregana itzultzen da, gure elikagaiaren elikagai bihurtzen delako. Gertatzen ari denaren oso irudi argia da”.
Bestalde, Bernardo Cirizak, Lurralde Kohesioko kontseilariak, hondakinen kudeaketan jarduketa txarrek dakartzaten arriskuak kontrajarri ditu hiri-hondakin solidoen eraldaketak ekar dezakeen aukerarekin, “ekonomia zirkularraren motor gisa”. “Partzuergoan horretan ari gara lanean. Gaur oso modu grafikoan ikusten dugu, erakusketa hau osatzen duten lanetan. Tratamendu eraginkor batek gure zaborrak lehengai baliotsu bihur ditzake beste prozesu askotarako produktu berriak sortzeko”.
Ildo horretan, ohitura txarrei buruz ohartarazi du Zirizak; izan ere, “urtebetean soilik, Nafarroako araztegi nagusiek 2.000 tona zabor Nafarroako ibaietan bukatzea saihesten dute. Kontuz bide publikora, errepideetara edo komunetik behar ez bezala botatzen dugunarekin. Dena hiri hodietan metatzen da”.
Errefusaren itsasoa erakusketa Amaia Aizpun artista nafarraren hiru mihisek (200x200 cm), Larragako San Migel ikastetxeko ikasleek egindako 12 akuarelak (100x70 cm) eta sabaitik zintzilik dagoen eta hondakinez estalitako marrazo zuri batek (750x220 cm) osatzen dute. 15 artelan hondakin organikoetatik datorren margoarekin egin dira. Jendearentzat irekita egongo da Ganberaren egoitzako atalondoan urriaren 10era arte. Ordutegia 9:00etatik 20:00etara izanen da astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan sartzen da. Programa horren bitartez, 2016ko otsailaz geroztik, Parlamentuak ateak irekitzen ditu, eta babesa ematen die adierazpen artistiko eta dibulgatiboei.
Erakusketa Ganberaren egoitzako atarian ireki da ofizialki, eta, besteak beste, honako hauek bertaratu dira: Inma Jurío, Mahaiko lehen lehendakariordea; Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria; Angel Ansa (Navarra Suma); Blanca Regúlez (Geroa Bai), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).