Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Azaroak 15

2019ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldi-programa aurkeztu du Parlamentuak

Lehenengo udal eta foru hauteskundeen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat, aro modernoan Nafarroako Gorteei buruzko jardunaldi bat eta Euskaltzaindiari saria emateko ekitaldia, beste jarduera batzuen artean

Abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldi-programa aurkeztu du gaur Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak.

 

Antolatutako programari datorren azaroaren 22an emanen zaio hasiera, Nafarroako Gorteak Aro Modernoan jardunaldiarekin. Abenduaren 2an Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuaren domina jasoko du, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du. Abenduaren 4an, lehenengo udal eta foru hauteskundeen 40. urteurrena dela eta atzera begirako erakusketa bat inauguratuko da, eta urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzional bat eginen da. Horrez gain, abenduaren 2an eta 3an ate irekien jardunaldiak eginen dira.

 

Nafarroako Gorteei buruzko jardunaldia

 

Nafarroako Egunaren harira ospatuko den ekitaldi-programa azaroaren 22an hasiko da Nafarroako Gorteak Aro Modernoan izeneko jardunaldiarekin, NUPeko Investigación I-Communitas-Institute for Advances Social Research Ikerketa Institutuarekin batera antolatuta. 15 ponentzia izanen dira.

 

Unai Hualde Lehendakariak jardunaldiari hasiera eman ostean (9:30), hurrengo hizlariek parte hartuko dute: Alfredo Floristán (Alcaláko Unibertsitatea), Gregorio Monreal (NUP), Roldán Jimeno (NUP), Jorge Urdánoz (NUP), Mercedes Galán (NUP), Álvaro Adot (Velázquezen Etxea) eta Bertrand Augé (ESCPAU Business School).

 

Arratsaldeko saioan (15:00) parte hartuko duten hizlariak dira: Pilar Arregui (Nafarroako Unibertsitatea), Luis Javier Fortún (Nafarroako Parlamentua), Amaia Álvarez (NUP), Mikel Lizarraga (NUP), Juan Cruz Alli (NUP), Nere Jone Intxaustegi (NUP), Ignacio Panizo (Liburutegi Nazionala), eta Fernando Mikelarena (Zaragozako Unibertsitatea).

 

Parlamentuaren domina Euskaltzaindiari

 

Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldi-programari abenduaren 2an emanen zaio jarraipena. Nafarroako Parlamentuaren Domina Euskaltzaindiari emateko ekitaldi bat eginen da, Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzen duen honetan. Osoko Bilkuren aretoan eginen da 11:00ean eta Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak parte hartuko dute.

 

Arratsaldean (19:00) Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du.

 

 

Lehenengo udal eta foru hauteskundeen 40. urteurrena

 

Nafarroaren eguna ospatzeko ekitaldi-programa abenduaren 4an amaituko da, Nafarroako Lehenengo Udal eta Foru Hauteskundeen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalarekin.

 

Osoko Bilkuren aretoan ospatuko da 18:00ean, Parlamentuko Mahaiko kideak mahaiburu izanen dira eta gonbidatuta daude legegintzaldi guztietako parlamentarioak, Foru senatariak, Kontuen ganberako lehendakariak eta historian zehar Parlamentuak izendatutako Arartekoak, Nafarroako Gobernuko kideak, Merindadeetako alkateak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakaria.

 

Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak eta María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak parte hartuko dute ekitaldian.

 

Goiz horretan (11:00) Nafarroako Parlamentuaren berrogei urteak biltzen dituen atzera begirako erakusketa inauguratuko da. Duela bi urte, Nafarroako Egunaren karietara egindako erakusketa ibiltariaren jarraipena da. Oraingoan lekua egiten zaie lehenengo Legebiltzarra (1979) osatu zuten 70 emakume eta gizonei, frankismoaren ondorengo parlamentarismo demokratikoari jatorria eman ziotenak.

 

Atea irekien jardunaldiak

 

Abenduaren 2 eta 3an Nafarroako Parlamentuak herritarrei ateak irekiko dizkie berriz ere.

 

Nafarroako Legebiltzarraren egoitza ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen diren herritarrek, Osoko Bilkuren aretoa, Batzordeetarako aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, Ataria eta Erakunde aretoa.

 

Parlamentu jarduera non gauzatzen den ikusi ahal izango dute bisitariek, legeak non onesten diren eta Nafarroako Gobernuaren kontrola nondik egiten den. Azken finean, Legebiltzar nafarraren eginkizunei buruzko informazio eta azalpenak jasoko dituzte, bere antolakuntza eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuaren bilduma artistikoa ere ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

 

Bisitak abenduaren 2an goiz eta arratsaldez izanen dira eta abenduaren 3an goizez. Bisita egiteko eskaera doakoa da eta 948209209 telefonoaren bidez egin daiteke 9etatik 15etara.