Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 17

2022-2028 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko martxoaren 17an

Parlamentuaren osoko bilkurak 2022-2028 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. Toki erakundeek Nafarroako tributuetan kapital-transferentzien bidez parte hartzeko duten funtsaren kargura, plan horrek 30 milioiko zuzkidura du, eta aurten Inbertsio Programen eta Determinazio Libreko Programaren artean erdibanatuko da.

 

Toki Ogasunen Funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak, berriz (azpiegitura eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), 18/2016 Foru Legeak arautzen duen Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira. Lege hori indarrean dago, indarraldia luzatu baitzaio arau berria prestatu arte.


Legearen bidez lurralde kohesioa eta toki autonomia indartu nahi dira. Lege horrek arautzen duen Toki Inbertsioen Planak hiru atal ditu: Inbertsio Programa, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa. Lehenbiziko bien plangintza hiru urtean behingoa izanen da (2023-2025 eta 2026-2028), eta hirugarren kasuan urterokoa.

 

Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan ezarritako zenbatekoarekin bat etorriz, Toki Inbertsioen Planak 30 milioiko zuzkidura izanen du 2022an. Geroko ekitaldietan zenbatekoa zehazteko, aurreko ekitaldiko aurrekontuan ezarritako zenbatekoari aplikatuko zaio Foru Komunitateak aurreko ekainean izandako urtearteko KPIa. Xedatutakoari lotu beharko zaizkio Nafarroako Aurrekontu Orokorrak, eta urtero Toki Inbertsioen Planeko hiru programak betetzeko behar adina kreditu izan beharko dute.

 

Hala ere, Toki Inbertsioen Planaren zuzkidura handitzen ahalko da atxikitako diruzaintzako gerakinarekin egindako ekarpen gehigarriekin, toki erakundeei eskatutako diru-itzulketetatik datozen sarrerekin edo izaera bereko beste kreditu batzuekin. Gainera, toki inbertsioen planetako ekarpenak bateragarriak izanen dira bai haien artean bai beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzekin.

 

Oro har, eta 2022rako xedatutakoa eragotzi gabe, toki inbertsioen planak honako portzentaje hauetan banatuko dira hasiera batean: Inbertsio Programarako % 30, Toki Programaziorako % 40 eta Determinazio Libreko Programarako % 30. Aurten, esan bezala, Inbertsioen eta Toki Programazioaren artean erdibanatuko da (15na milioi). Bi kapitulu horiei esleitutako zenbatekoen % 3 gordeko da larrialdiko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta ordainketei aurre egiteko.

 

Inbertsio Programen atalak 15 milioiko zuzkidura du. Jarduketa zehatzak egiteko erabiliko da uraren goi-horniduraren arloan eta horrelako proiektuetan, bai eta hiri hondakinen tratamendurako ere. Bestalde, estaldura emanen die Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren proposamen batzuei, 2019-2030 aldirako Uraren Ziklo Integralaren Plan Gidaria eta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Plana direla-eta.

 

Toki Programazioaren kapituluak inbertsiorako beharraren mailaren sailkapena du oinarri. Hala, premiazko inbertsioa izan daiteke, edo epe laburrean beharrezkoa, edo komenigarria, edo lehentasunik gabekoa. Halaber, kontuan hartuko da biztanle bakoitzeko zenbat jaso den azken bi TIKetan edo plangintza-aldietan. Inbertsioak aurreikusten dira hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareetarako, zoladura-lanak sareekin eta sarerik gabe egiteko, zeharbideen urbanizazio-lanetarako eta toki zuzkiduretarako.

 

Zoladura-lanak sareekin egiteko inbertsio lerroan, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareetarako inbertsioekin batera gauzatuko diren obrak baino ez dira onartuko.

 

Ez da aplikatuko antzinatasunaren irizpidea (15 urte, eta hornidura eta saneamendu sareen kasuan 30) inbertsioen xede nagusia denean energia aurrezteko jarduketak eta/edo irisgarritasun arlokoak egitea.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio, babesa ematen dioten bost taldeek hala eskatuta, etorkizuneko plangintza-aldietan inbertsio-lerro berri bat txertatzeko, argiteria publikoari buruzkoa. Navarra Sumak zuzenketa horren alde bozkatu du.

 

Toki Programazioaren atalean bertan, 150.000 eurotik 160.000ra handitu da toki erakunde bakoitzeko gehieneko ekarpen ekonomikoa, sarerik gabeko zoladura-lanetarako eta udal eta kontzejuetako zuzkiduretarako. 

 

Inbertsioen eta Toki Programazioaren programei dagokienez, arau orokor gisa, gehieneko ekarpen ekonomikoaren % 65 ordainduko da ofizioz, bi hilabeteko epean inbertsioa behin betiko sartzeari buruzko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Gainerakoa inbertsioa justifikatu ondoren ordainduko da.

 

Aurreikusten da inbertsioak Nafarroako Gobernuarekin lankidetza araubidean egiteko aukera, eta lankidetza hitzarmenak izenpetzea toki erakunde batzuen artean batera egin beharreko obren kudeaketarako.

 

Determinazio Librerako, hau da, toki erakundeek beren interes eta beharren arabera libreki zehazten dituzten inbertsio jarduketetarako, 15 milioi gordeko dira. Banaketarako irizpide gisa kontuan hartuko dira, batetik populazioa (populazio tartearen araberako zenbateko finkoa), eta bestetik sakabanaketa geografikoa, zenbateko gehigarri bat jasoko baitute udalerri konposatuek eta biztanlegune atxikiak dituzten udalerri bakunek.

 

Udalerri bakoitzaren populazio tartearen araberako zenbateko finkoa 2023tik aurrera urtero handituko da Nafarroako Foru Komunitatearen aurreko ekaineko urtearteko KPIari jarraituz. 

 

Programa horretan, udalerri konposatuei esleitutako ekarpenetik kenduko den zatia, kontzejuen artean banatzekoa, % 60tik % 50era murriztu da. 

 

Nolanahi ere, kontzeju bakoitzari dagokion gutxieneko zenbatekoa lortuko da udalerri konposatuari hasieran esleitu zaion ekarpenetik beharrezkoa den zenbatekoa kenduz, kasua bada. 

 

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planeko erreserbako obrak izapidetu eta ebatziko dira 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen 18/2016 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz. 

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (28. NPAO, 2022- 03-04koa)
  • Zuzenketak (28. NPAO, 2022-03-04koa) 
  • Irizpena (34. NPAO, 2022-03-15ekoa)