Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Azaroak 23

2021eko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldi-programa aurkeztu du Parlamentuak

Erretiroa hartu duten langileei omenaldia, Nafarroako Konstituzio Historikoari buruzko jardunaldi bat eta Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformari saria emateko ekitaldia, beste jarduera batzuen artean

Abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldi-programa aurkeztu du gaur Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak.

 

Antolatutako programari datorren azaroaren 26an emanen zaio hasiera, Nafarroako Konstituzio Historikoa jardunaldiarekin. Abenduaren 1ean Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformak Nafarroako Parlamentuaren domina jasoko du, eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak kontzertua eskainiko du. Abenduaren 2an, omenaldi bat egingo zaie erretiroa hartu duten Nafarroako Parlamentuko langileei, eta ondoren Nafarroako Musika Banden Federakundearen kontzertua izanen da. Horrez gain, abenduaren 3an Parlamentuaren egoitzaren aurrealdea gorriz argiztatuko da.

 

Unai Hualdek esan duenez, "arlo akademikoa, instituzionala eta kulturala uztartzen dituen programa da, Ganbera herritarrengana hurbiltzeko dugun nahiari men eginez".

 

Nafarroako Konstituzio Historikoari buruzko jardunaldia

 

Nafarroako Egunaren harira ospatuko den ekitaldi-programa azaroaren 26an hasiko da Nafarroako Konstituzio Historikoa izeneko jardunaldiarekin, NUPeko Investigación I-Communitas-Institute for Advances Social Research Ikerketa Institutuarekin batera antolatuta. 10 ponentzia izanen dira.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Juan Mª Sánchez-Prieto I-Communitaseko zuzendariak eta Roldán Jimeno jardunaldietako koordinatzaileak jardunaldiari hasiera eman ostean (9:30), hurrengo hizlariek parte hartuko dute: Carlos Garriga (Euskal Herriko Unibertsitatea), Jean-Baptiste Busaall (Université de Paris), Mercedes Galán (Nafarroako Unibertsitatea). Eztabaida baten ostean, honako hauek jarraituko dute: Roldán Jimeno (NUP. I-Communitas), Mikel Lizarraga (NUP. I-Communitas) eta Carlos Rilova (EHU).

 

Arratsaldeko saioan (17:00) parte hartuko duten hizlariak dira: Amaia Álvarez (NUP), Daniel Bermejo (EHU), Juan María Sánchez-Prieto (NUP. I-Communitas) eta Juan Cruz Alli (NUP).  

 

Eztabaida baten ostean, Gregorio Monreal Iura Vasconiae Fundazioko lehendakariak Fernando Mikelarenaren Discursos y actitudes en torno a la Constitución histórica de Navarra y a la reintegración foral (1770-1983) liburua aurkeztuko du.

 

Parlamentuaren domina Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformari

 

Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldi-programari abenduaren 1ean emanen zaio jarraipena. Nafarroako Parlamentuaren Domina Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformari emateko ekitaldi bat eginen da. Sariarekin aitortza egin nahi zaie "plataformaren ibilbide osoari eta hura osatzen duten talde eta entitate guztiei pertsona zaurgarrienekin egiten duten lanagatik eta erakundeekiko lankidetzagatik". Osoko Bilkuren aretoan eginen da 11:00ean eta Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak eta Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformaren ordezkari batek parte hartuko dute.

 

Arratsaldean (19:00) Euskal Herriko Txistularien Elkarteak 1521 kontzertua eskainiko du. Ikuskizun integrala da, non musika-konposizioak ikus-entzunezko konposizioekin ilustratzen diren formatu handiko pantaila batean.

 

Erretiroa hartu duten Nafarroako Parlamentuko langile ohiei omenaldia

 

Nafarroaren eguna ospatzeko ekitaldi-programa abenduaren 2an amaituko da, erretiroa hartu duten Nafarroako Parlamentuko langile ohiei omenaldiarekin. 18:00etan izanen da Areto Instituzionalean.

 

Ondoren, 19:30ean, Nafarroako Musika Banden Konfederakundeak kontzertua eskainio du atalondoan, eta Vanessa Gardek Noaingo Batailaren V. mendeurrena oroitzeko egin duen konposizioa aurkeztuko da.

 

Abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Nafarroako armarria duen ikur-oihala jarriko da Ganberaren egoitzaren fatxadan, eta iluntzean aurrealdea gorriz argituko da.