2020ko maiatzaren 4ko bilkura
MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, MAIATZAK 4– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, maiatzak 4–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:
Maiatzaren 7rako, ostegunez, deituriko Osoko Bilkurari (09:15) dagokionez, erabaki da botoa eskuordetzeko epea irekita egonen dela asteazkeneko –hilak 6– 10:00ak arte. Honakoek osatzen dute Osoko Bilkura horren gai-zerrenda: apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (Covid-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta Gobernuak gaurkotasun handiko galderei erantzutea.
Lehendakariak martxoaren 25ean harturiko erabakiari jarraikiz, kasuko ziurtagiria Legebiltzarreko Idazkaritzak eginen du. Boto-eskuordetzea borondatezkoa den arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik horren aldeko gomendioa egiten da, ezinezkoa baita 50 ordezkaridun osoko bilkurak egitea, presentzialki nahiz telematikoki.
Osoko Bilkuren aretoaren edukierari dagokionez, erabaki da oraingoan talde parlamentarioak eta foru parlamentarien elkarteak beren eledunen bidez ordezkatuta egonen direla. Halaber bertaratuko dira Mahaia, Gobernuko lehendakaria eta bost kontseilari.
- Izapidetzeko onartu da Hezkuntzako kontseilariaren agerraldirako eskaera, helburutzat duena informazioa eman dezan eskola-ikasturtea presentzialki bukatzeko aukeraz, eta justifika dezan Hizkuntza Eskola Ofizialetan azterketa presentzialak egitearen erabakia, mailak, helburuak eta segurtasun-baldintzak zehazturik. EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu du. Asteazkenean eginen da, hilak 13 (ordua zehazteke dago).
- Izapidetzeko onartu dira datorren osteguneko –hilak 7– Osoko Bilkuran eginen diren gaurkotasun handiko ahozko galderak.
- Izapidetzeko onartu dira idatzizko galderak.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuak 2020ko lehen hiruhilekoan duen betetzearen egoera-orria.
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bideokonferentziazko bilera egitea aurreikusita daukate datorren ostiralerako, hilak 8, 12:30ean, kasuko erabakia hartzearren Parlamentuaren Kontingentzia Plana ‑martxoaren 16an onetsia‑ moteltze-neurrien planera egokitzeaz, Legebiltzarreko langileen itzulerarako protokoloa barne.