Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Abenduak 1

2012an kendutako aparteko soldatatik ordaindu gabe dagoen partea ordaintzeko legea onetsi da

2017an zehar osorik ordainduko da, baldin eta diruzaintzako gerakinik lortzen bada, dela Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioaren bidez dela aurrekontuaren bidez

Gaur egindako osoko bilkuran, Langile publikoei 2012an etendako aparteko ordainsaria ordaintzeko Foru Legea onetsi du Nafarroako Parlamentuak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren abstenzioekin. Oraindik aparteko soldata horren % 50 dago ordaindu gabe.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako lege horren xedea da Gobernuak hasiera batean ezarritako itzulketa-egutegia aurreratzea, aparteko soldatatik ordaindu gabe dagoen guztia 2017an zehar ordaintze aldera: urteko lehen bost egunetan % 25, jada aurreikusita zegoen bezala, eta ekitaldian zehar beste % 25a, betiere honako inguruabar hauetakoren bat gertatuz gero:

“Aurrekontuan aurreikusitakoa baino diru-sarrera handiagoak gertatzea; Estatuarekin Hitzarmen Ekonomikoa gaurkotzeko lortzen den akordiotik etortzea aurrekontuan jasotakoa baino funts handiagoak Foru Komunitatearen alde; aparteko diru-sarrerak gertatzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotakoez harago, legeak aldez aurretik ezarritako xedea ez dutenak; edo aurrekontuetan aldez aurretik jasotako finantza-gastuen murrizketak gertatzea”.

 

UPN parlamentu-taldeak ordezteko zuzenketa aurkeztu du, 2012an kendutako aparteko soldatatik “ordaindu gabe dagoen guztia 2017ko urtarrilaren 5a baino lehen ordain dadin”, baina ekimenaren titularrek ez dute onartu.

Zioen azalpenean gogora ekartzen da nola Konstituzio Auzitegiak eten egin zuen 28/2012 Foru Legearen eraginkortasuna –haren bidez aldi baterako osagarri pertsonal bat sortu zen, kendutako aparteko soldataren zenbatekoa zuena, eragina 2012an berean izanen zuena– eta nola 2016rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean “lehentasunezkotzat” jo zen ordaindu gabeko zatia ordaintzea, “diru-sarrerek horretarako bidea ematen dutenean”; hala ere, inguruabar hori beteko ote den “ziurtasunik” ez dagoela aitortzen da.

Gogoratuko denez, iragan urriaren 13an Parlamentuaren Osoko Bilkurak ez zuen aintzat hartu UPNk aurkeztutako foru lege proposamen bat, 2012tik ordaindu gabe dagoen aparteko soldataren % 50 hori 2017ko urtarrilaren lehen bost egunetan ordaintzea xede zuena. PSN eta PPN baino ez ziren agertu ekimenaren alde.

Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren babesean kendu zen 2012ko aparteko soldata. Gobernu zentralak nahitaez bete beharreko oinarrizko arau gisa onetsi zuen dekretu hori.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (121. NPAO, 2016-10-21ekoa)