Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Abuztuak 24

2020ko abuztuaren 24ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, ABUZTUAK 24– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, abuztuak 24–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Izapidetzeko onetsi da 8/2020 Foru Lege-dekretua, abuztuaren 17koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko. Hura baliozkotzeko eztabaida abuztuaren 27rako, osteguna, deitutako Osoko Bilkuran eginen da.

 

- Eledunen Batzarrak bazter utzi du, Navarra Sumak eta Geroa Baik aurkako botoa emanda, PSN talde parlamentarioak Mahaiaren erabaki baten aurka aurkeztutako errekurtsoa. Erabakiak ezartzen du irakurketa bakarraren bidez izapidetzea uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretutik eratorritako lege proiektua, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurri batzuk onesten COVID-19agatiko kasu positiboen gehikuntzaren ondoriozko arrisku bereziko egoerari erantzuteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

 

Legelari nagusiak horretarako prestatutako txostenak ondorioztatzen duenez, ”Erregelamenduaren 37.2 artikuluari jarraikiz, Mahaiak abuztuaren 17an hartutako erabakiaren aurka ezarritako errekurtsoa onets daiteke. Hala ere, eskatutakoari baietza ematea ez da bidezkoa, erregelamenduan ez dagoelako inolako oztoporik, ezinezkoa egiten duenik Mahaiaren gehiengoak –aurretiaz Eledunen Batzarrak deliberoa hartu ondoren– erabaki duena errespetatzea".

 

Ildo horretan, adierazten da ezen “talde errekurtsogileak 161.4 artikuluaren irakurketa okerra egiten du, adierazten baitu Erregelamenduak aurreikusten duela presako prozeduraren bidez izapidetzea, baina horri gehitzen dizkio nahitaezkotasuna eta esklusibotasuna, espresuki arautzen ez dena. Izan ere, 37.1.7, 158.1 eta 161.4 artikuluek ahalbidetzen dute aldi berean aplikatzea, modu ez-baztertzailean. Horiek horrela, ulertzen dugu ez dagoela oztoporik hura tramitatzeko, aurrekoetan bezala, irakurketa bakarreko eta presako prozeduraren bidez”.

 

AGERRALDIAK:

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, informa dezan zahar-etxeetan COVID-19aren krisian zehar gertatutakoari buruzko auditoriaz eta zahar-etxeetarako nahiz eguneko zentroetarako prestatutako kontingentzia-planez. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, azal dezan COVID-19aren pandemiako hilabeteetan egindako kudeaketaren ondoren itxarote-zerrendetan sortu den egoera. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Lan-bilkura, erkidego-prebentzioko taldeen ordezkariek azal dezaten egiten duten lana; bereziki, pandemian egindakoa. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

IDATZIZKO GALDERAK:

- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko burutza betetzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Esa handitzeko proiektuari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Kirol Institutuaren"Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzako kirolari egoiliarren postuak betetzeko deialdiari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Aizkolegiko Jauregia zaharberritzeko proiektuari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Francisco Pérez Arregui jaunak aurkeztu du

- Skolae eskola-curriculumean sartzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko María Roncesvalles Solana Arana andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Adinekoen Kontseiluari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Toki entitateetara egindako bisitetako presentzia instituzionalari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Yolanda Ibáñez Pérez andreak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuaren betetze egoerari buruzko txostena, 2020ko ekitaldiko bigarren hiruhilekoa.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere errefusik bipilena adierazten baitu Gazako populazioa astebete eta erdi baino gehiagoz Israelgo Gobernuaren aldetik jasaten ari den bonbardaketen aurrean. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute; Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak bere errefusik bipilena adierazten du Gazako populazioa astebete eta erdi baino gehiagoz Israelgo Gobernuaren aldetik jasaten ari den bonbardaketen aurrean, zeinek zauritu ugari sortu baitituzte populazioan, bai eta NBEren eskola baten aurkako erasoa ere, 5 haur zaurituta".

 

Nafarroako Parlamentuak, munduan zehar giza eskubideak babesteko duen konpromisoari helduz, salatu egiten ditu Gazako populazioak egunero pairatzen dituen urraketak, munduan den aire zabaleko espetxe handienean sartuta eta jada 14 urtez dirauen blokeo baten ondorioak pairatzen.

 

Nafarroako Parlamentuak salatzen du joan den ekainean areagotu direla palestinarren jabetzako etxeen eraispenak Zisjordanian eta Jerusalemen, COVID-19aren krisialdi betean, eta Israelek zona horren anexiorako dituen planekin bat, dozenaka pertsona, haurrak barne, kalean utzirik.

 

Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak egoera hori salatzea, eta susta dezan Europar Batasunak Palestinako estatu independentea aitortzea".

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoInforme Servicios Jurídicos