Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Otsailak 11

2019ko otsailaren 11ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, OTSAILAK 11, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, otsailak 11–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Ebazpenaren zain geratu da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektuari atxiki beharreko memoria ekonomikoa igortzeko eskaria. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Ana San Martín Aniz andreak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontseiluari eskatzea presako irizpena eman dezan, ea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektuaren edukia legeria indardunaren araberakoa den. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak eta Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Foru Berria aldatzen eta gaurkotzen duena.

Ebazpenaren zain geratu da, zehaztasun handiagoa izan arte, Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztutako eskaria, Nafarroako Kontseiluak Foru Berria gaurkotzeari buruzko proiektuaren gaineko irizpena ematekoa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena erretiratzea. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duena. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

MOZIOAK:

- Honako mozio hau erretiratzea: Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Kontratazio-ataritik erretira dezan NEKParen iragarkia, aldi baterako kontratazio-zerbitzuaren kontratazioa Aldi Baterako Laneko Enpresa bidez egitekoa, Nafarroako Parlamentuak lan-istripuen kopuruari buruz onetsitako adierazpen instituzionala bete dezan eta deialdi publiko bidez egin dezan langileen aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan aintzat hartzeko genero-indarkeria pairatzen duten edo hura jasateko arriskuan dauden emakumeentzako txakur bizkartzainen laguntza. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Urari buruzko Esparru Zuzentaraua aldeztu eta defenda dezan. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da substantzia lehenetsien eta lehenetsi arriskutsuen zerrenda sar dezan Gizakien kontsumorako uraren kalitaterako osasun-irizpideak ezartzen dituen 140/2003 Errege Dekretuari buruzko legeria autonomikoaren garapenean. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako erakunde nagusiek omenaldia egin diezaieten, Errepublikako erbesteratzearen 80. urteurrenaren karietara, erbestera jo behar izan zuten gure erkidegoko milaka pertsonei. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketaren nahiz Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren aurkako bere jarrera defenda dezan Estatuko Gobernuaren aitzinean, eta horiek indargabetzea exijitzen du. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Kataluniako Gobernuarekiko negoziazioa amaitutzat eman dezan, nazioaren subiranotasunaren banaketa bilatzen baitu. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledun Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren idazkia, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko zuzendariak egin beharreko agerraldiari buruzkoa, zeinaren helburua baita azaltzea ea zerk justifikatzen duen Kontu-hartze Orokorraren etendura-eragozpena, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioaren sorrera onesten duen Gobernuaren akordio-proposamena fiskalizatu ostean. Idazki horretan jakinarazten da etendura-eragozpena justifikatzen duten arrazoiak bere osotasunean azaltzen direla bere garaian egindako fiskalizazio txostenean, eta ez dagoela ezer gehitzekorik txosten horretan adierazitako iritzi teknikoari. Zuzendaritza-organoek erabaki dute heldu den otsailaren 15erako, ostirala, aurreikusitako agerraldirako deialdia mantentzea.

- Osasuneko kontseilariarena, larrialdietako garraioaren lehiaketan jarraitutako prozesuari buruz informa dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, maisu-maistren lan-eskaintza publikoari buruzko urtarrilaren 22ko 260/2019 Ebazpenari buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, osasun-garraioan sortzen ari den kaosari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, Gendulaingo Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruzko epaia, hortik heldu diren betebeharrak eta Departamentuak eginen dituen urratsak azal ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Nafarroako ondarearen defentsarako plataformarekin, 1.431 immatrikulazio berriei buruz eta horiek direla-eta egiten dituen proposamenei buruz informa dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Espainiako Nefrologia Elkartearen eta Alcer elkartearen ordezkariekin, Giltzurrunaren Nazioarteko Egunari buruz informa dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Navarpluma SL enpresako langileen legezko ordezkaritzarekin, enpresa horretako lan-gatazkako egoerari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- CERMINen ordezkariekin, ortoprotesien katalogoa aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Médicos del Mundo eta Medicus Mundi elkarteen ordezkariekin, Osasuna garapenerako lankidetzan eta laguntza humanitarioan, 2018an izeneko txostena aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren artean zerbitzuak eta lanak kanpoan nahiz barruan kontratatzeko prozesuetan jarraitu beharreko zuzenbidezko prozedurak aztertzeko ponentziako kideen izendapena. Honakoak izanen dira: UPNko Sergio Sayas (ordezkoa, Francisco Irízar), Geroa Baiko Patxi Leuza Garcia (ordezkoa, Unai Hualde Iglesias), EH Bildu Nafarroako Adolfo Araiz Flamarique (ordezkoa, Arantxa lzurdiaga Osinaga), Podemos-Ahal Dugu-Orain Baiko Carlos Couso Chamarro (ordezkoa, Rubén Velasco Fraile), PSNko Inma Jurío Macaya (ordezkoa, María Chivite Navascués), PPNko Ana Beltrán Villalba (ordezkoa, Javier García Jiménez), eta I-Eko Marisa de Simón Caballero (ordezkoa, José Miguel Nuin Moreno).

Ponentzia eratzeko bilkura otsailaren 20an izanen da, 9:15ean.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Tokiko poliziak Foruzaingoan sartzea arautuko duen erregelamenduari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Rubén Velasco Fraile jaunak aurkeztu du.

- Maisu-maiestren lan-eskaintza publikoan hizkuntzei buruzko Nafarroako legeria errespetatzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Nafarroan itunpeko irakaskuntzari egindako dohaintzengatiko PFEZaren gaineko kenkariei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Enpresa publikoetako lan-baldintzei buruzko azterlanari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Produktu ortoprotesikoei dagokienez 1030/2006 Errege Dekretuaren VI. eranskina aldatzen duen urtarrilaren 22ko 45/2019 Ministro-agindua betetzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Irakasleen prestakuntzaren kostuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Irakasleari Laguntzeko Zentroetako aholkulari lanpostuen deialdiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Irakasleentzako prestakuntza-jarduerei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako ikastetxeetan Skolae programa garatzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: 2018ko ekitaldiko laugarren hiruhilekoari dagozkion zorpetze-eragiketak ituntzeko baimenei buruzko informazioa

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: 2018ko ekitaldiko laugarren hiruhilekoari dagozkion zorpetze-eragiketei buruzko informazioa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Kontuen Ganberaren 2019rako fiskalizazio-programan sartzea Argiteria berritzeko obrak kontratatzean Aiegiko Udaleko alkateak baliatutako kontratazio-prozedurari buruzko txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2018ko azaroan egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak urtarrilaren 11n sartu baitziren erregistroan.

 

BESTELAKO GAIAK:

 

- Mahaiak aldarrikatu ditu Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako hiru patronatukide izendatzeko hautagaiak: Mikel Gotzon Saralegi Otsakar (EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa), Gabriel Hualde Urralburu (Geroa Bai talde parlamentarioa). Bozketa heldu den otsailaren 14 Osoko Bilkuran eginen da. Halaber, hautagaitzak aurkezteko epe berri bat ireki da otsailaren 18ra arte.

 

- Mahaiak erabaki du jasotzat ematea lege indardunak errespetatzera eta modu arbitrarioan eta bidegabean jazarria ez izatera premiatzen duen eskari-idazkia. Juan José Archilla Pintidura jaunak aurkeztu du.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, jakitekoa Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzeko proposamenaren ondorioz Erregelamendua Foruaren Hobekuntzari eta demokrazia ordezkatzailearen printzipioei egokitzen ote zaien.

 

Txosten juridikoak ondorioztatzen du Espainiako Konstituzioak demokrazia ordezkatzailean oinarritutako sistema baten aldeko apustua egin zuela jardun politikorako irizpide orokor gisa, eta, horren arabera, hautesleek hautatzen dituztela beraien ordez boterea egikarituko duten pertsonak. Halaber, Foruaren Hobekuntzak ez du jasotzen parte-hartze demokratiko zuzenerako gaikuntza generikorik, 19. artikuluan legegintzako herri-ekimenari egiten zaion aitorpenetik haratago. Hala ere, txostenak dio horrek ez duela esan nahi Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan halakorik jasotzea galarazten; aldiz, haren aurreikuspena egokitu behar zaio betiere Foruaren Hobekuntzan xedatutakoari eta ezin izango du sekula arau-testu horretan xedatuakoaren neurririk gainditu.

 

Halaber, txosten juridikoak dio aurrekoa gorabehera, eta horrek ekarriko lukeen egungo dinamika parlamentarioaren eraldatze ukaezinetik zailtasunak erator litezkeen arren, parte-hartze demokratiko zuzeneko graduren bat jaso nahiko balitz Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan, ondoko ohartarazpenak kontuan hartuta egin beharko litzatekeela:

 

1.- Nafarroako Gobernuari eginiko informazio eskaerari dagokionez, legebiltzarreko Zerbitzu juridikoek uste dute ez dela beharrezkoa ekimen hori Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan jasotzea, gai hori jada araututa baitago Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean.

 

2.- Ikerketa batzorde bat sortzeko aukerari dagokionez, txosten juridikoak dio, de facto, kontraesan bat gertatuko litzatekeela Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 62. artikuluarekin Erregelamenduaren erreformak jasoko balu batzorde mota hori Nafarroako herritarren eskariz sortzeko aukera, eskari hori talde parlamentario bakar batek bere egitea nahikoa izanda; izan ere, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak berak betekizun gehiago eskatzen dizkie foru parlamentariei beraiei halako batzordeak sortzeko –bi talde parlamentarioren edo parlamentarien bosten baten eskariz sortu ahal dira–. Hori dela eta, komenigarritzat jotzen da parte-hartze demokratiko zuzeneko bide hori Erregelamenduaren erreformarako proposamenetik at uztea, edota, jasotzen bada, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 62. artikuluan ezarritako betekizun berak gutxienez ezartzea.

 

3.- Nafarroako Gobernuari igortzen zaizkion galdera idatziei dagokienez, txosten juridikoak dio nahikoa dela galdera foru parlamentari bakar batek bere egiten badu, eta ez dela beharrezkoa talde parlamentario oso batek bere egitea.

 

4.- Nafarroako Gobernuari aurkeztutako galdera idatzi eta interpelazioak, mozioak eta adierazpen instituzionalak izapidetzeko Erregelamendua erreformatzeko proposamenak jasotzen duen prozedura komunari dagokionez, txosten juridikoak dio proposaturiko herri ekimen guztiak, azken batean, parlamentarien menpe daudela, haiek izapidetzeko beharrezkoa baita talde parlamentario batek bere egitea, eta, beraz, prozedura hori ezabatu beharko litzatekeela.

 

Txosten juridikoak gomendatzen du arautzea talde parlamentarioek edo foru parlamentariek banaka –galderen kasuan– zein epe duten herri ekimena bere egiteko, eta, bestalde, komenigarritzat jotzen du Erregelamendua erreformatzeko proposamenean jasotzea mota horretako zenbat ekimen sar daitezkeen gehienez ere gai zerrendan, eta adieraztea talde parlamentarioek bere egiten dituzten ekimenak talde bakoitzaren kupotik kenduko direla.

 

5.- Azkenik, Nafarroako Gobernuko kideak errefusatzeko ekimenei dagokienez, txosten juridikoak ondorioztatzen du ezen Foruaren Hobekuntzak edo Parlamentuko Erregelamenduak talde parlamentarioei aitortzen ez badie Gobernuko kideren baten errefusatzea premiatzeko aukera, Parlamentuko praktikatik haratago, ez litzatekeela izanen zuzenbidearen araberakoa Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan arautzea Nafarroako Gobernuko kideak errefusatzeko herri ekimenak.

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).

 

- Gai zerrendatik kanpo, Mahaik eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legediari jarraiki foru parlamentariek, datu pertsonalak jasotzen dituzten neurrian, zaindu beharreko berariazko betebeharrei buruz eta betebehar horiek bete ezean izan litzaketen ondorioei buruz –zehazki, berariaz babestuta dauden datuak direnean–.

 

Txosten juridikoak ondorioztatzen du foru parlamentariek, informaziorako eskubidea egikaritzen dutenean haien eginkizunak betetzeko eta datu pertsonalak dituen dokumentazioa jasotzen dutenean, datu horiek zaindu beharko dituztela indarrean dagoen legediari jarraikiz eta, horrenbestez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko Datuen Babesari buruzko 2016/679 Erregelamenduan eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta bermeei jarraikiz.

 

Txostenak dio, halaber, foru parlamentariek, behin informazioa jasota, konfidentzialtasun betebeharrera lotuta geratzen direla informazio horretan jasotzen diren datu pertsonalei dagokienez, hala ezartzen baita Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 5. artikuluan, eta ohartarazten du betebehar horien ez betetzeak aipatu lege organikoaren 77. artikuluan ezarritako prozedura berariazkoaren aplikazioa dakarrela, eta horren ondorioz ohartarazpena ezartzen duen zehapen-ebazpen bat onets litekeela, jokamolde hori arau-hauste oso larritzat jotzen baita aipatu lege organikoaren 72. artikuluan. (Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).

 

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetatik botatako ekintzaileei. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetatik botatako ekintzaileei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Marokoko Erresumari exigitzen dio Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrotz errespetatzeko eta sahararrek pairatzen dituzten eskubide-urraketak bukatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari berriz ere exigitzen dio Marokoko Erresumarekiko Lehentasunezko Akordioan giza eskubideak errespetatzeari dagokionez ezarritako klausula betearaz dezan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak erakunde publikoak premiatzen ditu laguntza solidario eta humanitarioa areagotu eta ematen jarrai dezaten, hala Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei nola lurralde okupatuetako sahararrei.

 

5. Nafarroako Parlamentuak aitortu eta aldeztu egiten du Saharako herriarekiko elkarte solidarioek egindako lana, bai eta Fronte Polisarioaren Nafarroako Foru Komunitateko ordezkaritzak egindako lana ere”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak zorionak eman nahi dizkio Emakume Sahararren Batasun Nazionalari, 2019ko otsailaren 23an eta 25ean “Askatasunerantz” goiburuan eginen den biltzarra egiteagatik. Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak zorionak eman nahi dizkio Emakume Sahararren Batasun Nazionalari, 2019ko otsailaren 23an eta 25ean “Askatasunerantz” goiburuan eginen den biltzarra egiteagatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du Emakume Sahararren Batasun Nazionalak 45 urte hauetan egindako lan handia, xede duena emakumeen parte-hartzea areagotzea eta hobetzea saharar gizartearen esparruetan.

 

3. Emakume Sahararren Batasun Nazionala erreferente politikoa da Nafarroako Parlamentuarendako, emakumearen emantzipazioaren aldeko lanari eta Saharako herriaren autodeterminazioari dagokienez.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berriro dio Saharako gatazkan konponbide baketsu, negoziatu, justu eta Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea bermatuko duena lortu beharra dagoela, Nazio Batuen ebazpenetan esaten den bezala.

 

5. Adierazpen hau Emakume Sahararren Batasun Nazionalari igorriko zaio”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu ETAk 40 urte baino gehiagoan eginiko hilketa, bahiketa eta estortsioak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa, berriz, abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETA banda terroristak 40 urte baino gehiagoan eginiko hilketa, bahiketa eta estortsioak.

 

- Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du eragindako min itzela, eta banda terroristak 40 urte baino gehiagoan eginiko hilketa, bahiketa eta estortsioaren biktimak ez ahazteko konpromisoa hartzen du”.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:

 

- Mahaiak erabaki du aintzat ez hartzea Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledun Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztutako idazkia, Aznarez, Sáez eta Buil foru parlamentariak Podemos-Ahal Dugu talde parlamentariotik botatzeko idazkian antzemandako akatsak zuzentzekoa, eta ondorioz, erabaki du ez dela bidezkoa hiru foru parlamentariak kanporatzeko idazkia tramitatzea.

 

Aldeko botoa eman dute Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak, lehen lehendakariorde Unai Hualde Iglesiasek eta lehen idazkari Maiorga Ramírez Errok, eta aurkakoa, berriz, bigarren lehendakariorde Alberto Catalán Higuerasek eta bigarren idazkari Maribel García Malok.

 

Bigarren lehendakariorde Alberto Catalán Higuerasek eta bigarren idazkari Maribel García Malok eskatuta, bozkatu da Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledun Carlos Couso Chamarro jaunak hiru foru parlamentariak kanporatzeko aurkeztutako idazkia jasotzat emateko proposamena. Proposamen hori ez da onartu, aurka bozkatu baitute Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak, lehen lehendakariorde Unai Hualde Iglesiasek eta lehen idazkari Maiorga Ramírez Errok; aldiz, bigarren lehendakariorde Alberto Catalán Higuerasek eta bigarren idazkari Maribel García Malok alde bozkatu dute.

 

- Mahaiak jasotzat eman du txosten-oharra, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledun Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztutako aktak Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostenean jasotako betekizunak betetzen ote dituen argitzen duena (Mahaiak 2019ko urtarrilaren 21ean jaso zuen txosten hori).

 

Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Juridikoen txostenak ondorioztatzen du Couso eledun jaunak 2019ko urtarrilaren 21ean aurkeztutako idazkiak ez dituela betetzen eskatzen diren betekizunak erabakia hartu zen egunari dagokionez, aurkeztutako idazkia geroagokoa baita, eta horrek ez du zuzentzen eledunak aurkeztu zuen jakinarazpen-idazki soila, bere taldetik hiru parlamentari kanporatzekoa, txosten honen laugarren oinarri juridikoan azaltzen den moduan.

 

Halaber, ondorioetan esaten da Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek adierazten dutela ezen, bai urtarrilaren 16ko txostenean bai txosten-ohar honetan, beharrezkoak diren argitasunak ematen direla Mahaiak bere eskumenak bete eta gaiari buruzko erabaki bat har dezan, txosten gehiagoren beharrik gabe, erabakitzeko epea luzatzeko borondatea dagoela eman baitezake, txosten-oharren bosgarren oinarri juridikoan azaltzen den moduan. Halaber, txostenak dio Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak ohartarazten duela idazki baten edo egoera parlamentarioen izapidetzea berandutze aurreikusi ezinezko edo mugagabe batera eramaten duen geroratze interesatuen aurka babes-errekurtsoa aurkeztu ahalko dela Konstituzio Auzitegiaren aurrean, txosten-oharren seigarren oinarri juridikoan azaltzen den moduan. (Ohar honekin batera doa txostena).

 

- Mahaiak erabaki du Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari igortzea, txostena egin dezan, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren gastuengatiko ordainsariekin, laguntzekin eta kalte-ordainekin lotutako zenbait auziri buruzko informazio-eskaria, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztua.