Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 16

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren indarraldia luzatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko urtarrilaren 16an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren indarraldia luzatzen duen Foru Legea aho batez onetsi du gaur. Plan horrek, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren kargura, 100 milioiko zuzkidura dauka; horietatik 40 milioi lehen urtean banatzekoak dira, 20 milioi bigarren urtean eta beste 40 milioi hirugarren urtean.

 

Toki ogasunen funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak (azpiegituren eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), bestalde, Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira.

 

Gobernuak aurkeztutako lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da. Beraren bidez “aukera ematen da, plan berri bat onetsi arte, indarreko planean sartutako inbertsio finantzagarri guztiak baimentzeko, konpromisoak egozteko eta ordainketak egiteko”.

 

Zioen azalpenean zehazten denez, betetzeko dauden konpromisoen egozpenerako eta betebeharren tramitaziorako egungo aurreikuspenak ikusita, ezinezkoa izanen da 2019ko ekitaldian bukatzea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean jasotako lanak.

 

Kontuan izan behar da, foru legean ezarrita dagoenez, konpromiso horiei erantzuteko zenbatekoak bermatuta daudenean beste jarduketa batzuei ere heldu behar zaiela, erreserban dauden inbertsioen lehentasun ordenari jarraikiz. Horrez gain, litekeena da presako lanak egin behar izatea.

 

Osoko Bilkurako eztabaidan gehitzeko bi in voce zuzenketa onetsi dira, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek sinatuta, Abenduaren 13ko 18/2016 Legeari, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duenari zenbait aldaketa ezartzen dizkiotenak atzeraeraginezko izaerarekin.

 

Lehenengo zuzenketak Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen dio “atzerapenak justifikatu eta argudiatu dituzten toki entitateei zehapenik ez ezartzeko”.

 

Ildo horretan, argudiatzen da jardunaldi amaierari dagokion zenbatekoa jasotzeko eskubidea galtzea “neurrigabe eta gehiegizkoa” dela amaierako dokumentazioa berandu aurkeztu izanagatik. Zenbait kasutan, ondorioak “oso larriak” dira toki ogasunentzat, are gehiago aurkeztutako dokumentazioak baldintzak betetzen baditu.

 

Bigarren zuzenketak, berriz, zehapenen atalean egindako aldaketak kaltetutako toki entitateei atzeraeraginezko izaerarekin ezartzea ahalbidetzen du. Zehazki, indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak hartzen ditu bere gain, “beti ere araubide juridikoa aurreko araubidea baino onuragarriagoa bada”.

 

Abenduaren 13ko 18/2016 Legea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duena, 2016ko abenduaren 1ean onetsi zen, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eta UPN, PSN eta PPNk kontrako botoa emanda.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/parlamentuak-2017-2019-aldirako-toki-inbertsioen-plana-arautzen-duen-legea-onetsi-du