Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 12

2018ko otsailaren 12ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, OTSAILAK 12, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, otsailak 12–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina hein batean aldatzen duen maiatzaren 9ko 6/2017 Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

Foru lege proposamena Osoko Bilkuran irakurketa bakarraren prozeduraren bidez tramitatuko da. Presako prozeduraz tramitatzea ezetsi da Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren kontrako botoekin; Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularra aldeko botoa eman dute.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ahal diren neurri guztiak ezar ditzan Belateko eta Almandozko tuneletan egitekoak diren obrek ukitzen dituzten bizilagun eta erabiltzaileei eraginen zaien kaltea gutxitzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

-Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da AP-15 autobidearen doakotasunari buruzko erabaki proposamenak bete ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da English Week murgiltze-programan behar adina ikaspostu eskain ditzan, parte hartu nahi duten ikasle guztiek parte hartu ahal dezaten. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuarekin koordina dezan Lizarrako hirian turismoko paradore nazional bat egiteko proiektuaren berrebaluazioa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da soldata-berdintasunerako lege bat onets dezan. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “English Week” murgiltze-programako ikaspostu-kopurua handitu dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da atzerrian espetxeratuta egon eta premia bereziko egoeran dauden preso nafarrentzako laguntza indar dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da erizaintzako gradua euskaraz eskain dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Erretiratzea Eskubide Sozialetako kontseilariak egin beharreko agerraldia, azter eta balora zitzan errenta bermatuaren aplikazioaren lehenengo urtea eta haren balizko dei-efektua. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, Nafarroako Ubidea handitzeko obrei buruz informatzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, azal dezan Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakia, zeinaren bidez onesten baitira Klima-aldaketa dela-eta Nafarroak edukiko duen ibilbide-orria eta hartatik eratorriko diren ekintzak. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko buruak informa dezaten Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Iruñeko Udalaren laborategiak bateratzeko prozesuaren egungo egoerari buruz. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, azal ditzan aireko osasun garraioaren zerbitzua ezin kontratatu izanaren arrazoiak eta kontratu horren faltan aurreikusi diren konponbideak. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- UNICEFen Nafarroako koordinakundeak "Haurrak eta Espainiako eten digitala” azterlana aurkez dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Amnesty Internationalen ordezkariek beren urteko txostena aurkez dezaten eta Altsasuko kasuari buruz egiten duten balorazioa azal dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Zabaldi-Elkartasuna Etxea elkarteak azal dezan Afrinen (Siria iparraldeko erregio kurdua) herritar kurduek bizi duten egoera, Turkiak erregio horren aurka egin duen ofentsiba militarraren ondoren. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bisita, Nafarroako Liburutegi Nagusira. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Landa-eremuan suizidioak prebenitzeko jarduketa-ildoei buruzko galderari erantzunen dion kontseilaria aldatzea. Podemos-Ahal Dugu parlamentu taldeko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Ikasleak beren familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean biltzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Esako presaren eskuinaldeko estribuko mazelako urbanizazioak eraisteko eta mazela hori egokitzeko obrak kontratatzeko Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak onetsi duen Ebazpenari buruzko galdera berriro aurkeztuko da. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko David Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren betetze-mailari buruzko galdera berriro aurkeztuko da. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Onetsitako erabaki bat betetzeko 2017/18 ikasturterako araudiak aldatze aldera eta jarduketa-kronograma ezartze aldera Hezkuntza Departamentuak dauzkan aurreikuspenei buruz. Erabaki horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako mailetako curriculumari buruzko dekretuak eta lanaldiei eta ordutegiei buruzko dekretuak alda ditzan, erlijio ikasketen ikastordu zama murrizte aldera. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Familia gurasobakarrentzako laguntzak” izeneko partidarekin egindako jarduerei, programei edo proiektuei eta 2018ko aurrekontuarekin eginen direnei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak aurrera eraman dituen ekimenei buruz programa-akordioko 7. puntuan aipatzen den honako konpromiso hau betetzeko: “Kulturgileek berek kudeatzen dituzten guneak sustatzea eta horretarako bide ematea, eta zentro soziokultural guztiak parte-hartzearen bidez kudeatzea”. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

- Jakiteko zer arrazoi dauden Gobernuak une honetan ez edukitzeko osasun garraiorako helikoptero-zerbitzua. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Gure lan-merkatuan generoko desberdintasunei aurre egiteko eta haiei konponbidea emateko Nafarroako Gobernuak planteatuta dauzkan legegintzako neurri integralei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko departamentuetako atalburu eta bulegoburu lanpostuen lehiaketarako deialdiari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Jakiteko zein eragin izan dezakeen Europako Banku Zentralak interes tasak igotzeak legegintzaldi honetan zehar egindako zor-jaulkipenetan eta mailegu-kontratazioetan eta Nafarroak aurre egin behar dion 240 milioi euroko amortizazioan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Esako presa handitzeko proiektuaren segurtasunari buruzko irizpen bat emateko aditu independenteen taldearen osaketari buruzkoa eta irizpena emateko epeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.

- Master pedagogikoa eta didaktikoa edo antzeko ziurtagiria ez duten irakasle kontratatuei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako Campusa dela-eta Tuterako Udalak egin duen txostenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Urruneko Hizkuntza Eskola Ofiziala (NUHEO) lekuz aldatzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Eskola-aurreinskripzioa egiteko epean ikastetxe publikoei buruz egin ohi den kanpainari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Haurdunaldiaren borondatezko etendurari (HBE) buruzkoa, Nafarroan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko foru parlamentari María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Iruñeko Epaitegiko togen aretoko espazioa murriztu ondoren Gobernuak abokatuei emanen dien konponbideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Euskararen lege berri baterantz aurrera egiteko Nafarroako Kontseiluaren barruko lantaldeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Lege proiektuak ordenamendu juridikoa betetzeari buruzko irizpena egin ahal izateko beharrezkoa den dokumentazio gehigarria; hain zuzen, Nafarroako Kontseiluak eskatutakoa.

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du heldu den otsailaren 26ko 12:00ak arte luzatzea Euskararen Nafar Kontseiluko kideak hautatzeko epea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Vianan egitea 2018ko otsailaren 26ko bilkura.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzesten baitu ETA banda terroristak enpresaburuei, arduradun nagusiei eta profesional liberalei berrogei urtez eginiko xantaia eta estortsioa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenaren alde bozkatu dute UPN, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak, Nafarroako Alderdi Popularrak eta Izquierda-Ezkerrak; EH Bildu Nafarroa abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du ETA banda terroristak enpresaburuei, arduradun nagusiei eta profesional liberalei berrogei urtez eginiko xantaia eta estortsioa eta aitortzen du haiek eta beren familiek jasandako mina.

 

- Nafarroako Parlamentuak bidezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak ETA banda terroristak estortsioa eginiko enpresaburuen omenezko ekitaldi bat egitea, eta bertan parte hartzeko borondatea agertzen du”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen baitu ETAk bortxaz lekualdatuen eta terrorismoaren biktimen omenezko ekitaldi bat egiteko. PPN foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpena UPN, Podemos Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da; Geroa Baik eta EH Bildu Nafarroak aurkako botoa eman dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

- “Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ETAk bortxaz lekualdatuen eta terrorismoaren biktimen omenezko ekitaldi bat egiteko”.

 

PPNk aurkeztutako adierazpen-proposamenak baztertu egin den lehen puntu bat zeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, UPNk, PSNk eta PPNk. Hona puntu horren testua: “Nafarroako Parlamentuak berresten du 2015eko martxoko adierazpen instituzionala eta otsailaren 11 deklaratzen du ETAk bortxaz lekualdatuen oroitzapen eguna”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamena, Nafarroa Euskal Herriko Autonomia Estatutuan sartzekoa. PPNk aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk eta PPNk aldeko botoa eman dute eta PSN, berriz, abstenitu egin da.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak eginiko proposamenak, Nafarroa Euskal Herriko Autonomia Estatutuan sartzekoak.

 

Nafarroako Parlamentuak Euzko Alderdi Jeltzaleari exigitzen dio proposamen horiek berehala erretiratzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak eskatzen dio Nafarroako lehendakariari halakotzat jardun dezan eta Euzko Alderdi Jeltzaleari exiji diezaion proposamen horiek erretiratzeko, Foru Komunitateko errealitatean eginiko esku-sartzea baitira”.

 

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak exigitzen baitu Nafarroaren errealitate instituzionala errespeta dadin, UPN talde parlamentarioak aurkeztua. Aurkako boza eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek, eta aldekoa, berriz, UPNk, PSNk eta PPNk.

 

Baztertutako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak exigitzen du Nafarroaren errealitate instituzionala errespeta dadila.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du euskararen erabilera nortasun nazional bereizia sortzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du emakumeen karrera zientifikoaren garapenean oztopoak identifikatzeko azterlanak edo ikerketak sustatzea eta finantzatzea babesten duela. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten du, honako hauetarako:

 

1- Emakumeen karrera zientifikoaren garapenean oztopoak eta abandonuaren arrazoiak identifikatzeko eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzeko azterlanak edo ikerketak sustatzea eta finantzatzea.

 

2. Genero ikuspegia sartzea Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zientzien arloko irakasgaietan eta gaitegiak berrikustea eta emakume zientifikoen erreferenteak jasotzea alor desberdinetan.

 

3. Parekidetasuna hobetzea Nafarroako Gobernuak deialdi desberdinen bidez finantzaturiko ikerketa proiektuetako ikertzaile nagusiei dagokienez".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Haur Minbizidunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Haur Minbizidunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, zeina aurten “Behar baino lehen hazi, inoiz ez” lelopean ospatzen baita.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak errekonozimendua eta babes osoa adierazten die bai erakunde publikoek bai haur minbizidunen gurasoen elkarteek eta osasun alorreko profesionalek aurrera eramandako ekimenei.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela teknika onenak, teknologia berriena eta profesional onenak eskura izatea minbiziaren prebentziorako, diagnosirako, tratamendurako eta haur eta nerabe minbizidunen jarraipenerako haien gaixotasunaren prozesu osoan, bai eta gaixotasunetik eratorritako ondorioen tratamendurako.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du babesten duela Nafarroako erakundeen parte-hartzea estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeek sustaturiko haurrentzako plan onkologikoetan”.