1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez zerga eta tributu neurriak hartzen baitira Ukrainako inbasioaren eragin ekonomikoa leuntzeko
Osoko bilkurak baliozkotu du. 2022ko maiatzaren 5ean
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak onetsi du baliozkotzea apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, enpresen, familien eta herritarren mesedetan. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute, EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.
1/2022 Foru Lege-dekretuaren helburua da behar diren xedapenak ezartzea zenbait gizarte eta enpresa sektorek duten egoera zaila leuntzeko, COVID-19aren pandemiak izan dituen inpaktuak larriagotu egin baitzaizkie Ukrainako inbasioa dela eta.
Tributuen esparruan, energia-krisia eta prezioen igoera handia nagusi diren testuinguru honetan, energiaren prezioaren igoerarekin lotutako likidezia-tentsioek ez dezaten jarri arriskuan enpresa bideragarrien biziraupena eta ez dezaten sortu presio orokorrik ekonomiaren kostuen eta prezioen egituran, neurri berriak ezartzen dira, berehala aplikatuko direnak, zerga betebeharrak behar bezala betetzea errazteko.
Hain zuzen, zerga-zorren salbuespenezko beste atzerapen bat ezartzen da, 1/2021 Foru Lege-dekretuak araututakoen ildo beretik. Hala, geroratu daitezkeen zorrak izanen dira PFEZaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioei dagozkienak, bai eta 2022ko lehen hiruhilekoko eta 2022ko martxoko BEZari dagozkionak ere. Gainera, PFEZaren zergadunen kasuan, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituztenak ez dira egonen beharturik 2022ko bigarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egitera.
Beste alde batetik, urtebete luzatzen da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko ezartzen den epea, berrinbertitzeko epea 2022an bukatzen zaien zergadunen kasurako; eta 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen da Inbertsioetarako Erreserba Berezirako zenbatekoa gauzatzeko epea, epe hori berez 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunen kasurako.
Erregulazio horren bidez, luzatu egiten zaie epea, batetik, zergaldi arrunteko enpresei (haien epea 2022ko abenduaren 31n amaituko litzateke), bigarrenik, zergaldi zatituko enpresei (inbertsioetarako erreserba berezia 2020ko mozkinen kargura hornitu dutenak eta epea 2023an amaituko zaienak), eta, hirugarrenik, zergaldi zatituko enpresei, baldin eta 2019ko irabazien kargura hornitu badute eta epea 2022an amaitzen bazaie. Ez zaie epea luzatuko 2021eko irabazien kargura hornitzen dutenei eta epe arrunta dutenei (2023ko abenduaren 31n amaituko da).
Neurri horien helburua da, hain justu, kalterik ez eragitea 2022an aurreikusita zeuzkaten inbertsioak ordaintzeko zailtasunak dituzten zergadunei.
Berehalako likidezia-neurri horietaz gainera, beste neurri batzuk ere ezartzen dira, eta guztiek ere 2022an hasitako zergaldian izanen dituzte ondorioak, dela PFEZean, dela sozietateen gaineko zergan. Lehenik eta behin, deklaratzen da salbuetsita geratzen direla martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren babesean emaniko laguntzak, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan. Laguntza horien barruan sartzen dira gasa erauzteko industriarako zuzeneko laguntzak, taxilarientzako eta garraiolarientzako zuzeneko laguntzak eta lehen sektorerako zuzeneko laguntzak (nekazaritza eta abeltzaintza).
Aparteko kenkari bat ezartzen da enpresa-jarduerak garatzen dituzten pertsona fisikoentzat eta mikroenpresentzat, zeinaren helburua baita energia-krisiaren ondorioz sorturiko inpaktu ekonomikoa arintzea. PFEZean, kenkaria subjektu pasiboaren etekin garbi positiboaren % 3koa izanen da, etekin garbia zuzeneko zenbatespen erraztuan edo zuzeneko zenbatespen berezian zehazteagatik dagokion murrizketa aplikatu ondoren, halakorik bada, eta betiere 3.000 euroko mugarekin.
Sozietateen gaineko zergan, 2022an negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten zergadunek aplikatuko dute kenkaria. Ondare-erakundeek ez dute aplikatzen ahalko kenkaria. Aplikatu beharreko kenkaria zerga-oinarri positiboaren % 3koa izanen da, 3.000 euroko mugarekin. Kenkari horrek gutxieneko tributazioaren zenbatekoa murrizten ahalko du, eta sozietateen gaineko zergaren pizgarriengatiko kenkariak baino lehen aplikatzen ahalko da. Ezohiko kenkaria denez, kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez den zenbatekoa ez da kentzen ahalko hurrengo ekitaldietan. Hala ere, aplikatzekoa izanen da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 67.7 artikuluan aurreikusitakoa.
Azkenik, 200.000 eurora igo da eragiketen bolumenaren atalasea, enpresa-jardueren etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziko araubidean zehaztu ahal izateko PFEZean.
Bestalde, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan proiektuen kargurako laguntzen deialdietako izapideak bizkortzeko, ezabatu egiten da Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimenaren izapidea. Halaber, ezohiko muga bat ezartzen da etxebizitza-errentamenduko kontratuen errenta urtez urte eguneratzeko, eta arau-aurreikuspenen sorta bat ezartzen da kontratu publikoen eremuan.
Etxebizitzaren arloan, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalak jada ezohiko muga bat ezartzen du etxebizitza-errentamenduko kontratuen errenta urtez urte eguneratzeko. Gerraren ondorioei erantzuteko foru planak etxebizitza babestuen errentamendu-kontratuetara ere hedatzen du neurri hori Nafarroan, kontratuok erregulazio propioaren arabera arautzen baitira eta kalteberatasun handiagoko egoeran izan litezkeen familiei eragiten baitiete.
Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietan, familiaren diru-sarrera haztatuen zenbaketatik kanpo geratzen dira alokairu-sistema publikoaren barruan dauden etxebizitzak errentan hartzeko dirulaguntzak.
Gainera, energia berriztagarrien zenbait instalazioren prozedurak errazteko eta arintzeko neurriak ezartzen dira, Espainiako Gobernuak prezioak merkatu eta hornidura bermatzeko hartutako erabakiekin bat etorriz.
Energia berriztagarrietako proiektuak prozedura horren pean biltzeko hainbat irizpide bateratu ezartzen dira: haien aire-lineak ez egotea bilduta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean; 75 MW-eko edo gutxiagoko potentzia duten proiektu eolikoak izatea edo 150 MW-eko edo gutxiagoko potentzia duten eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuak izatea; eta, itsas ingurunean eta Natura 2000 Sareko gainazaletan ez instalatzeaz gainera, sentsibilitate baxuko eta ertaineko eremuetan egotea erabat, guztia ere Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak zehazturiko «Energia berriztagarriak ezartzeko ingurumen-zonifikazioak» dioenari jarraikiz.
Era berean, bizkortze neurriak ezartzen dira, Europako berreskuratze-tresnatik eratorritako Europako funtsekin finantza daitezkeen jarduerak kudeatzeko eta gauzatzeko. Zenbait kasutan kendu egiten da Gobernuak aldez aurretik baimena eman beharra zenbait dirulaguntza eman ahal izateko. Gainera, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsekin finantzatuko diren kontratuak aldez aurreko baimenaren obligaziotik salbuestea aurreikusten da, eta hainbat urtetako gastu-konpromisoak hartzen dira plan horretan jasotako jarduketei dagokienez.
Kontratazio publikoetan, kontratuak gauzatzearekin loturiko interes publikoa arriskuan ez jartzeko, zenbait kasutan kontratuaren prezioak salbuespenez berrikusi ahal izanen dira, baldintza-agirietan ezarritako araubidea alde batera utzita.
Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzen dituen apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean hartu zuen indarra.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege-dekretua (NPAO, 54. zk., 2022-05-02koa)