2017ko abenduaren 13ko bilkura
IZAPIDETZEKO ONARTU DIRA NAFARROAKO GOBERNUAK IGORRITAKO HIRU FORU LEGE PROIEKTU
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur, abenduak 13, 14:00etan hasita, eta izapidetzeko onartu dituzte Nafarroako Gobernuak igorritako hiru foru lege proiektu, Legebiltzarrak heldu den abenduaren 21ean eta 22an eginen duen Osoko Bilkuran eztabaidatuko direnak irakurketa bakarreko eta urgentziazko prozedura baliatuta.
Honako hauek dira foru lege proiektuak:
1. Foru Lege proiektua, 544.158 euroko kreditu berezia ematekoa 2017ko gastuen aurrekontuan, Iruñerriko Mankomunitatea-Iruñerriko Zerbitzuak, SAri diru-laguntza bat eman dakion Nafarroako Ubidea SAri ordaindu beharreko 2017ko tarifa finantzatzeko, Itoizko urtegitik Nafarroako Ubidearen bidez heldu den ura hornitzearren sinatutako kontratuaren ondorioz. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
UPNren talde parlamentarioak eskatuta, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei eskatu zaie txosten bat egin dezaten “jakiteko ea legezkoa ote den Iruñerriko Mankomunitatearentzako diru-laguntza bat onestea Nafarroako Ubidea SAri uraren kontzesioagatiko tarifa ordaintzeko, ikusita diru-laguntza horren xedea dela erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifan jada jasanarazita dagoen ur-hornikuntzako zerbitzuaren kostua finantzatzea”.
2. Foru Lege proiektua, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituena. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
3. Foru Lege proiektua, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, bestalde, jasotzat eman dute Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Lege proposamenari buruz Nafarroako Gobernuak adierazitako iritzia, ez baitago ados foru lege proposamena aintzat hartzearekin. Foru lege proposamena Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Abenduaren 13ko 3/2017 Legegintzako Foru Dekretua, tributu-harmonizaziokoa, zeinaren bidez aldatzen baita Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
Azkenik, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute zein izanen den 2017ko abenduaren 21eko eta 22ko Osoko Bilkuraren gai-zerrenda. Hona:
1. 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua (Nafarroako Gobernua) 9-17/LEY-00011.
2. Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru Lege proiektua (Nafarroako Gobernua) 9-17/LEY-00012.
3. Foru Lege proiektua, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena (Nafarroako Gobernua) (9-17/LEY-00013.
4. Foru Lege proiektua, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena (Nafarroako Gobernua) 9-17/LEY-00017.
5. Foru Lege proiektua, 544.158 euroko kreditu berezia ematekoa 2017ko gastuen aurrekontuan, Iruñerriko Mankomunitatea-Iruñerriko Zerbitzuak, SAri diru-laguntza bat eman dakion Nafarroako Ubidea SAri ordaindu beharreko 2017ko tarifa finantzatzeko, Itoizko urtegitik Nafarroako Ubidearen bidez heldu den ura hornitzearren sinatutako kontratuaren ondorioz (Nafarroako Gobernuak) 9-17/LEY-00015.
6. Foru Lege proiektua, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituena (Nafarroako Gobernua) 9-17/LEY-00016.
7. Foru Lege proposamena, irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duena (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa) 9-17/PRO-00013.