“Ijitoen Herriaren Estrategien Inpaktua Nafarroan" jardunaldia egin da Nafarroako Parlamentuan
Unai Hualdek azpimarratu du garrantzitsua dela ematen ari garen aurrerapausoak modu konparatuan aztertzea, zeinak erakundeen eta esparru horretako elkarteen lanaren fruitu diren
Ijitoen Herriaren Estrategien Inpaktua Nafarroan jardunaldia egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, Erkidego Arteko Ijito Foro Estrategikoaren (FEIG 2025) esparruan antolatua. Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak finantzatutako proiektu pilotu bat da, eta xede du Ijito Herriaren Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzearen aldeko Estrategia Nazionala 2021-2030 ezartzen eta horren monitorizazioa eta jarraipena egiten laguntzea erkidego-ikuspegi batetik.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio irekiera jardunaldiari, honela hitz eginez: “Ijito herriak eta Nafarroak historia eta bizikidetza partekatu dituzte mendeetan zehar, eta azken legegintzaldietan berariazko estrategia bat sortu da ijitoen garapenerako, gaiak zein eragileak zeharkako tasunez hartzen dituena”.
“Honen gisako jardunaldiek balio behar dute gure komunitateko erakundeen eta ijito-elkarteen lanari esker lortzen ari garen aurrerapausoak eta emaitzak aztertzeko, eta, aldi berean, Estatuan eta beste erkidego batzuetan egiten ari diren lana ezagutzeko”, azaldu du Hualdek.
Jarraian, hau adierazi du Inés Jiménez Nafarroako Gobernuaren Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak: “Ijitoen Garapenerako Nafarroako Estrategia, Estrategia Nazionala diseinatu baino lehenagokoa bada ere, egitura bera dute biek, hiru ardatzetan oinarritua: ijito herriaren tratu-berdintasuna, inklusioa eta gizarteko parte-hartzea”.
FEIG foroaren ordezkari den Fabián Daniel Sánchezek eskerrak eman dizkio Parlamentuari “Foroaren beraren jardunaldi bat egiten den Estatuko lehenengo legebiltzarra” izategatik.
“2025ean ospatzen denez ijitoak Espainiara iritsi zireneko 600. urteurrena, komeni da gure herriak espainiar gizarte osoari egindako ekarpen eztabaidaezinen garrantzia azpimarratzea; baina, horrekin batera, aukera-berdintasunean aurrera egiteko modua emanen digun aldarrikapena ere egin behar da”, esan du.
Azkenik, Gaz Kaló elkarteko Pascuala Amadorrek aipatu du antigitanismoa “ijito herritarrek pairatu behar izaten duten gaitz okerrenetako bat” dela, eta, hori horrela, aldarrikatu du “estrategiak ijito herriarentzat berarentzat erabilgarri diren tresna bihurtu behar direla, baina baita administrazio publikoentzat eta gizarte osoarentzat erabilgarri diren tresna ere”.
“600 urte daramatzagu lurralde honetan bizitzen, lan egiten, amesten eta eraikitzen. Bihur dezagun Nafarroa antigitanismorik gabeko komunitate”, aldarrikatu du bukaeran.
Horren ondoren, Erkidego Arteko Ijito Foro Estrategikoaren aurkezpena egin da, xede duena erkidegoetako estrategiak Estrategia Nazionalarekin eta Ijito Herriaren Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzerako Europako Esparruarekin (2021-2030) lerrokatzea. Bianca Elena Galusca, Kataluniako Ijito Elkarteen Federaziokoa (FAGIC), eta Iñaki Vázquez, La Fragua Projects (LFP) erakundearen ordezkaria, izan dira protagonista hitzaldian.
Horren ostean, solasaldia egin da Nafarroako Ijito Estrategiaren emaitza nagusien inguruan. Víctor Sánchez (NUP) izan da moderatzaile, eta Foru Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren eta Nafarroako gizarte zibilaren eta talde parlamentarioen arteko iritzi-trukerako abagunea sortu da.
Gainera, Erkidego Arteko Ijito Foro Estrategikoaren (FEIG 2025) eztabaida partizipatiboa egin da.
Azkenik, Fabián Daniel Sánchez arduratu da jardunaldiari itxiera emateaz, Presencia Gitana Elkarte Nazionalaren (ANPG) izenean.
Parlamentuaren egoitzako erabilera anitzeko aretoan egin da jardunaldiaren irekiera, eta bertan izan dira, besteak beste, lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, lehen idazkari Yolanda Ibáñez, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Cristina López (UPN), Olga Chueca, Ramón Alzorriz (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Carlos Guzmán (Contigo -Zurekin), bai eta Nafarroako Ararteko Patxi Vera ere.