Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Azaroak 19

18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsona gaixoen tratamendu medikoa finantzatzera premiatu dute

Oroitarazi dute Nafarroak ezin izan duela koordainketaren inpaktua arindu farmazia-prestazioak osatzeari buruzko Foru Legearen aurkako errekurtsoa jarri baitzen Konstituzio Auzitegian

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta PPNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “laguntza-sistema bat ezartzera, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsona gaixoek O-NOZeko langileek agindutako eta finantzazio publikoari atxikitako tratamendu medikoari euts diezaioten”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “laguntza horien onuradun izan daitezen Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Osasun-txartel Indibidualaren titular diren pertsona guztiak eta haien onuradunak, otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legeari jarraiki, zeinaren bidez Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaie Nafarroan bizi diren pertsonei”. Idatz-zati horri 8/2013 Foru Legeari dagokionean zuzenketa aurkeztu diete ekimenaren titularrak, PSNk, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeekin batera.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “laguntzen zenbatekoa izan dadin finantzazio publikoa duten farmazia-tratamenduak, produktu dietetikoak eta efektuak eta osagarriak direla-eta O-NOZeko langileek agindutako tratamendu medikoaren ondorioz ordaindutakoa adinakoa”.

Zioen azalpenean, PSNk bultzatu duen ebazpenak dio Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurriei buruzko 16/2012 Errege Lege-dekretua “eragin negatiboa” izaten ari dela. “Farmazia-koordainketa” eredu horrek duen “disuasio efektua dela-eta bereziki zigortzen ari da kolektiborik ahulenak, esate baterako, dokumentaziorik gabeko etorkinak, gaixo kronikoak edo 26 urtetik goitiko gazte langabetuak”.

Ebazpena proposatu duen taldeak oroitarazten du Nafarroak osasun-laguntzaren estalduraren unibertsaltasuna bermatzearen alde egin zuen arren, ezin izan zuen arindu farmazia-ekarpenaren inpaktu/a; izan ere, Nafarroako Foru Komunitatean farmazia-prestazioak osatzeari buruzko 18/2012 Foru Legearen aurkako errekurtsoa jarri zen Konstituzio Auzitegian.

Horregatik eta Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean ageri den moduan “osasun txarrak kalte handiagoa egiten die errenta txikiko pertsonei eta hortaz botere publikoen arduretako bat da osasun arloan ezberdinkeria sozialak saihesteko lan egitea”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 23. zk., 2015-10-30ekoa)