Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Irailak 26

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Foru Legearen aldaketari buruzko irizpena onetsi da

Konpromiso ekonomikoen egozpena obrak egiteko aurreikuspenei egokituko zaie, epeak luzatuko dira eta salbuespeneko eta larrialdiko araubideak aldatuko dira

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketari buruzko irizpena onetsi du gaur.

 

Gobernuak aurkeztutako foru lege proiektuaren bidez, Toki Inbertsioen Planaren kudeaketa 84/2017 Foru Aginduaren arauetatik salbuetsi nahi da, inbertsioak dagokien aurrekontu-ekitaldian osorik exekutatzera behartzen baitute; horrez gain, xedea da akatsak zuzentzea, bikoiztutako gaiak kentzea eta zenbait kontzeptu argitzea. Hori guztia zuzenean lotuta dago legebiltzarrak 2016ko abenduaren 1ean onetsitako egungo Toki Inbertsioen Planaren indarraldian detektatu diren gorabeherekin.

 

Espedienteen kudeaketa hobetzeko eta inbertsioen finantzaketa aurrekontuen plangintzarekin bat etor dadin, konpromiso ekonomikoak ekitaldi desberdinei egozteko aukera ematen da, lanen exekuzioaren aurreikuspenaren arabera, betiere zerbitzu eskudunak txostena eman ondoren.

 

Ildo horretan, 2016ra arte ordainketa asko hurrengo ekitaldian eta itxitako aurrekontuen kargura egiten zirela azpimarratzen da. Aukera hori baztertu egin zuen 84/2017 Foru Aginduak, 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko eta 2018ko ekitaldia irekitzeko arauei buruzkoak. Epeei dagokienez, aurreikuspen berri horrek berekin zekarren inbertsioen frogagiriak lehenago aurkeztea. Hori ez zen beti posible izaten, eta konpromisopeko gastu osoa exekutatzea eragozten zuen.

 

Toki Inbertsioen Planaren ekarpenak beste laguntza batzuekin bateragarriak izateari dagokionez, betebehar bat erantsi da kasu horietarako, beste funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatzekoa, alegia.

 

Halaber, salbuespeneko araubideari atxikitzeko baldintzak aldatu dira: atxikitzea eskatu aurretik inbertsioa doitu beharko da, edo, bestela, finantzatzeko formula alternatibo bat proposatu. Halaber, laguntzaren zenbatekoa zuzentzen da, BEZa kengarria ez duten inbertsioetan BEZaren zenbatekoa gehituz, toki entitateak nahiko ahalmen ekonomiko eta finantzariorik ez duela egiaztatu ondoren.

 

Salbuespeneko araubide horri atxikitzeko baldintza hau bete behar da, besteak beste:

 

udalek egun indarra duen zerga-tasaren 0,20ko gutxieneko igoera onetsi eta mantendu beharko dute “obraren exekuzioak irauten duen bitartean eta hura amaitu eta hurrengo lau urteetan”, eta igoera aplikatu ondoren tasa ezin da izan 0,30etik beherakoa, ez eta 0,50etik gorakoa ere. Aurreikuspen hori Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek sinatutako zuzenketa baten bidez erantsi da, eta PSNren babesa ere jaso du. UPN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Larrialdiko prozedura ere egokitu egiten da Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean jasota dagoenera, argiago ager daitezen bereizita bi prozedura desberdin, bata larrialdiko jarduketetarako eta bestea jarduketa osagarrietarako.

 

Bestalde, artikulu bat eransten da, 22 bis artikulua, prozedura berri bat (hasierako baimena) arautzeko, erreserbako behin betiko zerrendan dauden inbertsioak hasteko aukera ematen duena, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean ondoren sartzeko eskubidea galdu gabe.

 

Beste arlo batean, inbertsioak egiteko epeak ezartzeko aukera izanen du Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, eta epeak luzatzeko aukera ere ezartzen da, salbuespenez.

 

Obraren hasierako ekarpenari dagokionez, hura % 50etik % 60ra handitzen da. Horrela, toki entitateen ahalmen ekonomikoa hobetzeaz gain, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari bide ematen zaio hasierako fasean gastu portzentaje handiagoa exekutatzeko.

 

Legeak zehapenen araubide berria ezartzen du: jada ez da inbertsioa planetik baztertzeko arrazoi izanen obren hasiera bi hilabetez gehienez atzeratzea, eta ez da partzialki baztertzeko arrazoi izanen inbertsioaren amaieraren frogagiriak epetik kanpo aurkeztea.

 

Azkenik, libreki erabaki beharrekoen (toki entitate onuradunek libreki zehaztu beharreko inbertsio-jarduketen) araubidea aldatzen da, eskumenak udalei eskuordeturik dituzten edo egokitasun-txostena epean eskatzen ez duten kontzejuei kudeaketa errazteko; horrela, haien udalek egin ditzakete lan horiek: egokitasun-txostenak eskatu, inbertsioak exekutatu, eta kasuan kasuko ordainketak tramitatu.

 

Halaber, libreki erabaki beharrekoen ordainketa-eskaerak aurkezteko epe berriak ezartzen dira. Muga-eguna abenduaren 1a izanen da 2018ko ekitaldiari esleitutako obra eta jarduketetarako, eta 2019ko azaroaren 1a, salbuespenez abenduaren 1era arte luza daitekeena, 2019ko ekitaldiari dagozkion obra eta jarduketetarako. Hala xedatzen duen zuzenketa Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aldeztu dute, eta PSNk ere babesa eman dio. UPNk aurka bozkatu du, eta PPN abstenitu egin da.

 

 

Hiri hondakinen tratamenduaren atalaren barruan, ingurumeneko arazo larriak edo oso larriak dituzten zabortegiei buruzko jarduketetan, aldez aurretik Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txosten loteslea emanda, gehieneko ekarpen ekonomikoa zenbateko lagungarriaren % 95eraino igo ahalko da, BEZa barne. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztutako zuzenketak aurrera egin du PSNk ere babestuta eta UPNk eta PPNk aurkako botoa emanda.

 

Proiektuaren xedapen iragankor bakarrak dioenez, “foru lege honek indarra hartu aurretik tramitatu diren ordainketak, obra hasierakoak eta obra erdikoak, erregularizatu eginen dira, toki entitateak eskatzen duen hurrengo ordainketaren zenbatekoari % 10 gehituz”.

 

Batzordean egin den eztabaidan atzera bota dira UPN talde parlamentarioaren bi zuzenketa. Horien bidez, 35 milioitik gorako gerakina (aurreko TIParena) erabiltzeko eskatzen zen, zenbateko hori falta baita —behin deskontatuta 2016an eta 2017an diru-laguntza eta ordainketetan inbertitutako 17 milioiak— “Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailean adierazi zigunez” 2015eko maiatzaren 31n zegoen 52.425.427,95 euroko saldoa osatzeko.

 

UPNren ustez, 2017-2019 aldirako TIParen funtsari 35,8 milioi gehitzeak (30,3 tokiko programazioan eta 5,5 inbertsio programan) aukera emanen luke “erreserban geratu diren obra ia guztiak 2019. urtean egin ahal izan daitezen”. Hala ere, PSN eta PPN alde egotea ez da nahikoa izan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkako jarrera agertu baitute. “Zenbatekoen ingurukoa ez da lege honi dagokion eztabaida”, esan dute, aipamen argia eginez Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Planari, non toki programazioko inbertsioen 20.680.123,94 euroko gehikuntza jaso baita.

 

Gogoratuko denez, iragan urriaren 28ko Osoko Bilkuran Nafarroako Gobernuak azken unean erretiratu zuen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketa, bere ustez aurrekontu-kredituak handitzea ekarriko zuten hiru zuzenketaren aurrean agertutako desadostasuna ez ziotelako aintzat hartu. Zuzenketa haietako bat, UPNrena, gaur atzera bota diren bien parekoa zen; eta beste biek, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatutakoek, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren zuzkidurari 29.695.882,06 euro gehitzea zuten helburu, 2017ko ekitaldiko Kontu Orokorren likidazioari lotutako diruzaintza-gerakinaren zenbatekoa, hain zuzen.

 

Nafarroako Parlamentuak 2016ko abenduaren 1ean onetsi zuen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana. Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, plan horrek 100 milioiko zuzkidura du: 40 milioi lehen urtean banatzekoak, 20 bigarren urtean eta 40 hirugarren urtean.

 

18/2016 Legeak arautzen duen Toki Inbertsioen Plana lehenbizikoa da 2009-2012 aldirako TIPak hurrenez hurren izan dituen luzapenen ondoren (2015eko abenduaren 22an luzatu zen azken aldiz), eta hiru atal ditu: inbertsio programa (34 milioi), toki programazioa (43) eta libreki erabaki beharrekoak (23).

 

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak (azpiegitura eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), berriz, 18/2016 Foru Legeak arautzen duen Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira.

 

Irizpena onetsi ondoren, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen 18/2016 Foru Legea aldatzeko proiektua Osoko Bilkuran aurkeztuko da urriaren 4an (Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Planarekin batera), behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Gaur goizeko bilkuran, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira: Carmen Segura, Luis Zarraluqui, Mariano Herrero, Luis Casado (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza, Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Conchi Ruiz, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).