Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urtarrilak 26

‘Nafarroako Enpresa Errealitatearen Ispilua’ ikerketaren hirugarren edizioa aurkeztu da Parlamentuan

Unai Hualdek azpimarratu du pandemiak "desberdintasun politikoak alde batera uztera" behartzen gaituela, "krisi aurreikustezin honek kaltetutako sektore sozio-ekonomikoei laguntzeko"

'NavarraCapital.es'-ek bultzatutako Nafarroako Enpresa Errealitatearen Ispilua (ERENA) ikerketaren hirugarren edizioa aurkeztu da gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan. Gaur egungo egoera ekonomikoari, 2020ko maiatzetik bukaerara bitarteko jarduera-bilakaerari edo egiten ari diren barne-aldaketei buruzko 300 enpresa baino gehiagoren balorazioa biltzen duen azterketa da.

 

Unai Hualdek eman dio hasiera ekitaldiari, eta "ekonomiaren, enpresaren eta lan-merkatuaren egoera neurtzeak" duen garrantzia azpimarratu du, are gehiago "zailtasun bereziko" une honetan, "aurreikusi ezinezko osasun-krisi gogor” hau sektore guztien ekintza baldintzatzen ari baita.

 

"Pobrezia, langabezia eta zerga-bilketaren galera (-% 8)" dira krisi honen ondorio nabarmenetako batzuk, eta, Hualderen esanetan, egoera honek "desberdintasun politikoak alde batera uztera behartzen gaitu, kaltetutako sektore sozio-ekonomikoei laguntzeko. Parlamentu honetan talde guztiok lagundu dugu, Nafarroa Suspertu Batzorde Berezia horren adibide argia da. Gehienezko edukiera murriztu eta egokitzapen telematikoa egin behar izan dugun arren, Parlamentu honek funtzionatzen jarraitu du, Estatu osoko aktiboenetako bat izanik".

 

Lehendakariak "ordezkari publiko, enpresarial eta sindikalen arteko topaketa-foroak mantentzearen" alde egin du, "Garapen ekonomiko eta enpresarialeko batzordean bezala, errespetuz eta zorroztasunez entzun eta balorazioak egiteko".

 

Unai Hualdek, Legebiltzarraren lana goraipatu ostean, aitortu du "kultura eta ostalaritza bezalako sektore kaltetuek bizi duten egoera ikusita, asko dagoela egiteko". “Legebiltzar honek joera eta ohitura handiagoa du arlo sindikal eta sozialarekin biltzekoa, enpresa sektorearekin baino; eta gainera, enpresa sektorearekin bildu ohi denean, arrazoiak, oro har, ez dira positiboak izaten. Hemen egiten duguna gehiago eta hobeto ezagut dezazuen gonbidatzen zaituztet. Iaz 22 lege onartu genituen, baina premia sozioekonomikoei erantzuteko beharrak bere horretan dirau".

 

Jarraian, Mikel Benetek, Nacap Comunicación-eko bazkide zuzendariak (Navarra-Capital.es enpresa editorea), ikerketaren xedea honako hau dela esan du: "Tokiko enpresen egunerokotasuna markatzen duten errealitateari, eskaerei eta kezkei buruzko informazio fidela ematea. Informazio fidagarririk gabe, gizartearen eta haren eskakizunen ezagutza sakonik gabe, ia ezinezkoa da guztien onerako estrategien norabidea bideratzea".

 

Azterketa “sakon hau inoiz baino garrantzitsuagoa" dela gaineratu ondoren, Benetek azpimarratu du 'NavarraCapital.es'-ek konpromisoa duela gizarte informatuago batekin, eta, zehazki, "baliozko edukia" eskaini nahi duela, "gaurkotasunari aurre egin ahal izateko". Helburua da enpresek, zuzendariek, profesionalek eta ordezkari publikoek beren eguneroko jardunean egoera hobeto ezagutzen laguntzea. Hori da gure rola. Elkarri lagunduta soilik atera gaitezke pairatzen ari garen shock sanitario, ekonomiko, sozial eta emozional honetatik".

 

Ondoren, Eva Perujuániz Nafarroako Enpresa Errealitatearen Ispiluaren egileak adierazi duenez, ikerketak "Nafarroako enpresen munduan gertatzen ari dena zenbakitan jartzen du. Konpainien egoera hobetu egin da azken sei hilabeteetan, lehen olatuaren ostean, eta horrek eragina du bai egoera ekonomikoan, bai jarduera, diru-sarrera eta enplegu ratioetan. Inpaktua modu desberdinean pairatzen da. Asimetria bat ematen da jardueraren arabera, baina baita tamainaren arabera ere, eta hor berriz ere enpresa txikiek sufritzen dute gehien".

 

Egungo egoerari lotutako zailtasunak gorabehera, Perujuánizek aurreratu duenez, "Nafarroako enpresek merkatu berriak arakatu eta produktu edo zerbitzu berriak eskaini dituzte krisialditik ateratzeko. Eraldaketa digitala da askok jarraitu duten bidea, egoera horri berme osoz aurre egin ahal izateko".

 

Ekitaldia amaitzeko, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan du ez duela ezkutatu krisiaren ondorioak osasun arlotik haratago doazela, baina poztu egin da Nafarroan krisiak izan duen eragina, "larria bada ere, ez delako Estatuan bezain nabarmena izan. Izan ere, aurten Espainiako BPGren % 11-12ko beherakada espero baita". Atzerakada horren arabera, Espainia da "2021ean gehien jaitsiko den ekonomia garatua".

 

Nafarroako ekonomiaren "joera erreala zein izango den jakin gabe, baina % 6 inguruko hazkunde aurreikuspenarekin", Elma Saizek "inbertsioak, kontsumoa eta turismoa berreskuratu" nahi ditu Next Generation EU funtsen eta "politika fiskal hedakor" baten bidez, zeinaren bidez aurre egin nahi baitzaio jardueraren eta enpleguaren beherakadari, hots, bi kezka nagusiei. “Europak adostasuna eskatzen digu, kasu honetan, emakumeen eta gazteen langabeziari eta prekarietateari aurre egiteko berariazko neurriak hartzeko adostasuna”.

 

Amaitzeko, kontseilariak ohartarazi du “inbertitu beharreko kopuruak bezain garrantzitsuak direla Europar Batasun osoan modu koordinatuan hedatu beharreko egiturazko erreformak, bai ekonomia sustatzeko, ekoizpen-sarea modernizatzeko, enplegua sortzeko eta trantsizio berde eta digitalak bultzatzeko". Espainiak 70.000 milioi euroko esleipena du 2021-26 eperako, eta bikoiztu egin daiteke kredituetara joz gero. Horrez gain, React EU tresna berriaren 11.000 milioi euro baino gehiago jasoko ditu Nafarroak 2021ean eta 2022an. Nafarroa Suspertu Plana erabat lerrokatuta dago helburu horiekin".

 

Nafarroako Enpresa Errealitatearen III. Ispiluak (ERENA) orainaldia interpretatzeko gakoetako batzuk jasotzen ditu: enpresek nola baloratzen duten beren egoera ekonomikoa, beren sektorearena eta Nafarroarena, baita eragile horiek zein aldaketari egin behar izan dioten aurre ere. Halaber, konpainiek beren diru-sarreretan eta enpleguan izandako bilakaera edo Nafarroa 2020-2023 Suspertu Planari buruzko iritziak ere aztertzen ditu, maiatzeko datuekin alderatuta. Era berean, aukera ematen du 4.0 enpresaren ezarpen-maila ikusteko eta prestakuntzaren, enpleguaren edo garrantzi bereziko beste bektore batzuen arloan gaur egun dauden erronkak ezagutzeko.

 

300 enpresak baino gehiagok parte hartu dute Ispiluaren edizio honetan, eta elkarrizketa sakonak egin dituzte politika-, gizarte- eta enpresa-buruekin.

 

Azterketa zorrotza, zientifikoa eta nahitaez kontsultatu beharrekoa izateko helburuarekin sortu zen ikerketa hau orain dela hiru urte. Nafarroako ekonomiaren termometro fidagarri eta egonkor bat izan nahi du, informazioaren eta ezagutzaren bidez, Nafarroako enpresa-erakundeetako arduradunei erabakiak hartzen laguntzeko.

 

Publiko handiaren interesari erantzun nahian, webgune bat garatu da, non azterlanaren datu guztiak aurkitu ahal izango diren taula-biltegi baten bidez: https://espejo.navarracapital.es/

 

Ekitaldia Parlamentuaren atalondoan ospatu da eta, besteak beste, Juan Luis Sánchez de Muniain, lehen idazkaria, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria, Miguel Bujanda, Carlos Pérez-Nievas, (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa, Unibertsitateko, berrikuntzako eta eraldaketa digitaleko kontseilaria, Izaskun Goñi, Garapen Ekonomikoko zuzendaria nagusia, Ana Elizalde, Iruñeko Udaleko alkateordea, Juan Miguel Sucunza, CENeko presidentea, José Andrés Palacios, Merkataritza Ganberako presidentea, Augusto Paredes, UGTko antolaketa eta administrazioko idazkaria, Francisco Fernández, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (CPEN) zuzendaria, Mirian Martón, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaria, Pilar Irigoien, Sodenako zuzendaria eta Ignacio Ugalde, ANELeko lehendakaria.