2022ko aurrekontuetan indarkeria matxistaren aurkako politika eta baliabideetarako aurrekontua % 15 handitu dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak “autokonplazentzia ikusten duen, emaitzak ikusita, argi baitago ez dela asmatzen ari”
Navarra Sumak "autokonplazentzia" leporatu dio Nafarroako Gobernuari genero indarkeriaren aurkako politiken emaitzen aurrean, emaitza horiek, koalizioaren ustez, “argi uzten baitute ez direla asmatzen ari”. Indarkeria matxistari dagokionez, PSNk "Voxen postulatuak bereganatzea" leporatu die UPNren, PPren eta Ciudadanosen koalizioari.
Kontrolerako osoko bilkuran Navarra Sumak aurkeztutako interpelazio bati erantzunez, Javier Remírez lehendakariorde eta Berdintasuneko kontseilariak nabarmendu du indarkeria matxista "eskubideak eta askatasunak mugatzen dituen egiturazko arazoa" dela, eta aurten 37 emakume eta bost adingabe erail dituztela, horietako bat, gogorarazi du, Murchanten (Nafarroa). Konpromisoa hartzeko deia luzatu du, “hasitako borroka ahuldu ez dadin eta desberdintasunaren zutabeak iraultzeko gai izan gaitezen".
Halaber, Remírezek "biktimak indartzearen" aldeko apustua egin du, "ziurtasunak emanez, erakundeak aliatutzat izan ditzaten eta indarkeria-egoerari baliabide egokiekin amaiera emango dion bidean lagun egin diezaioten". Erasotzaileei aurre egiteko “betebeharra" azpimarratu du, eta, aldi berean, "indarkeriaren existentzia ukatzen dutenei aurre egiteko babes-sare bat" dugula nabarmendu du.
Kontseilariak adierazi duenez, indarkeria matxistaren aurkako politika eta baliabideetara bideratutako aurrekontuak % 15 egin du gora 2022ko aurrekontuetan, aurreko urtearekin alderatuta, eta biktimentzako zerbitzuetarako aurrekontua % 38 igo da. "Ekintzekin eta baliabideekin baieztatu dezakegu Gobernu feminista garela, berdintasun-politikak sustatzen dituena eta horretan sinisten duena", adierazi du Remírezek, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko Gobernu, Legebiltzar eta gizarte gisa konpromisoa hartu behar dugula gaineratu du.
Aitzitik, Remírezek Navarra Sumari aurpegiratu dio Aurrekontuen inguruan "huts egin duen negoziazioan" planteatu dituzten 12 puntuetatik bat bera ere ez zegoela zuzenduta "indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko baliabideak indartzera".
Isabel Olavek (Navarra Suma) genero indarkeriaren aurkako estrategia batzuen aurrean "autokonplazientea" izatea leporatu dio Foru Gobernuari. Estrategia horien emaitzek argi uzten dute “ez dela asmatzen”. Gainera, ziurtatu duenez, NABIn egiten dituzten politika guztien inguruan ebaluazioa eskatzen zaie, eta “ez dute bakar bat ere egin. Erasotzaileak ugaritu egin direla dirudi, eta indarkeriazko jokabideak gehiago dira", azpimarratu du Olavek, eta Gobernuari galdetu dio ea ez duten uste "zerbait benetan gaizki egiten ari ote diren", eta ea egindako politikak "berrikusteak" emaitzak hobetzen lagun dezakeen.
Olavek azpimarratu du Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Foru Legea, "UPNren gobernuarekin onartu zena, tresna bikaina" izan dela, emakumeen aurkako indarkeriaren kontzeptua zabaldu baitu "ikuspegi integral” batetik, idazketa parte-hartzailea izan baitzuen eta Nafarroa "Espainiako erreferente nagusi” bihurtu zuelako.
Nuria Medinak (PSN) adierazi duenez, indarkeria matxista "gizarte gisa dugun defizit demokratiko nagusia da, gure gizarteko genero-desberdintasunaren adierazle da eta erakunde, alderdi eta gizarte guztien konpromiso partekatua eskatzen duen giza eskubideen urraketa da”. Konpromiso horrek "ekintza eskatzen du, eta ez itxurakeria", gaineratu du Medinak, eta UPNri "Voxen postulatuak bereganatzea" leporatu dio. "Berdintasunerako Foru Legearen aurka bozkatu zenuten eta 2007ko lege organikoan abstentzioa bozkatzeaz gain, honen aurkako helegitea aurkeztu zenuten", aurpegiratu dio. Bestalde, azpimarratu du PSNrentzat berdintasun politikak "lehentasuna" direla "gobernuan eta oposizioan gaudenean".
Jabi Arakamak (Geroa Bai) gogor kritikatu du Navarra Suma koalizioak genero indarkeriaren aurkako Foru Legeaz "jabetzeko" egin duen "saiakera zakarra", eta adierazi du "hiri baten irudia lausotzen duena ez dela sexu erasoak publiko egitea, alfonbraren azpian sartzea baizik. Gizarte osoa sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko baliabide gehiagorekin eta hobeekin lan egiteko" deia egin du, baita Lehen Mailako Arreta, gizarte-zerbitzuak, polizia eta irakaskuntza bezalako baliabide eta arloetan ere. "Diskurtso ukatzaileak" eta genero-indarkeriaren "normalizazioa" eta "ikusezintasuna" "errazten" dituen sistema gaitzetsi du.
Patricia Perales (EH Bildu) "sinesgogor" agertu da Navarra Sumak "indarkeria matxistarekiko" duen konpromisoaren aurrean, eta koalizioari "jarrera politika" bat egitea leporatu dio, "ez duelako inolako oinarri feministarik, ezta berdintasunezkorik ere". Ildo horretan, azpimarratu du Enrique Maya Iruñeko alkateak proposatu zuela "udalak gai horrekin duen konpromisoa agerian uzten duen hiriko kartelak ezabatzea", eta gaitzetsi du Navarra Sumak "kasu guztiak salatzeko" protokoloa "ezabatu" nahi duela, "arazo hori berriro ezkutatu eta gai pribatuak eta partikularrak direla esan nahi dutelako".
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, “politika publikoetan genero-ikuspegia aplikatzeak eraldaketa publikoa, soziala eta ekonomikoa esan nahi du, bai eta sistema patriarkal eta kapitalistarekin amaitzea, emakumeak kalteberatasun- eta diskriminazio-egoeran jartzen gaituztelako". Gainera, nabarmendu duenez, "politikan feminismoa ez da hitz egitea, egitea baizik", eta feminismoa "ez da emakume izatea, ideia politiko bat. Emakumeentzako bizitza librea lortzeko, funtsezkoa da administrazio publikoetan uste feministak dituzten profesional espezializatuak izatea”.
Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) ohartarazi du genero-indarkeriak, "gesagertu beharrean, bere horretan jarraitzen duela, egiturazkoa delako". Hori dela eta, "funtsean, mamian" eragiteko deia egin du, hau da, "desberdintasunean". Deitoratu duenez, "gizarte bortitzagoa dugu, suminkorragoa, bereziki gure nerabeak", eta azpimarratu du "asko geratzen zaigula egiteko", eta egungo egoerak "hausnarketa eta gauza gehiago egitea" eskatzen duela. Eta "laneko desberdintasunari eraso" egitearen eta adingabeei familian eta eskolan prestakuntza ematearen aldeko apustua egin du.