Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Apirilak 27

2018ko apirilaren 27ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, 2018KO APIRILAK 27, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, apirilak 27–, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Izapidetzeko onartu da Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa seme-alabatasunari dagokionez aldatzeko Foru Lege proposamena. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute. Irakurketa bakar eta urgentziazko prozedura.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak garapenerako laguntza ofiziala gehitu dezala harik eta 2020an Errenta Nazional Gordinaren ehuneko 0,40raino iritsi arte. Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk,PSNk eta I-Ek adierazpena aldeko botoa eman dute; PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak berrekin diezaiola solidaritatearekiko bere konpromisoari eta garapenerako laguntza ofiziala gehitu dezala harik eta 2020an Errenta Nazional Gordinaren ehuneko 0,40raino iritsi arte. Laguntza hori funtsezkoa da giza eskubideak sustatzeko eta mundu osoan garapen jasangarria lortzeko.

Gainera, oinarrizko hezkuntzara bideratutako laguntza gutxienez ere % 4 igo beharra dago, etorkizunean igoera hori % 6rainokoa izateko asmoarekin. Denentzako oinarrizko hezkuntzarik gabe, ezin da garapenik egon.

 

- Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela hezkuntza arloko inbertsioa BPGaren % 5eraino igotzea Espainian, Nafarroan eta mundu osoan, arian-arian BPGaren % 7raino igotzen joateko, hori baita helburua.

 

- Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela gobernuek larrialdi-egoeran bizi diren pertsonekiko konpromisoa areagotu dezaten; bereziki, krisi humanitarioa dela-eta hezkuntzarako eskubiderik gozatzen ez duten haurrekikoa.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Espainiako Gobernuak errefuxiatuei harrera emate aldera hartutako bere konpromisoak betetzea eta, bereziki, errefuxiatu ahulenak –haurrak, kasu– babesteko lan egitea, haien hezkuntzarako eskubidea bermatuz.

- Nafarroako Parlamentuak bakearen, indarkeriarik ezaren, tolerantziaren eta aniztasunaren kultura sustatzearekiko konpromisoa adierazten du, Garapen Jasangarriaren 4. Helburuaren 7. xedearekin bat.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak lanean jarrai dezan eskola-bizikidetasuna sustatzen eta hezkuntza-erkidegoetako gatazkak modu baketsuan sustatzeko neurriak hartzen.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak bat egin dezan 2030eko Agendaren helburuak betetzeko eta garatzeko konpromisoekin. Eta 2019an bete dezan Garapenerako Laguntza Ofizialaren % 5era iristeko programa-akordioa, eta apustu egin dezan erabakitasunez Nafarroako lankidetzarako inbertsioa % 0,7ra itzul dadin”

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere desadostasunik handiena adierazten du 2016ko uztailaren 7ko talde-bortxaketaren epaiketako sententzia dela eta. UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionala aho batez onetsi da, nahiz eta PPNk idazki bat aurkeztu duen, non adierazten baitu “uste irmoa duela botere banaketan eta independentzia judizialean; hori dela eta, uste dugu Parlamentu honek ez duela eskurik sartu behar erabaki judizialetan, eta, horrenbestez, ez duela horiei buruzko adierazpen instituzionalik egin behar”; halaber, adierazi du “ez duela parte hartuko bozketa horietan, hasita apirilaren 27an Mahaiari eta Eledunen Batzarrari aurkeztu zaion adierazpen-proposamenaren 2. eta 3. puntuen bozketatik”.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa, bere txera eta bere elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimari eta haren gertukoei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, errespeturik handienarekin bada ere, epaiarekiko desadostasunik handiena adierazi nahi du; bereziki, Gobernuaren Zerbitzu Juridikoek adierazitakoarekin bat, gertakariak sexu-abusu jarraituko delitu gisa kalifikatu izanarekikoa. Hartara, babestu egiten du Nafarroako Gobernuak, Zerbitzu Juridikoek gomendatutakoari jarraikiz, epaiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko erabakia hartu izana.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ulertu egiten du herritarrek epaia etsipenez hartu izana, eta bat egiten du geure egiten ez dugun epai honen aurkako herri-aldarriarekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak aldarrikatu egin nahi du emakume orok duela erabateko askatasuna izateko eskubidea, eta Nafarroak ez duela ez emakumearen aurkako inolako sexu-erasorik ez bestelako inolako erasorik ere onartzen.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egin nahi du elkarte-egiturarekin, talde feministekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan lan egiten jarraitzeko konpromisoa, berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen defentsan, emakumeek pairatzen dituzten desberdinkeriak eta indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko”.