Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Maiatzak 31

2021eko maiatzaren 31ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2021eko MAIATZAREN 31– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, maiatzak 31–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Indultu-grazia baliatzeko arauei buruzko Legea, 1870eko ekainaren 18koa, aldatzen duena. Navarra Suma talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, honako mozio hau batzordean izapidetu dadin: Estatuko Gobernua premiatzen da egin beharreko zuzemen guztiak egin ditzan Frantziako Gobernuaren aitzinean, Francisco Franco diktadoreari Ohorezko Legioaren saria erretira dakion. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Oinarrizko Laguntzari buruzko Ekintza Plan bat gara dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da albait lasterren taxutu ditzan Modou Khadim Ribaforadara lehenbailehen itzultzeko behar diren prozedurak. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko Marisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Lizarrako García Orcoyen Ospitalean Hemodialisiko Unitate bat eraiki dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Domingo González Martínez jaunak aurkeztu du.

- Hoanko mozio hau erretiratu da: Nafarroako Gobernua premiatzen da Bardeako tiro-poligonoagatik jasotako kanonaren ordezko finantzaketa-plan bat taxutu dezan eremu horretako erakundeentzat. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Nafarroako Gobernuaren akordioa, 2021eko maiatzaren 26koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita GKN AYRA SERVICIO SAk Zarrakaztelun sustatutako enpresa-proiektua, “Zarrakaztelun jarduera sendotzea eta garatzea, eta negozio-ildo berriak irekitzea” izenekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2021eko maiatzaren 26koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita KNORR-BREMSE PAMPLONA SLk Iruñean sustatutako enpresa-proiektua, “2021etik 2024ra bitarteko Inbertsio Plana” izenekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2021eko maiatzaren 26koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita LABORATORIOS CINFA SAk Ollokin sustatutako enpresa-proiektua, “Medikamentuak eta osasun-teknologiak garatzeko, fabrikatzeko eta banatzeko instalazio berritzaile eta jasangarri berriak” izenekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2021eko maiatzaren 26koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita SKF Española SAk Tuteran sustatutako enpresa-proiektua, “DST RECONDOIL” izenekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Foruzaingoko langileen batzordearen ordezkariekin, Foruzaingoan erretiroa hartzekoa adina aurreratzeari buruz informa dezaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Leitzako Udalaren ordezkariekin, Leitzan eta ingurumarietan hiriarteko garraio publikoarekin dagoen arazoa azal dezaten. Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Erizaintzako Laguntzaile Teknikoen Sindikatuaren ordezkariekin, beren lan-errebindikazioak azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Nafarroako Hezkuntza Sistemako familien elkarteen ordezkariekin, azal dezaten zertan diren Berdintasun eta Hezkidetza Planak, kasazio-errekurtsoa onartu ez izanaren ondorioz Eskolae Programa indarrik gabe geratu ondoren. Navarra Suma talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Lokizko akuiferoko putzuetara, zeinak Antzinen eta Mendazan baitaude. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Eskaria, osoko bilkura bateko gai-zerrendan sar dadin Apustu-etxeen Nafar Araubidea prestatzeko Ponentziaren txostena eta boto partikularra. José Suárez Benito jaunak (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre Oviedo jaunak (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Blanca Isabel Regúlez Álvarez andreak (Geroa Bai talde parlamentarioa), Aranzazu Izurdiaga Osinaga andreak (EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez Igarza andreak (Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Maria Luisa De Simón Caballero andreak (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa) aurkeztu dute.

- Ehizaren eta arrantzaren arloko legedia aztertu eta analizatzeko ponentziaren 2021eko maiatzaren 14ko erabakiak.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Etxebizitza egokirako sarbiderik ez duten pertsonen berrogeialdiak bermatzeko bitarteko baliabideei buruzko galdera erretiratu da. Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin Mayumana taldearen emankizunaren aurretik gertatutako istiluei eta Foruzaingoak izandako esku-hartzeei buruzko galdera. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Nafarroak FITUR 2021 azokan parte hartzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Ikasleak Europako hezkuntza-sistema ezberdinen artean mugitzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko María Roncesvalles Solana Arana andreak aurkeztu du.

- 2021-22 ikasturterako onarpen-prozesuari buruzko araudi berriari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du. Gaurkotasun handikoa.

- Ikasleak sexuaren arabera ez bereizteari dagokionez legedi indarduna betetzeari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Caixabankeko lehendakari berriaren ordainsariaren proposamena dela-eta Nafarroako Kutxa Fundazioak izan zuen jarrerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- 2021-2022 ikasturtean eskolaldi jarraitua nahitaezkoa izateari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Pedro José González Felipe jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako enpresetan langileen eskubideen aurka egindako delituei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Kultura eta Kirol Departamentuak toki entitateei pandemiatik heldu diren aparteko gastuak konpentsatzeko aukerari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.

- Albaramendu delituagatik kondenatuei indultua emateari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako zahar-etxeetan pandemian zehar hilkortasun-inpaktuari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaritzaren dimisioari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren deialdietan euskara merezimendu gisa baloratzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Blanca Regúlez Álvarez andreak aurkeztu du.

- Nazionalismoaren aldeko enpresa eta negozio zehatz batzuk gainfinantzatuz euskara babesteari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du. Geroa Bai parlamentu-taldeak eskatuta, ez da onetsi, hurrengo ostegunerako, ekainaren 3rako, deituta dagoen Osoko Bilkuraren gai-zerrendan sartzeko denborarekin birformula dadin.

- Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumena Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Isabel Aramburu Bergua andreak aurkeztu du.

 

IDATZIZKO GALDERAK:

- Iruñeko Castillo de Javier hotelak jasotako laguntza ekonomiko publikoei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Tuterako Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoan 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan matrikulatutako ikasleei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

- Vianako Defontaine Ibéricari emandako laguntza publikoei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Azpiegitura proiektuak betetzean zuhaitzak mozteari eta basoberritzeko proiektuei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen batzarrak jasotzat eman dute Audenasak jarritako gora jotzeko errekurtsoa dela-eta Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartutako erabakiei buruzko fiskalizazio-txostena Kontuen Ganberaren 2021erako lan-programan sartu izana.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen batzarrak jasotzat eman dute Nafarroan ama-esneko banku bat sortzeari eta arautzeari buruzko eskari-idazkia, zeina Mirari Isasi García andreak aurkeztu baitu. Zerbitzu Juridikoei eskaria onartzeari edo ez onartzeari buruzko txostena egiteko eskatu zaie.

- Aldarrikatu egin dira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Sala Zibil eta Penaleko magistratu-postu bat betetzeko hiru juristako zerrenda hautatzeko aurkeztutako hautagaitzak. Hautagaitzak honakoak dira: María Ángeles Egúsquiza Balmaseda eta Eduardo Ruiz de Erenchun Arteche (Navarra Suma), Patricia Moreno Arrarás eta Alicia Chicharro Lázaro (PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu), Guillermo Barrios Baudor (PSN) eta María José Beaumont Aristu (EH Bildu, I-E).

- Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako Nafarroako Parlamentuak hautatu beharreko lau kideak hautatzea, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualde andreak aurkeztu du.

 

Ekainaren 17ko 17:30ak arteko epea zabaldu da hautagaitzak aurkezteko. Talde parlamentarioek edota giza eskubideen eta memoriaren arloko jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek aurkeztuko dituzte hautagaitzak.

 

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gehiengo osoz hautatuko ditu aipatu batzordeko 4 kideak –batzordeak, guztira, 9 kide ditu–, sei urterako.

 

Hautaketarako honako arau hauek onetsi dira:

1. Hautaketa Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak eginen du gehiengo osoz talde parlamentarioek edota giza eskubideen eta memoriaren arloko jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek proposaturiko hautagaien artean.

Hautagaitzak gehienez ere lau pertsonaz osaturik egonen dira. Beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa izan eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, zintzotasun-, kualifikazio- eta esperientzia-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunek osaturikoak izanen dira, eta 2021eko ekainaren 16ko 17:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

2. Hautagai-proposamenei curriculum profesional bat gehitu beharko zaie, bai eta zinpeko deklarazio bat ere, non hautagaiek adieraziko baitute beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa dutela; halaber, proposaturiko pertsonak emandako berariazko onarpena ere jasoko da.

3. Mahaiak, hautagaitza aurkezteko epea amaituta, aztertu eginen ditu eta, kasua bada, aldarrikatu eginen ditu, egoki den osoko bilkuraren gai-zerrendan jasoak izan daitezen. Hautagaitza-errefusatzerik egonez gero, horren aurka helegitea aurkezten ahalko zaio Mahaiari, eta hark modu arrazoituan ebatzi beharko du.

4. Hautespenaren xedea jurista-hirukote bat osatzea izanen da, eta Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eginen da, paper bidezko bozketa sekretu bidez. Paperetan, foru parlamentariek gehienez lau izen idazten ahalko dituzte.

Boto eskuordetua lehenbiziko bozketaren amaieran emanen da. Horretarako, talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzaren barruan, handienetik txikienera, botoa eskuordetu duten pertsonak banan-banan deituta bozkatuko da.

5. Boto gehien eta Legebiltzarreko gehiengo osoa lortzen dituzten lau hautagaiak izanen dira hautatuak.

6. Hautaketarako erabakigarria den berdinketa gertatuz gero, boto-kopuru bera lortu dutenen arteko bozketak errepikatuko dira, berdinketa hautsi arte.

7. Aurreko bi apartatuetan xedatutakoa bete ondoren posturen bat bete gabe gelditzen bada, arau hauetan postu hutsik izendatzeko xedaturiko prozedurari ekin beharko zaio.

8. Nafarroako Parlamentuko lehendakariari hautaketaren emaitza jakinarazita, horrek Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari jakinaraziko dio Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako hautaturiko lau kideen izendapena.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iritzi publikoari eta berrikuntza sozialari buruzko Nafarroako Parlamentua Katedrari helaraztea talde parlamentarioek Iritzi Publikoari buruzko Nafarroako Parlamentuaren 2021eko Barometrorako galdetegiari aurkeztutako ekarpenak.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesten baitu Equipo Europa gazteen elkarte europazale eta apartidistaren “Zuhaitz bat, Europaren alde” ekimena. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak aho batez adierazten du Equipo Europa gazteen elkarte europazale eta apartidistaren “Zuhaitz bat, Europaren alde” ekimena babesten duela, eta honakoak egiteko konpromisoa hartzen du:

 

1. #ZuhaitzbatEuroparenalde ekimenarekin bat egitea sustatzea Nafarroako udalen artean.

 

2. Jasangarritasunari buruzko kontzientzia soziala areagotzea toki esparruan.

 

3. Gazteek tokiko jasangarritasuna lortzeko duten funtsezko zeregina aitortzea.

 

4. #ZuhaitzbatEuroparenalde ekimena sustatzea Parlamentuaren komunikazio instituzionalean, webgunean eta sare sozialetan.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere osotasunean bat egiten du Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila.

 

Nafarroako Parlamentua, zeina erakunde ezaguna baita saharar herriaren eta Aljerian errefuxiatuta dauden biztanleen defentsarekiko konpromiso iraunkorragatik, erabat atxikitzen zaio ekimenari, eta pertsonei nahiz kolektiboei dei egiten die horrekin bat egin dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak ekimen horretan aukera bat dakusa saharar herriaren egoera ikusarazteko, Marokok Mendebaldeko Saharan egindako okupazioa gaitzesteko, lurralde horretako natur baliabideen espoliazioa salatzeko eta Nazio Batuei nahiz nazioarteko gainerako eragileei exigitzeko deskolonizazio-prozesuaren burutzean erabakitasunez esku har dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aitzinean "saharar populazioaren interesak babestea eta haren erakunde politikoak garatzea, hura Gobernu propioaren osotasunera eramateko.

 

Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok ilegalki okupatzen duela Mendebaldeko Sahara, eta ez zaiola lurralde horren gaineko inolako subiranotasunik aitortzen.

 

Nafarroako Parlamentuak erabateko konbentzimendua dauka Mendebaldeko Saharako auziak bere horretan dirauela sahararrei beren askatasun eta autodeterminaziorako eskubide zilegiak ukatzen zaizkielako.

 

Nafarroako Parlamentuak bere indar guztiarekin gaitzesten ditu Marokoko Erresumak saharar populazioaren aurka oro har, eta giza eskubideen defendatzaileen aurka zehazki, Sahara okupatuan eginiko errepresio-egintzak, bizileku-bortxaketak, bizileku-setioak, eraso fisikoak, torturak, larderiak eta derrigortze fisikoak.

 

Nafarroako Parlamentuak kezkarik handiena adierazten du beren askatasunerako eskubide zilegiak erreibindikatzen dituzten sahararren desagerpenen eta kartzelaratze bidegabeengatik, eta saharar preso guztiak berehala askatzea eskatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuak ez du inolako justifikaziorik ikusten Marokok Mendebaldeko Saharan gauzatzen dituen errepresio-egintzen inguruan daukan zigorgabetasunerako.

 

Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Mendebaldeko Saharako egoera gertutik jarraitzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Kontuen Ganbera, ehunka urte dituen erakundea den aldetik eta kudeaketa publikoaren kontrolerako erakusgarri eta erreferente den aldetik, honako taldeek aurkeztua: PSN, Geroa Bai eta Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Kontuen Ganbera, Nafarroako herritarrek berezkoa sentitzen baitute ehunka urte dituen erakunde hori, kontu eta kudeaketa publikoak kontrolatzeko erakundeen sorrerari begira erakusgarri eta erreferentea dena.

 

2. Nafarroako Parlamentuak espresuki aitortzen du Nafarroako Kontuen Ganberak egindako lana, herritarrei kontrol politikoa eta segurtasun juridikoa eskaintzeko balio izan duena.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errespeturik erabatekoena adierazten die haren lanari eta jarduketei”.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:

- Nafarroako Parlamentuari ikus-entzunezko zerbitzuak emateko kontratua, Navarra Televisión-i adjudikatua, luzatzea onetsi da. Lehendakariak (Unai Hualde), lehendakariordeek (Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez), eta lehen idazkariak (Juan Luis Sánchez de Muniáin) alde bozkatu dute. Bigarren idazkaria (Maiorga Ramírez) abstenitu egin da.