2019ko ekainaren 25eko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTEARTEA, EKAINAK 25, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –asteartea, ekainak 25–, 10:30ean, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
- Mahaiak eratutzat eman ditu ondoko talde parlamentarioak: Navarra Suma (NA+), Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, eta Askotariko talde parlamentarioa, zeinetan baitaude Ahal Duguko bi parlamentariak eta I-Eko parlamentaria.
Navarra Suma (NA+) talde parlamentarioak Javier Esparza jauna izendatu du eledun, Carlos Pérez Nievas jauna lehen eledun-ondoko eta José Suárez Benito bigarren eledun-ondoko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak María Chivite andrea izendatu du eledun, Ramón Alzórriz lehen eledun-ondoko eta Carlos Gimeno bigarren eledun-ondoko. Geroa Bai talde parlamentarioak Uxue Barkos andrea izendatu du eledun eta taldeko gainerako kideak ordezko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Bakartxo Ruiz andrea izendatu du eledun eta gainerako kideak ordezko.
- Mahairen hurrengo bilkura baterako utzi da Askotariko talde parlamentarioko kide Aznárez Igarza andreak eta Buil García jaunak aurkezturiko eskaria, Nafarroako Ahal Dugu talde parlamentarioa eratzekoa. Eledunen Batzarrak eskari horri buruzko txosten juridikoa eskatu die Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, Navarra Suma (NA+) eta EH Bildu Nafarroaren aldeko botoekin eta PSN eta Geroa Bairen aurkako botoekin.
- Mahaiaren hurrengo bilkura baterako utzi da De Simón andrearen eskaria, Askotariko taldean sartu eta taldeari izena aldatzekoa (Askotariko taldea-Izquierda- Ezkerra). Eledunen Batzarrak eskari horri buruzko txosten juridikoa eskatu die Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, Navarra Suma (NA+) eta EH Bildu Nafarroaren aldeko botoekin eta PSN eta Geroa Bairen aurkako botoekin.
- Mahaiaren hurrengo bilkura baterako utzi da talde parlamentarioek Osoko bilkuren aretoan beteko dituzten eserlekuen banaketa.
- Mahaiaren hurrengo bilkura baterako utzi da Legebiltzarraren egoitzako bulegoak eta aparkalekuak talde parlamentarioen artean banatzea.
- Eledunen Batzarrak erabaki du txosten juridiko bat eskatzea Nafarroako Parlamentuko Mahaiko kideen kopurua handitzearen bideragarritasun juridikoari eta horretarako dauden aukera desberdinei buruz, PSN talde parlamentarioak eskatuta. Halaber, aldaketak ekarriko lituzkeen ondorio ekonomikoen berri emanen da.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Senatuak igorritako jakinarazpena, Villanueva Ruiz andreak Nafarroako Parlamentuak izendatutako senatari karguari uko egiteari buruzkoa.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute uztaila jarduera parlamentariorako hilabete baliodun gisa ezartzea, sanferminetako egunak izan ezik.
- Mahaiak erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea 2019ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion funtsak.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.
Talde parlamentario guztiek adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute, seigarren puntuan izan ezik, Navarra Suma (NA+) taldeak aurkako botoa eman baitu.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du aurten ere LGTB+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta elkarretaratzea eginen du 12:00etan Legebiltzarraren atarian.
2.- Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du ikusteko moduko leku batean, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ PERTSONEN BERDINTASUN SOZIALARI BURUZKO EKAINAREN 19KO 8/2017 FORU LEGEAN EZARTZEN DENEZ.
3.- Eratu berri den Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da lan egiten jarraitzea erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren eta sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta ez diskriminatzearen aldeko borrokan; hartara, diskriminazio-egoera horiek borrokatzera bideratutako beharrezkoak diren ekintzak bultzatzen, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legea betetzen dela zorrotz begiratzen eta, bere eskumenekin bat, legea egoki garatzeko beharrezkoak diren baliabideak bermatzen jarraituko du.
4.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da pertsona guztiek, alde batera utzita beren adina, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, bermatuta izatea bizitza oso eta askea izateko eskubidea eta, halaber, gizarteak aukera izatea adinekoenen ekarpenen onurak jasotzeko. Horretarako, beharrezkoa da adina, sexu-orientazioa edo genero-identitategatiko diskriminazio ororen aurka borroka egitea eta osasunerako eta ongizate fisiko, mental eta emozionalerako lagungarriak izanen diren zerbitzu publikoak sendotzea. Erakundeen eginkizuna da adineko pertsona guztiak zaintzea eta zenbait taldek, hala nola adineko LBTG+ pertsonek bizi dituzten egoera bereziak konpentsatzeko politikak ezartzea.
5.- Nafarroako Parlamentuak LGTB + pertsonak eta LGTBI+ mugimendua babestuko ditu urratsak egite aldera politika, zientzia, hezkuntza, enpresa eta kirol arloan ikusgarritasun osoa lortzeko bidean, halako moduz non gizartearen esparru bakoitzean errealitatea ikusgarri den eta LGTB + gazteei erreferenteak eskaini ahal zaizkien.
6.- Horrekin lotuta, Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela SKOLAE programa diru publikoz lagundutako ikastetxe guztietan ezartzea eta deitoratzen du zenbait sektore kontserbadoretatik programa horren eta, oro har, hezkidetzaren aurka egiten ari den kanpaina mediatiko eta judiziala.
7.- Nafarroako Parlamentuak berresten du giza eskubideekiko konpromisoa eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzea lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure hiriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen, 8/2017 Foru Legean jasotzen den moduan.
8.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du sexu-bestelakotasunean oinarritutako gorroto delitu oro eta bere elkartasuna adierazi nahi die gure erkidegoan nahiz gure erkidegotik kanpo beren sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta erasorik, mespretxurik edo diskriminaziorik pairatu duten pertsona guztiei; bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan. Halaber, arbuiatu egiten du egiazko berdintasunaren aurka doan ekintza sozial eta politiko oro.
9.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela LGTB + politikak Nafarroa osoan sendotzea Kattalingune zerbitzua errotuz eta zabalduz, beste eginkizun batzuen artean zenbait LGTB+ talderen errealitateari eta beharrizanei buruzko diagnosiak egiteko, arreta berezia jarrita landa eremuetan”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak indarkeria sexistarik gabeko jaien aldeko apustua egiten du. Navarra Suma (NA+) talde parlamentarioak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak indarkeria sexistarik, sexu-erasorik eta jaiguneetan emakumeekiko jazarpenik gabeko jaien aldeko apustua egiten du.
2.- Nafarroako Parlamentuak herritarrak gonbidatzen ditu jaiak berdintasunean bizi eta gozatzera, halako moduz non emakumeek eta gizonek baldintza berdinetan goza ahal izan ditzaten, eta ez onartzera, modu aktibo edo pasiboan, inolako portaera sexistarik”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gorroto gunerik gabeko jaien aldeko apustua egiten du. Navarra Suma (NA+) talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpenaren alde bozkatu dute Navarra Sumak (NA+) eta PSNk. EH Bildu Nafarroak aurka bozkatu du eta Geroa Baik lehen puntuaren alde eta bigarren eta hirugarren puntuen aurka bozkatu du.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du jai guneen erabilera bertan gorroto adierazpenak sustatzeko, hala nola espetxetik ateratako terroristei eginiko omenaldiak, erailketen biktimentzat iraina eta bazterkeria baitakartzate.
2.- Nafarroako Parlamentuak gorrotorik gabeko jaien aldeko apustua egiten du, non ez baitago tokirik “presoen aldeko brindisak” bezalako ekitaldiak egiteko, ez eta terrorismoagatik zigortutako pertsonak jai guneko toki nabarmenduetan erakustea bezalako adierazpenetarako.
3.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren ekintzak egiteko “Ospa Eguna” bezalako ekitaldiak desagerrarazteko, praktikan halakoen xedea baita Nafarroan jarduten duten segurtasuneko kidego eta indarretako kideen kontrako gorrotoa eta bazterkeria sustatzea”.