2020ko irailaren 29ko saioa
MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, IRAILAK 28– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, irailak 28–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:
FORU LEGE PROIEKTUAK
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko zenbait neurri onesten dituen irailaren 16ko 10/2020 Foru Lege-dekretuan egin beharreko akats zuzenketa.
INTERPELAZIOAK
- Sexu-esplotazioa desagerrarazteko eta prostituzio-sistema abolitzeko politikei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
MOZIOAK
- Honako mozio hau erretiratzea: Nafarroako Gobernua premiatzen da 2020-2021 ikasturterako NUPeko graduko ikasketetako ikasgaietako matrikula guztiak tasa bakar batean bateratu ditzan, halako moduan non inolaz ere ez baitu gaindituko egungo 1. matrikularen kostua. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
- Honako mozio hau erretiratzea: Jarraipen Mahai bat sortzen da, kirola edozein diziplinatan normaltasunez egin ahal izan arteko berariazko jarraibideak ezartzeko. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.
- Honako mozio hau erretiratzea: Nazioko Gobernua premiatzen da hartu beharreko lege ekimenak eta parlamentarioak har ditzan, halako moduan non toki entitateek ez baitute aurrekontu egonkortasuna bete beharko, baldin eta desoreka hori COVID-19aren aurkako eta suspertze ekonomikoaren aldeko borrokarekin zuzenean lotutako zioei zor bazaie. Navarra Suma talde parlamentarioko Yolanda Ibáñez Pérez andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da urgentziaz eta aldizkakotasunez dei ditzan hezkuntzako mahai sektoriala eta irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren jarraipen-batzordea. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko Marisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da albait lasterren has ditzan Indultu-grazia baliatzeko arauei buruzko Legea, 1870eko ekainaren 18koa, aldatzeko lege proiektu bat aurkezteko egin beharreko lanak. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ostalaritzaren, gaueko aisialdiaren eta diskoteken sektorerako berariazko talka-plan bat taxutu dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da lan-mahai bat sor dezan, zeinetan parte hartuko baitute Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, Parlamentua osatzen duten talde politikoek, udalek eta Bizigarritasunari buruzko Dekretua onesteko prozesuak ukitutako eragile eta kolektiboek. Navarra Suma talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da kanabisaren nahiz haren eratorrien kontsumoa eta kontsumorako edukitza despenaliza dezan. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
AGERRALDIAK
- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariarena, Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea osorik bete dadin egin diren jarduketei buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.
- Kontuen Ganberaren lehendakariarena, “Osasun Mentala (2014-2019)” txostena azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Osasuneko kontseilariarena, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordainsari aldakorrei buruzko fiskalizazio-txostena (2018-2019)” azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Domingo González Martínez jaunak aurkeztu du.
- Osasuneko kontseilariarena, Kontuen Ganberaren “Osasun Mentala (2014-2019)” txostena balora dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.
- Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, Nafarroa 2030 Estrategia Digitala azal dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariarena, pandemiari aurre egite aldera Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak betetzea kontrolatzearren Foruzaingoak izandako jarduketen txostenari nahiz horretara bideratutako baliabideei buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du.
- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarena, Sacyr enpresak sustatutako parke eolikoen proiektuei buruz eta Nafarroako Gobernuak horri dagokionez daukan jarrerari buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK
- Ingurumenaren arloko aditu Juantxo López de Uralde jaunarekin, Mina Muga lurpeko meatzaritza proiektua zertan den azal dezan. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu dute.
- Fiteroko Udalaren ordezkariekin eta bertako gizarte- eta enpresa-erakundeen ordezkariekin, NA-6900 errepidetik herrira sartzeko bideetan hobekuntzak egin beharrari buruz informa dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Rif-tik heldu diren bi gaztek han bizi den gatazkari buruz eta hori dela-eta egiten dituzten eskaerei buruzko informa dezaten. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.
- AEHN-Nafarroako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearen, ANAPEH-Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkartearen eta ASBANA-Nafarroako dantzaleku, taberna eta diskoteken Elkartearen ordezkariekin, COVID-19aren aurka onetsi diren azken neurrien ondorioz sektoreak bizi duen egoerari buruz informa dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak aurkeztu du.
- Langileen ordezkariekin, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko I. Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari buruz informa dezaten. Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
AHOZKO GALDERAK
- Honako galdera hauek erretiratzea: nerabeen eta gazteen arteko genero indarkeriaren prebentziorako egungo neurriei eta aurreikusitako neurriei buruzkoa (10-20/POR-00222); eta desgaitasuna duten pertsonek Foru Administrazioan edozein lan egiteko arazorik ez izateko neurriei buruzkoa (10-20/POR-00229). Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.
- Obra publikoan inbertituz ekonomia suspertzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.
- Nerabeen eta gazteen arteko genero indarkeriari aurrea hartzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray.
- Desgaitasuna duten pertsonek Foru Administrazioan edozein lan egin ahal izateari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.
- Egoitza-zentroetako farmazia-laguntza berreskuratzeari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
- Espainiako Zirkuitu Txapelketa bertan behera uzteari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.
- Haxixa edukitzeagatik adingabe bat salatzeari buruz Foruzaingoak argitaratutako txioari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.
- Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei ituna kentzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko María Roncesvalles Solana Arana andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK
- Eskaria, Esa handitzeko proiektuari buruzko galderari erantzuteko epea luza dadin. Galdera Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu zuen.
- Ikaselkar argitaletxearen Txanela Proiektuko testuliburuei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari ohiei ematen zaien eskolta eta garraio zerbitzuen kostuari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.
- Soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozle eta intsumiso guztiei Nafarroako Parlamentuak bere errekonozimendua adierazteko mozioa dela-eta egindako jarduketei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa sozietatea sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legearen 12.3 artikulua ez betetzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planaren 49. puntuan proposatzen den Europako Ekintza Plana berrikusteari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.
- Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planaren 52. puntuan proposatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitania Berriko lehendakariekiko bilera deitzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.
- Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planaren 53. puntuan proposatzen den baliabideak monitorizatzeko eta lortzeko tresna politiko eta teknikoen bultzadari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.
- COVID-19aren ondorioz zahar-etxeek dauzkaten aparteko gastuak konpentsatzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.
GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK)
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren 2020ko irailaren 23ko erabakia, zeinaren bidez eskatu baitu Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida urriaren 29an eta 30ean egin dadin.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2020ko ekainean igorri ziren Parlamentura.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2020ko abuztuan egindako aurrekontu-aldaketak, eta erabaki dute haiek Kontuen Ganberari igortzea.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2020ko irailaren lehenengo hamabostaldian egindako aurrekontu-aldaketak, eta erabaki dute haiek Kontuen Ganberari igortzea.
BESTELAKO GAIAK
- Mahaiak, Bozeramaileen Batzordeak erabaki loteslea hartu ondoren, Osoko Bilkura monografikoa egitea onetsi du, Nafarroak parte hartu ahal izateari buruz Kontseilu Europarrean 2020ko uztailaren 21ean onetsitako Europako funtsetan nahiz Espainiako Gobernuari proposatuko zaizkion kasuko proiektuetan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.
- Urriaren 8ra arte luzatu da, 17:30ean, NUPeko Gizarte Kontseiluko bost kide aukeratzeko hautagaitzak aurkezteko epea.
- Urriaren 8ra arte luzatu da, 12:00etan, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen zuzenketak aurkezteko epea.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onartu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Castejongo TRENASA enpresaren itxieraren aurka dagoela. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.
1., 2. eta 3. puntuak aho batez onetsi dira. 4. puntua PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak Castejongo TRENASA enpresa ixtearen aurka dagoela adierazi du, enpresak ekoizteko gaitasuna duelako eta itxierak eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialean eragin handia duelako.
2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak esku hartzea enplegu-erregulazioko espedientea eta Castejongo TRENASA enpresaren itxiera saihesteko, eta, beraz, 110 lanpostu galtzea eragozteko.
3. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die ukitutako langileei eta haien familiei, eta konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, enpresaren itxiera eta langileen kaleratzea saiheste aldera ekiteko.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du Lan Erreforma indargabetzea, negozio-gaitasuna duten enpresen ekoizpen-jarduera ixtea/etetea ahalbidetzen baitu”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita. Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita eta, besteak beste, Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzea eta indartzea bilatzen baitu.
2. Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunaren jarraibideekin bat, hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta babestu egiten du haren ikuskera, alegia, hizkuntzak ikastea aberaste pertsonal gisa eta XXI. mendeko Europako herritartasunaren oinarri gisa hartzen du.
3. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia, eta euskara babestu eta sustatzearen aldeko apustua egiten du, gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria izan dadin, Nafarroako herritar guztien ondarea den aldetik.
4. Adierazpen hau Nafarroako Parlamentuaren hurrengo Osoko Bilkuraren hasieran irakurriko da, alegia, Hizkuntzen Europako Egunarekin batera”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Castejongo Trenasa filiala ixteko iragarpena. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
1. eta 2. puntuak aho batez onetsi dira. 3. puntua, berriz, Navarra Suma eta EH Bilduren aldeko botoarekin eta PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoarekin onetsi da.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak sakonki deitoratzen du Castejonen Trenasa filiala ixteko iragarpena.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Parlamentuaren elkartasuna eta babesa adierazten die plantillako langileei eta haien familiei, bai eta, zeharka, itxiera-iragarpenak uki diezaiekeen guztiei ere.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekin dezan itxiera hori saihesten saiatzeko eta, hori lortu ezean, lana galduko duten pertsonak berehala birkokatzea ziurtatzeko”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten baititu CEN eta CaixaBank bezalako erakunde eta enpresek jasandako erasoak eta alderdi politikoen aurkako pintadak eta irainak. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten ditu Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzak eta Caixabanken Iruñeko egoitza nagusiak jasandako erasoak eta Burlatako alkateari buruz eta Nafarroako Suma eta Nafarroako Alderdi Sozialistaren zinegotziei buruz egindako pintadak eta haiei zuzendutako irainak.
2. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta babesa adierazten die guztiei, horrelako ekitaldiak direla eta”.
- Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa ematen baitio Felipe VI.a Espainiako Erregeari, Estatuaren forma politikoa definitzen duen erakundearen ordezkari gisa. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak babesa ematen dio Espainiako errege Felipe VI.ari, herritarrek berretsitako Espainiako Konstituzioan ezarritako zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa eratzeko forma politikoa definitzen duen erakundearen ordezkari gisa”.
Adierazpenak bazituen beste bi puntu, onetsi ez direnak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa eman baitute. Puntu horiek honako hau zioten:
“2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du errespetua eta aintzatespena erakuts dezan Koroa dela-eta, Estatuaren ordezkaritza gorena baita.
3. Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen du behar besteko babesa eman diezaion erregeari, ekitaldi instituzionaletan bere karguari dagozkion funtzioak bete ditzan, gure konstituzioak ezartzen duen bezala”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten baitie Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, bizi duten egoera latza dela eta. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.
Erabaki proposamenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:
1. Nafarroako ostalaritza-sektoreko langile, enpresaburu eta kudeatzaileei babesa ematea, COVID-19aren biztanleriaren arteko hedapenaren aurkako neurrien ondorioz pairatzen ari diren egoera oso gogor eta bidegabearen aurrean.
2. Nafarroan 18.000 lanpostu hartzen dituen eta herritarren bizitza- eta harreman-ohituren funtsezko parte den sektore ekonomiko honen berebiziko garrantzia aitortzea.
3. Gizarte osoari jakinaraztea ostalaritza ez dela inola ere COVID-19a birusaren etengabeko transmisioaren erantzule edo eragile, eta haren ekarpena funtsezkoa izaten ari dela jarduera berreskuratzeko orduan, segurtasun-neurri handienekin.
4. Ostalaritzaren, taberna berezien eta diskoteken adierazpena izenpetzea, sektorean ezarritako neurrien aurrean.
5. Administrazio jardule guztiei erreskate-plan bat ezartzeko deia egitea, sektorea jasaten ari den galera bidegabeak nolabait konpentsatzeko eta negozioen iraupena bermatzeko”.
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Espainiako Gobernuak luzatzea etxebizitza-eskubidea babesteko alarma egoeran hartutako neurriak. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak alarma-egoeran hartutako neurriak luzatzea, etxebizitzarako eskubidea babesteko”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten baitie Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, bizi duten egoera latza dela eta. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
1., 2., 4. eta 5. puntuak aho batez onetsi dira. 3. puntua PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E-ren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak babesa eman die Nafarroako ostalaritza sektoreko langile, enpresari eta kudeatzaileei, jasaten ari diren egoera latzaren aurrean.
2. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroan 18.000 lanpostu hartzen dituen eta herritarren bizitza- eta harreman-ohituren funtsezko parte den sektore ekonomiko honek berebiziko garrantzia duela.
3. Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du ostalaritza-establezimenduak egiten ari diren ahalegina, segurtasuna bermatzeko eta gizarte osoari helarazteko osasun-agintariek proposatutako eta Nafarroako ostalaritzak onartutako neurri horiek errespetatzea funtsezkoa dela kutsadura-kurba apaltzeko.
4. Nafarroako Parlamentuak administrazio jardule guztiei dei egin die, sektorea jasaten ari den egoera larriaren aurrean neurri sorta bat aztertzeko.
5. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak lantalde tekniko bat sortzea sektorearekin, egoerari eta hartu beharreko neurriei heltzeko”.
GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK
-Mahaiak onetsi egin du urriaren 24an, 12:30ean, NUPek antolatutako Batxilergoko XI. Txapelketako finala Parlamentuan egitea.
-Mahaiak Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako proiektuak 2020ko ekitaldian zehar egiteko dirulaguntzetarako deialdia onetsi du.
-Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuan egitea “Hitzorduak-Encuentro entre víctimas de ETA y del Estado” izeneko jardunaldia, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak antolatua. Urriaren 8an eginen da.
-Mahaiak onetsi du Nafarroako Parlamentuan egitea Memoria Historikoaren Estatuko Legean jasotako ziurtagiriak banatzeko ekitaldia. Irailaren 30ean eginen da, 12:30ean.
Archivos adjuntos
Informe jurídico sobre razones del Gobierno para denegar información