Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Azaroak 2

2020ko Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan onetsitako ebazpenak (12)

Osoko Bilkuran onetsiak. 2020ko urriaren 30ean

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2020ko Eztabaidan aztertu diren 22 erabaki proposamenetatik 12 onetsi ditu. Horietatik bi elkarrekin aurkeztu dituzte PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk; beste bat aurrekoek I-Erekin aurkeztu dute; beste bat Podemos eta I-Ek elkarrekin aurkeztua da; 3 Navarra Sumarenak dira; 1 PSNrena; 1 Geroa Bairena; 1 EH Bildurena; 1 Podemos-Ahal Dugurenam, eta azkena I-Erena.

 

PSNk, GEROA BAIk eta PODEMOS-AHAL DUGUk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlmaentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du administrazio publikoa digitalizatzeko behar gorrian aurrerapausoak emateko beharrezkoak diren programak gara ditzan. Digitalizazioak ahalbidetuko ditu prozeduren administrazio-sinplifikazioa eta zerbitzu publikoen modernizazioa. Digitalizazio hori uztarturik egon beharko da bertako langileen prestakuntza egokiarekin eta herritar guztientzako irisgarritasun-bideekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zerbitzu publikoen funtzionamenduan herritarrek parte-hartzea izan dezaten sustatzea, eta gardentasuna areagotzea komunikazioan, zeina inklusiboa izanen baita.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du oinarrizko osasun laguntza indartzea, giza baliabideak nahiz teknologikoak indartuz, erkidego-erizaintza aditua eta telemedikuntza ezarriz, bitarteko egokia direnez gero diagnostikoa hobetzeko, baina betiere babestuta utziz gaixoaren eta sendagilearen arteko harremana.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere osotasunean gara dezan Medikuntza Pertsonalizatu eta Doitasunezkorako estrategia, zeinak paradigma-aldaketa bat baitakar osasungintzan, eta ahalbidetzen baitu eraginkorragoak eta seguruagoak izatea prebentzio-, diagnostiko- eta terapia-jardun medikoak, beharrik gabeko gastuak ekiditeko aukera emanik eta osasungintza-sistemen jasangarritasunari lagundurik.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dibertsitatea artatzeko hezkuntza-tresna guztiak indartu ditzan ikastetxe publiko guztietan; batez ere, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen edo desabantaila soziokulturalean dauden ikasleen portzentaje handienak dituztenetan. Halaber, egungo osasun-krisiaren ondorioz sor litezkeen zailtasun-egoerak azter eta aintzat har ditzan.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako hezkuntza publikoan presentzialtasunaren aldeko apustuari eusten jarrai dezan ikastetxe publiko guztietan, Covid-19ak sortu duen egoera dela-eta, xede harturik hezkuntza integrala eta aukera-berdintasuna bermatzea.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politiko bat bultza dezan, hezkuntza-sistemari zuzenbide-egonkortasuna emanen diona. Horretarako, solaskide hartuko dira gizartea, Nafarroako hezkuntza-erkidegoak eta hezkuntzako eragileak.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du helburutzat pertsona duen artatze-eredua sendotu dezan mendekotasunaren arretarako sisteman, desgaitasunaren arretarakoan, eta arreta soziosanitario eta komunitarioko zerbitzu eta baliabide guztietan.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan gizarteratze-politika aktiboak Covid-19aren ondoriozko egoera berrira egokiturik ezar daitezela, bai eta oinarrizko gizarte zerbitzuen zeregin teknikoa eta lagun egitekoa ere, ikusmolde prebentibo, integral eta komunitarioarekin.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gizarte zerbitzuen eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arteko lan-eredu berria sendotu dezan.

 

11.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko lege berri bat presta dezan, ikuspegi integral batetik, Haurren Eskubideei buruzko Itunak aitortzen duen eran.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du datozen urteetan lerroka ditzan Gobernua osatzen duten departamentuen estrategiak Europatik estatuarekin koordinatuta trantsizio ekologikorantz markaturiko funtsezko ildoekin, horietan guztietan eragina duen gai transbertsala delako.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak eta ezinbestekoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak para ditzan, eskura dauden baliabideak optimizatuz, Nafarroa Green estrategian planteatutako proiektu guztiak urgentziarik, azkartasunik, eraginkortasunik eta efizientziarik handienaz garatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etxebizitza publikoen parkea handitu dezan kontsumo ia nuluko eraikinen parametroak erabiliz (nZEB), eta eraikinak birgaitzeko eta hiri eraikia berroneratzeko politikak areagotu ditzan.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eraikuntza industrializatzeko institutu bat sor dezan Nafarroan, garapen teknologikoa eta prestakuntza ekarriko dituena sektorea birmoldatzeko zereginean, kalitate handiagoko etxebizitzak, efiziente eta eskuragarriak, eskaintze aldera.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza publiko-pribatua susta dezan, Nafarroako enpresak –bere tamaina eta gaitasunetik harago– bere etorkizuneko garapena Europar Batasunetik diseinatutako ardatz nagusi horiekin uztartzeko.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du urratsak egin ditzan enpresa-ehundurak, ezagutza-zentroek eta administrazioaren zentroek ere energia berriztagarrien eta mugikortasun berritzaile eta jasangarriaren alorretan osatzen duten ekosistema sendotzeko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du energia berriztagarrien erabilerari bultzada eman diezaion, ikatzetik eratorritakoen ordez, berotegi-efektuko gasen erabateko desagerpenerako helburuak erdiesteko, horretarako ezarritako epeetan.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jasangarritasuna sendotu dezan, eraldagarri gisa aplikatu ahal izateko gure ekoizpen-ereduari, gure kontsumo-moduei, eraikinak edo hiriak egiteko erei, industriari buruzko ikuspegiari, mugitzeko moduari edo gure natur ingurunearekin erlazionatzeko moldeei.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekonomia zirkularra indartu dezan, kontsumo jasangarri eta arduratsua sustatuz, "zero kilometro" produktuetan oinarritua, horrenbestez hobeturik biodibertsitatearen kudeaketa eta kontserbazioa, hori izaki klima-aldaketaren efektuak borrokatzeko modurik onena, baliabide-erabilera oso errentagarriaren bidez.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du energia ekoizteko sisteman eta horren kontsumoan aldaketa bat antolatzea, energia berriztagarriaren sorkuntza izan dadin inpaktu txikiagokoa eta ekoizpen eta kontsumoan hurbiltasun handiagokoa. Zerbitzu publikoa lehenetsi beharra dago; hortaz, ekoizpena bideratu behar litzateke lurraldearen eta herritarren premiak asetzera. Halaber, edozein proiektu berriri ekin baino lehen, azpiegituren optimizazioa sustatu behar da. Aintzat hartu behar da kontsumo-guneekiko hurbiltasuna eta autokontsumoaren, sistema zirkularraren eta energia-kontsumoaren gutxitzearen sustapena.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez ONETSI DA.

 

PSNk, GEROA BAIk, PODEMOS-AHAL DUGUk eta IZQUIERDA EZKERRAk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren egiturazko postuak bermatzea INAI-NABIk dituen erronkei aurre egiteko, hala nola departamentu ezberdinetan Berdintasunaren Unitateak ezartzea, ahalduntze-programak, azterlan eta ikerlanak, Enplegu Planeko transbertsaltasuna, despopulazio-estrategia, 2030 estrategia eta legegintza-garapen osoa.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakume eta neskato desgaituen ahalduntzerako prozesuak susta ditzan eta euts diezaien, haien balioa eta agintea ikusgai egiten eta aitortzen segitzeko erreferenteak sortuz.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Foru Ogasunak eta Ogasun Ministerioak negozia dezaten eta akordio batera irits daitezen, horrela Nafarroak jaso ditzan genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituneko funtsak.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sexu-esplotaziorako emakume-salerosketaren aurkako Nafarroako Foroaren koordinaturik prebentzio eta onbideratzerako arreta integraleko planak taxutzea prostituzio-egoeran dauden emakume eta neskatoentzako, bizimodu-alternatibak antolatuz, laneratze-ibilbideen eta prozesu horretarako laguntza ekonomikoaren bitartez haiei ahalbidetze aldera prostituzio-egoeratik ateratzea, ikusmolde integral eta transbertsal baten bidez, genero-ikuspegitik, eta haien guztien segurtasuna eta giza eskubideen errespetua lehenetsiz.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzan (heldurik Beijing 95 Ekintzarako Plataformak, Europako Parlamentuak, Europako Kontseiluak edo Kongresuak emandako gomendio eta ebazpenei), publizitatean neskatoen sexualizazioa amaiarazteko, joera profesional kaltegarria izaki, duela hainbat urtetik hona salatua eta, orokorki, emakumeen sexualizazioaren adierazpide muturrekoena.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du baliabide publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietan Skolae programa ezartzen segi dezan, bai eta horietan guztietan bermatzen ere, Nafarroako Gobernuak hezkidetzaren alde eginiko apustu argi bezala; ezen, programaren hasieratik bertatik, ikusi da hezkidetza lanabesik egokiena dela gure ikasleek beren bizitza-proiektua askatasunean eraiki ahal izan dezaten eta beren etorkizunaz erabaki ahal izan dezaten; laburbilduz, jakin ahal izan dezaten begiratzen, ulertzen, izaten, ongi tratatzen, sentitzen, bizitzen, eraikitzen, ekarpena egiten.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beren familien etxean LGTBIfobia pairatzen duten LGTBI+ gazteentzako baliabide gisa aldi baterako harrerako etxebizitzak abiaraztea, ez badaukate bizi ahal izateko behar beste baliabiderik. Horretarako, alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako eskabideen baremazioan irizpide objektibo eta puntuagarri gisa sartuko da beren familiarengandik indarkeria LGTBIfobikoa pairatzen duten gazteak izatea.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du politika aktiboak bultzatzea, xede dutenak bukaera ematea sexuaren araberako lan-zatiketari, lanbide-sektore feminizatuen lan-prekarietateari, gogoz kontrako aldi batekotasunari eta partzialtasunari eta emakumezkoen soldata-arrakalari.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zainketa-sistema bat antolatzea, halakoa non, erantzunkidetasun pertsonalean oinarriturik eta behar besteko egitura publikoen gerizpean, modua emanen baitu pertsona guztien pertsona-, familia- eta lan-aldiak bateragarri egitea, arreta berezia ipiniz emakumeek dituztenetan.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

PSNk aurkeztutako ebazpen-proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu Planean jasotako ekintzak egin ditzan, plan hori ezinbestekotzat jotzen baita hazkunde ekonomikoa berreskuratzeko, enplegua sortzeko, berreraikuntza ekonomiko sendo eta inklusiborako eta etorkizunaren erronkei erantzuteko.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrerapausoak eman ditzan, oro har gizartearen eta, bereziki, enpresa-ehunduraren digitalizazio-prozesuan, banda zabaleko komunikazio-azpiegitura beharrezkoak sortuz, 5G teknologiari bultzada emanez, horren erabilerari buruzko prestakuntza emanez herritarrei eta enpresariei, kapital teknologikoa berrituz eta Administrazioa prestatuz nafar gizartearen premia berriei erantzun ahal izan diezaien.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du apustu tinkoa egin dezan landa-ingurunearen garapen ekonomikoaren alde, horretarako ur-, komunikazio- eta datu-azpiegiturak garatuz, bai eta Nekazaritza Politika Erkide berriak emandako aukerak aprobetxatuz ere, ingurumenaren nahiz ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak izanen diren nekazaritza eta abeltzaintzaren bitartez, eta kalitatezkoa izanen den nekazaritzako elikagaien industria bat garatuz. Hori guztia, Nafarroa egituratzeko eta trinkoago egiteko, lurralde- nahiz gizarte-ikuspegietatik.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du I+G+b susta dezan produktibitatea, enplegua eta ekoizpen-, gizarte- eta ingurumen-prozesuen modernizazio eta eraldakuntza akuilatzeko giltzarri gisa, halako moldez non teknologia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoraino iritsiko diren.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekonomiaren suspertzerako, kalitatezko enpleguaren sorkuntzarako, lurraldearen egituraketarako eta despopulazioaren aurkako borrokarako giltzarri diren proiektutzat jo ditzan azpiegiturak, hala nola Nafarroako Ubidea, Prestazio Handiko Trena, Estellerriko 400 MWeko linea, banda zabaleko inbertsioa edo Berrikuntza Digitaleko Poloa.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espezializazio Adimendunerako S3 Estrategiako sektoreak indartu ditzan (automobilgintza eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak, osasuna, turismo integrala, sormen-industriak eta industria digitalak) Nafarroaren garapenerako sektore estrategiko gisa, eta gure enpresa eta produktuen nazioartekotzeari bultzada eman dieziaon.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren baitan Enplegu Planaren prestaketarekin aurrera segi dezan, eta berritu dezan Enplegu Politika Aktiboei buruzko Akordioa, indarreko akordioaren emaitzak ebaluatu ondoren, halatan aurrerapausoak eman ahal izate aldera ekonomia moderno, lehiakor eta bidezko baterantz, zeinak enplegu egonkorra eta kalitatezkoa erakarriko duen.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aldeztu ditzan ekintzailetza kooperatiboko programak eta krisian dauden enpresak birmoldatzekoak, ekonomia sozialaren esparruan.

 

PSNk aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

GEROA BAIk aurkeztutako ebazpen-proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurkez dezan 15 eguneko epean Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, Parlamentuan izapidetu dadin.

 

Geroa Baik aurkeztu du. Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin ONETSI DA.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk eta IZQUIERDA EZKERRAk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada handia eman diezaion, legegintzaldian geratzen den honetan, irakaskuntza publikoaren garapenari, Nafarroako Foru Komunitateko eskaintza publikoaren eta ikasle publikoen hazkundearen mesedetan, guztiontzako kalitatezko hezkuntza sozializatzailearen berme gisa:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza eskaintza publiko bat ezar dezan, halako moduz non bermatuko baita herritar guztiek irakaskuntza horiek jaso ahal izatea kalitateko, ekitateko eta iraunkortasun-bermeko baldintzetan, aurrera eginez hezkuntza etapa hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartzeko bidean.

 

- Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-eskaintza publikoa diseinatzea eta garatzea, honako hauen bidez:

 

- Onarpen-prozedura bidezkoa eta inklusiboa, gurasoen bizilekuan/lantokian eskolatze inklusiboa sustatzen duena.

 

- Euskarazko eta gaztelaniazko eskaintza publiko nahikoa.

 

- Irakaskuntza publikoan eskolatzea sustatzea, hau da, eskola-unitate publikoak ez kentzea, eskolatze-eskaera guztia kontuan hartuta, eta ikastetxe publiko batean plaza bat eskatzen duten ikasle guztiei eskola-plaza bat bermatzea.

 

- Hezkuntza-jarduerak garatzeko beharrezkoak eta nahikoak diren azpiegitura publikoak hornitzea.

 

- Eremu bakoitzeko ikastetxe publikoetako ikasleen bizikidetzarako hezkuntza-testuinguruak sustatzeko eta ezartzeko plana diseinatzea.

 

- Erlijioaren irakaskuntza eta haren alternatibak legez ezarritako gutxienekora murriztea.

 

- Irakaskuntzako profesionalen lan-baldintzak eta prestakuntzarako sarbidea hobetzea.

 

- Helduen etengabeko hezkuntzako euskara-ikastaroa 2020-21 ikasturtean hasiko dela bermatzea.

 

Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk aurkeztutako erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gara dezan Lagun egiteko animaliak babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta onar dezan 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasoko den plan estrategikoa.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du herritarrak animalien aurkako tratu-txarrak direla-eta kontzientziatzeko kanpaina bat egin dezan foru erkidegoko gainerako erakundeekin koordinatuta, zeinetan halaber eginen baitira informazio-hitzaldiak hezkuntza-mailan, ahal den herritar gehienganaino heltzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indarkeriaren biktima diren emakumeen eta neskatoen lagun egiteko animalien aldi baterako edo behin betiko harrera-sarea sor dezan.

 

Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Aho batez ONETSI DA.

 

IZQUIERDA-EZKERRAk aurkeztutako ebazpen-proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Gobernu zentralari eskatzen dio lehenbailehen ekin diezaiola herritarren lan eta gizarte eskubideak murriztu dituzten lege hauek indargabetzeari:

 

- Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa.

 

- Hasiera batean 2012ko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsi zen lan erreforma, gerora, Diputatuen Kongresuak dekretu hori baliozkotu ondoren, uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez onetsi zena.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

NAVARRA SUMAk aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du planetatik ekintzetara pasa dadila eta Europako funtsak balia ditzala Nafarroako enpresek, langileek, administrazio publikoek eta gizarteak, oro har, aurrera egin dezaten beren jarduerak digitalizatzeko prozesuan, teknologia berriei buruzko prestakuntza-programen, IKTetan inbertitzeko pizgarrien, interneten erabileraren eta konektibitatearen hobekuntzaren bidez. Horrela bakarrik lortuko dira produktibitate-estandarrak, eskualde egokituenei etorkizuna gidatzeko aukera emanen dietenak. Nafarroak horietako bat izan beharko du, duela 15 urte izan zen bezala.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lan egin dezan energia berriztagarrien esparruko lidergoa berreskuratzeko, arlo horretan lankidetza publiko-pribatuko planak eta proiektuak sustatuz. Une honetan, zalantzarik gabe, elektrizitate berdea energia sortzeko iturri nagusi izanen duten prozesu guztiak bultzatzen dituen sektorea da. Nafarroan kokatuta dauden CENER eta sektoreko enpresa nagusien presentziak pizgarri bat izan behar du krisiaren aurretik existitu zen eta orain berriro abiarazi behar den industria-sare oso bat garatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du erraztu dezan nekazaritzako elikagaien industria egokitu dadila laborantzako, eraldaketako eta banaketako ingurumen-eskakizun berri eta ukaezinetara, dibertsifikazioari ekarpena egiten jarraitzeko, Nafarroako lehen sektoreko jarduerari eutsiz eta landa-eremuko biztanleriari eusten lagunduz.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzearen alde egiten duela. 2014an ezarritako pizgarria industria hasiberri baten ernamuina izan da, eta orain hura zurkaiztu beharra dago eta industria horri lotutako prestakuntza-graduak garatzeko balio behar du.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren inbertsio-ahaleginak egin ditzan lurraldearen orekarako eta iraunkortasunerako beharrezkoak diren bi azpiegiturak ahalik eta lasterren amaitzeko: AHTa eta Nafarroako Ubidea. Merkantziak eta pertsonak bitarteko azkar, seguru eta jasangarrien bidez komunikatzeak lurraldeak berdintzen ditu eta aukera berriak zabaltzen ditu. Era berean, ureztatze eraginkorrerako, edateko eta industriarako ura izateak aukera emanen dio Nafarroako Erriberari Iruñeko merindadearekiko duen distantzia ekonomikoa murrizteko; izan ere, Iruñetik urrun dagoenez, ez du hartatik onurarik ateratzen.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gida dezan mugikortasun elektrikorako trantsizioa, gure erkidegoan automobil-sektoreak hasitako eraldaketarekin bat etorriz. Automobilen elektrifikazioari buruz iragarritako proiektuek ez dute garapen esanguratsurik ekarri, eta baliabideek ez dute emaitzarik izan. Orain ez da zentro edo institutu espezifikoen garaia. Munduko automobilaren industriak bere erabakia hartu du, eta guri dagokigu hura babestea. Administrazioek, orain, energia nahikoa izatea eta energia hori lurralde osoan modu egoki eta orekatuan banatzea ahalbidetuko duten proiektuak erraztu behar dituzte, eta berrikuntza elektrikoa modu progresibo eta ordenatuan errazteko lankidetzan jardun behar dute sektorearekin batera, alde batera utziz gure industria- eta lan-errealitatea aintzat hartzen ez duten eta nahi den azken helburua —automobilaren industriak etorkizuneko ereduak sortzen jarrai dezan— eragotziko duten helburu handi eta azkarrak.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du banda zabaleko bigarren plana amai dezan, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, nafar guztiek eta Nafarroako enpresek zuntz optikoa eskura izan dezaten eta digitalizazioaren aroan benetan parte hartu ahal izan dezaten. Era berean, zuntzaren garapen hori aprobetxatu beharko du 5G teknologiaren ezarpena eta garapena errazteko.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak erakusten du konpromisoa duela etengabeko elkarrizketa sozialarekin Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta ordezkaritza handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen arteko topaketarako, partaidetzarako eta negoziazio instituzionalerako organo gorena baita; izan ere, kontseilu horrek izan behar du aurre egin beharreko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren erreforma ekonomiko eta sozialen indar eragilea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du esparru horretan lehentasuna eman diezaion Enplegu Plana presaz onartzeari.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Hirugarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egin dezan SARS-CoV-2 detektatzeko testen kopuru nahikoa, testaren positibotasun-tasa %4koa edo txikiagoa izan dadin modu iraunkorrean, horixe baita Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek normaltasun berrirako adostutako atalasea, zeina Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak gomendatutako mugen nahiko antzekoa baita.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta gehien laburtzeko COVIDaren sintoma susmagarriak dituzten pertsonen osasun-sistemarekin lehen harremana izan eta proba hori egin zaion pertsonari baieztapen diagnostikoaren testaren emaitza zuzenean bidali arte igarotako denbora; denbora hori ez da sekula 24 ordutik gorakoa izanen.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du era egonkorrean indartu ditzan arakatzaileen baliabideak eta testak egiteko materiala, teknologia eta giza baliabideak, berehalako erantzuna eman ahal izateko isolamendu goiztiarrak egiten eta pandemia kontrolatzen lagunduko duen anbizio handiko arakatze arin eta eraginkor bati, kasua berresten denetik testaren emaitza arte igarotako denbora 24 ordura baino gutxiagora laburtuz.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sentsibilizazio-kanpaina eraginkorrak egin ditzan berariaz gazteei eta nerabeei zuzenduta, bai eta arrisku bereziko beste kolektibo batzuei ere, lagun dezaten gizartea sentsibilizatzen eta inplikatzen birusa transmititzea saihesteko prebentzio-neurrietan.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du argitara dezan pandemiaren bilakaerari buruzko informazio guztia, eta ebaluazio independente bat egin dezan egindako akatsak aztertzeko eta hobetu beharreko arloak hautemateko.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

EH BILDUk aurkeztutako ebazpen-proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egungo zerbitzu publikoak indartzeko neurri urgenteak ezartzera, Nafarroako familiek adingabeak eta/edo mendeko pertsonak zaintzeko duten premiari erantzuteko.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskaintza publikoa indartu eta zabalduko duten zerbitzu publikoen sorkuntza progresiboa diseinatzeko plan bat egitera, adingabeen eta/edo mendeko pertsonen zaintza bermatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezko baliabideak jartzera eta aurreko legealdian onetsitako berdintasun-legeak garatzera: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea eta LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indarkeria matxistaren biktimen harrerarako eredu berriari ekin diezaion.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du desgaitasun-plana osoki garatzera.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du krisiaren ondorioz sortu diren premia larrienei erantzuteko langile gehiago jartzera; esate baterako, errenta bermaturako eskaerak azkarrago izapidetzeko, zerbitzu psikologikoak emateko, koordinazioa hobetzeko, larrialdietarako laguntzetarako eta premia horiek identifikatzeko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Errenta Bermatuaren egungo Legea alda dezan, halako moldez non haren iraupena bermatu eginen baita langabezia edo behar adinako diru-sarrera ekonomikorik eza dagoen bitartean.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten neurri eraginkorrak hartzera.

 

- Etxebizitza hutsen errolda egiten amaitzera.

 

- Baliabide indartuak bideratzera alokairuko etxebizitzen sare publiko bat garatzeko, haien baldintzak hainbat kolektiboren beharretara egokituko dituena.

 

- Legeria propio eta eraginkorra aktibatzera, alokairu-prezioekin abusatzea eta espekulatzea eragotziko duena eta kolektibo guztiei sarbidea bermatuko diena.

 

- Etxebizitza hutsak zaharberritzeko ezohiko neurriak aktibatzera, jarduera horri lehentasuna emanez sustapen berrien garapenaren aurretik.

 

- Bizikidetza-eredu berriak bultzatu eta horiei estaldura emanen dien araudia garatzea.

 

EH Bilduk aurkeztu du. ONETSI EGIN DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin.