2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak aldatzen dituen foru legea onetsi da
Sozietate publikoetako zuzendaritza-kideen soldata % 0,3 handituko da, eta abalen gehieneko zenbatekoa C.A. Osasunaren aldeko bermearen zenbatekora egokituko da
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen aldaketa onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aldeko botoa eman dute, PSN abstenitu egin da, eta UPN eta PPNk aurka bozkatu dute.
Gobernuak aurkeztutako legeak aldatu egiten du 9. artikulua (Nafarroako Gobernuko kideen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen ordainsariak), % 0,3 handitu daitezen ordainsariak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoan dauden sozietate publikoetan goi-karguduntzat hartzen diren zuzendaritzako kideentzat. 2018ko abenduan akordio bat lortu zen ordezkari sindikalekin, 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.2 artikuluan oinarrituta, eta akordio horren emaitza da aipatutako soldata igoera.
Horiek horrela, zuzendari kudeatzaileentzat, urteko soldata gordina 56.688,78 eurokoa da iragan urtarrilaren 1az geroztik. Sozietate motaren arabera (A, B, C, D) eta konplexutasun-osagarriaren portzentajearen arabera (% 10, % 30 edo % 55), zenbateko hori 62.357,65, 73.695,41 edo 87.867,60 eurora igo daiteke.
Legeak bigarren berrikuntza bat jaso du, Nafarroako Foru Komunitateak Osasuna klub atletikoaren aldeko abal bat (23 milioikoa) ematea baimentzen duen Foru Lege proposamenaren ondoriozkoa: Nafarroako Gobernuak eman ditzakeen abalen edo bestelako bermeen gehieneko zenbatekoa handiagoa izanen da (43 milioi), baita haien gehieneko arriskua ere (62 milioi, eta fundazio eta sozietate publikoen kasuan, 108 milioi). Bi aldaketa horiek 14. artikuluko 1. eta 3. apartatuetan egin dira.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru legez arautu behar direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, bai eta haietan egindako aldaketak ere, kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateari buruzkoak badira. Beraz, 2018ko Aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da legea onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.
-
Foru lege proiektua (37. NPAO, 2019-03-12koa)