2017ko ekainaren 19ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, EKAINAK 19, ALTSASUKO UDALETXEAN EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, ekainak 19–, 10:00etan, Altsasuko Udaletxean, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Foru Lege proposamena, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Irizpena egiteko batzorde eskuduna aldatu da.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da 1081/2017 Ebazpena alda dezan. Ebazpenak ezartzen du zer prozedura jarraitu behar den bigarren hezkuntzako irakasle-kidegoen zerrenda indardunetan dauden izangaiek prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa daukatela frogatzeko. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eskatzen du, behar adinako emariarekin eta tamainarekin, eta lehenengo fasea eta horren handitzea garatu izan diren baldintza beretan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da txirrindulariek gehien erabilitako ibilbideei buruzko azterlan bat, istripu-tasaren azterketa bat jasoko duena, egin dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Osasun Departamentua premiatzen da gaueko txandako langileen lan-baldintzak aldatzeko negoziazioa has dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Ekonomia Zirkularraren oinarrizko pintzipioak aplikatuko dituen araudia idatz dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin hitzarmen bat sina dezan, helburu izanen duena egin beharreko obrak egitea Mediterraneotik Kantauri itsasorainoko trenbide-korridorearen Nafarroako tartean, nazioarteko estandarrekin, nazioarteko zabaleradun bide bikoitzarekin eta bidaiari nahiz salgaietarako erabiliko dena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak agintari eskudunei eskatzen die estatuko nahiz nazioarteko legedia indarduna kontuan har dezaten gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzeari begira hartu beharreko erabakiak hartzean. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da neurriak ezar ditzan lehorteak nekazarientzat dituen ondorioak arintzeko. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaaren agerraldia, berak eskatuta, Nafarroako Jauregitik ekainaren 3ko manifestazioan parte hartzen ari ziren herritarren irudiak grabatu izana azaltzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak eskatua zuen auzi horri buruzko agerraldi-eskari bat erretiratzea, eta Legebiltzarreko zuzendaritza-organoek jasotzat eman dute bere eskaria.
- Hezkuntzako kontseilariaren agerraldia, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa frogatzeko betekizunaren emaitzari buruz informa dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren agerraldia, azal dezan maiatzaren 26ko 21E/2017 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baita honako diru-laguntza hau: “Laguntzak, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan, 2017an”. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren agerraldia, zenbait enpresak foru erkidegoarekin duten zorrari buruz informa dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.
- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren agerraldia, azal dezan zer zuzemen egin diren Espainiako Gobernuaren aitzinean, foruzainak erretiro aurreratuari begira prestatzen ari den dekretuan sar daitezen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
- Osasuneko kontseilariarena, Nafarroako osasun garraioaren eredu berria azal dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Afapna sindikatuarekin, azal dezan ea zer balorazio egiten duen prestakuntza pedagogiko eta akademikoa frogatu ez duten bitarteko irakasleei moratoria bat ez eskaintzeko erabakiari buruz. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Tuterako Compañía de María ikastetxean onartuak izan ez diren haurren familien ordezkaritza batekin, Arartekoaren txostenari buruzko iritzia eman dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Fontellasko gurasoen ordezkaritza batekin, Tuterako Monte San Julián ikastetxe publikoan lanaldi jarraitua ezartzearen ondorioak azal ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Afapna sindikatuarekin, azal dezan zer balorazio egiten duen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren 1081/2017 Ebazpenari buruz. Ebazpenak ezartzen du bitarteko irakasleek prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa daukatela frogatu behar dutela 2017-2018 ikasturtetik aitzina. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Mugak Zabalduz Karabanaren ordezkari batekin eta Prodein-Melillaren ordezkari José Luis Villenarekin, uztailaren 14an Melillarantz abiatuko den karabana azal eta aurkez dezaten, bai eta Melillan bizi den egoera eta EBren eta Espainiako Estatuaren migrazio eta asilo politiken ondorioak ere. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- FCC SAko Enpresako Batzordeko ordezkaritza batek informa dezan Iruñerriko Mankomunitateko hiri hondakin solidoen bilketa-zerbitzuaren balizko publifikazioa dela-eta une honetan bizi duten egoerari buruz. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
- Bisita, Etxabarriko SAT Lacturale eta Etxarri Aranazko SC Barandalla-Fernandino abeltzaintzako ustiategietara. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.
- Bisita, Murchanteko kontsultategi medikora. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.
- Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen Albaceteko Medikuntza Fakultatera. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:
- Mahaiak, ikusita Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko ikerketa batzordearen ekainaren 14ko erabakia, bere ondorioak aurkezteko epea luza dakion eskatzen duena, 2017ko abenduaren 31ra arte luzatu du epea.
AHOZKO GALDERAK:
- Eskaria, Batzordean izapidetu dadin galdera bat, zeinaren bidez jakin nahi baita ea Hezkuntza Departamentuak Arartekoaren txostena aintzat hartuko duen eta Tuterako Compañía de María ikastetxean ratioak handituko dituen. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Suhiltzaileen azterketa teorikoaren emaitzari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako osasun garraioaren eredu berriari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Cascanteko Santa Vicenta María ikastetxe publikoan eskolatutako Barillasko eta Tulebrasko haurren familiek egindako eskariari Hezkuntza Departamentuak emanen dion konponbideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Tuterako Virgen de la Cabeza ikastetxe publikoan eskolatutako Fontellasko haurren familiek egindako eskariari Hezkuntza Departamentuak emanen dion konponbideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Gazolazko Udalaren 2015eko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.
BESTELAKO GAIAK:
- Parlamentuko Mahaiak erabaki du Eskubide Sozialetako Batzordeari eskatzea hiru ordezkari izenda ditzan Haurren aldeko Nafarroako Aliantzaren jarraipen-batzorderako, Unicefen Nafarroako Komiteak eskatuta.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175. artikuluko 2. eta 3. apartatuak direla-eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak planteatutako 686-2017 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko arazoari buruzkoa.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Kontseiluari eskatzea irizpena eman dezan, ea Espainiako Konstituzioan eta Foruaren Hobetzean jasotzen den udal autonomia muga bat den kontrol parlamentarioari buruzko eskumenen kasuan, eta ea Nafarroako Parlamentuak eskumenik ote duen toki entitateen egintzak ikertu, kontrolatu eta fiskalizatzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak, Óscar Arizcuren Pola jaunak, Luis Casado Oliver jaunak, Alberto Catalán Higueras jaunak, Mónica Doménech Linde andreak, José Javier Esparza Abaurrea jaunak, Begoña Ganuza Bernaola andreak, Carlos García Adanero jaunak, Maribel García Malo andreak, Iñaki Iriarte López jaunak, Ana San Martín Aniz andreak, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak, Sergio Sayas López jaunak, María Carmen Segura Moreno andreak eta Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu dute.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek egindako txostena, Eledunen Batzarrak 2017ko ekainaren 12an eskatuta egina, jakiteko ea Nafarroako Gobernua behartuta dagoen Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 14. artikuluarekin bat foru parlamentariek egindako informazio-eskeei erantzuteko eta ez erantzuteak foru parlamentarien informazio-eskubidea urratzen duen ala ez.
Banku publiko bat sortzeko aukerak aztertzen dituen txostenari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 9an igorri zuen informazioa. “Onena izanen zen –dio txosten juridikoak– martxoaren 7a baino lehen jasotzea erantzuna, hartara Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak ezartzen duen 20 eguneko epea beteko baitzen; edo bestela, epe horren barruan adieraztea, Zuzenbidean oinarritutako arrazoiekin, zerk eragozten zuen hori egitea”.
Nafarroako enpresa-sarea Industria 4.0 izenekoari egokitze aldera Nafarroako Gobernuak hartutako neurriei dagokienez, “inolako erantzunik eman ez izanak –dio txosten juridikoak– urratu egiten du foru parlamentariek informazioa jasotzeko duten eskubidea eta Gobernua kontrolatzeko duten ahalmena, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak, Konstituzioak eta gainerako antolamendu juridikoak bermatzen duten moduan”.
“Informazioa jasotzeko eskubideak –ondorioztatzen du txosten juridikoak– badu elementu objektibo bat: ”datuak, txostenak edo dokumentu administratiboak”; hortaz, euskarri material batean jasotako informazioaz ari gara, zeina eskaria jaso duen Administrazio Publikoaren esku baitago, baita eskaria egin aurretik ere. Eta eskubideak ez du etorkizuneko edo egiteke dauden dokumentuen gaineko eraginik, ez eta txostenak egiteko gurarien gainekorik edo dokumentuak nahiz txostenak egin ahala helarazi behar izatearen gainekorik ere; ez eta, oro har, Administrazioaren esku ez dauden dokumentuen gainekorik ere... Erregelamenduak beste bide batzuk gaitzen ditu Gobernuaren informazioa jasotzeari begira; esate baterako, galderak edo Gobernuko kideen agerraldi-eskariak... Nafarroako Gobernuari ezerk ere ez dio galarazten erregelamendu bidez ezarritako epean erantzutea, informazioa ukatzeko arrazoi gisa zuzenbidean oinarritutako arrazoi hau ala beste bat emanez. Alabaina, inolako erantzunik ez emateak urratu egiten du foru parlamentariek informazioa jasotzeko duten eskubidea eta Gobernua kontrolatzeko duten ahalmena, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak, Konstituzioak eta gainerako antolamendu juridikoak bermatzen duten moduan”.
(Honekin batera, txosten juridikoa).
- Adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Hezkuntza Sozialari.
Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten baitio Hezkuntza Sozialari. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Hezkuntza Sozialari, herritarren beharrizanei eta eskariei erantzuten dien lanbidea baita eta hezkuntzaren bidez aldaketa sozialak eragiten baititu.
2. Osasun Ministerioa eta Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuak premiatzen ditu Hezkuntza Sozialaren lanbidea arautzeko lege bat taxutu dezaten.
3. Erabaki hauek Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialari helaraztea”.
- Adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du ETAk orain dela 30 urte Hipercorren eragindako sarraskia.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baitu ETAk orain dela 30 urte Hipercorren eragindako sarraskia. PPNk aurkeztu du.
UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa, berriz, abstenitu egin da.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du ETAk orain dela 30 urte eragindako Hipercorreko sarraskia, zeinean 21 pertsona hil baitzituen (horietako 4, adingabeak) eta 45 pertsona zauritu.
2. Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da ETAren terrorismoaren biktimen memoria bizirik iraunaraztea eta horien memoriaren, duintasunaren eta justiziaren alde lan egitea”.
- Adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bizikidetasunarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko bere konpromiso irmoa adierazten du, eta Altsasuko gazteen kasuaren inguruko gertakarien bilakaerarekin kezkatuta dagoela adierazten du.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bizikidetasunarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarerekiko bere konpromiso irmoa adierazten baitu, eta Altsasuko gazteen kasuaren inguruko gertakarien bilakaerarekin kezkatuta dagoela adierazten baitu. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.
Adierazpenaren lehenengo puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoarekin onetsi da, eta UPNk, berriz, aurkako botoa eman du. 2. puntutik 6. punturaino bitartekoak Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoarekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoarekin onetsi dira.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bizikidetasunarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko bere konpromiso irmoa adierazten du, zuzenbideko estatu demokratiko baten berezko printzipioak diren aldetik.
2. Nafarroako Parlamentuak bere egiten ditu Nafarroako Probintzia Auzitegiak emandako zioak: ez dago gertakariak terrorismo gisa kalifikatzeko zantzurik; hortaz, iragan urriaren 15ean Altsasun gertatutakoaren izapideak egiteko eta epaitzeko eskumena Iruñeko epaitegiena izan beharko litzateke.
3.- Nafarroako Parlamentua kezkatuta dago Altsasuko gazteen kasuaren inguruko gertaeren bilakaera eta auzi horren proportzio eza direla-eta. Hartara, dei egiten die inplikatuta dauden erakunde guztiei, une honetan espetxean dauden hiru gazteen behin-behineko espetxealdi, isolamendu eta banantze neurriak baliogabetu daitezen.
4. Nafarroako Parlamentuak Parlamentuko lehendakariari agintzen dio egin beharreko zuzemenak egin ditzan, kasu hau dela-eta espetxeratuta dauden gazteak nola eta zer egoeratan dauden jakiteko, hirugarren puntuan adierazitakoa bermatze aldera.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio egin beharreko zuzemenak egin ditzan, arestiko puntuan adierazitako helburu berarekin.
6. Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional hau igorriko die Estatuko autonomia erkidegoetako parlamentu eta legebiltzarrei eta foru lurraldeetako batzar nagusiei, eta adierazpen honekiko atxikimendua eskatzen die”.
- Adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Kontuen Ganbera.
Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Kontuen Ganbera. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Kontuen Ganbera, Nafarroako herritarrek berezkoa sentitzen baitute ehunka urte dituen erakunde hori, kontu eta kudeaketa publikoa kontrolatzeko erakundeen sorrerari begira erreferentea dena.
2. Nafarroako Parlamentuak espresuki aitortzen du Nafarroako Kontuen Ganberak egindako lana, herritarrei kontrol politikoa eta segurtasun juridikoa eskaintzeko balio izan duena.
3. Nafarroako Parlamentuak errespeturik erabatekoena adierazten die haren lanari eta jarduketei”.
Archivos adjuntos