2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak aldatzeko Foru Legea onetsi da
Argindarra, gasa eta erregaiak ordaintzeko kredituak eguneratu dira, kontabilitate-akats bat zuzendu da, eta handitu daitezkeen partiden artean Europako proiektuen jarraipenari eskainitakoa sartu da
Parlamentuaren osoko bilkurak 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin.
Gobernuak sustatutako Foru Legearen xedea da argindarraren, gasaren eta erregaiaren gastuei aurre egiten dieten partidei kreditu gehigarriak ematea, sektore horietan izandako prezioen igoera nabarmenaren ondorioz, departamentu guztiek jasaten dituzten izaera horretako gastuen kapituluak zabaltzeko.
Gainera, handitu daitezkeen partiden zerrendari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko proiektuen jarraipenari lotutako bat gehitu zaio. Izan ere, plan horretarako funtsak ez daude itxita eta aurreikusten da ekitaldian zehar handitzea, Estatuak transferitu ahala onartzen diren proiektuetarako.
Bestalde, uneko ekitaldian sozietate publikoek ematen dituzten maileguen gehieneko arrisku biziaren zenbatekoa 123 milioitik 143ra igo da, ez baitzetorren bat errealitatearekin, akats bat dela-eta 20 milioi euro kontabilizatu gabe geratu baitziren.
Langileei dagokienez, xedapen gehigarri bat gehitzen da, eta horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin administrari gisa aritzeko kontratu bat sinatu duten izangaiak ez dira “ez prest” gisa agertuko koordinazioko operadore laguntzaile lanposturako kontratazio zerrendetan kontratu hura indarrean dagoen bitartean.
Izangai batek koordinazioko operadore laguntzaile gisa aritzeko aldi baterako kontratu bat onartzen badu aldez aurretik uko eginda administrari gisa lan egiteko aldi baterako kontratu indardun bati, horrek ez du eraginik izanen hark administrari lanposturako kontratazio zerrendetan duen egoeran.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek hiru hilabeteko epea izanen dute beren tresna informatikoak egokitzeko. Epe hori igarota, xedapen honetan jasotakoak indarra hartuko du.
Azkenik, Gaztelu Elkartearekin hitzartutako partida baten izena zuzendu da (Amaiurren 500. urteurrenaren ospakizuna), aurreko testuak Sozietate gisa aipatzen baitzuen.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako zuzenketa bat aho batez onartu da, Eguesibarreko Udalaren irizpidea errespetatuz, kirol anitzeko gune bat eraikitzea aurreikusita dagoen lurzati aldaketa formalizatzeko. 90.000 euroko transferentziaren esleipena, beraz, Sarrigurengo 15. poligonoko 413. partzelatik eremu horretako 427. partzelara lekualdatuko da. Lursail hori izango da, azkenean, azpiegitura hori kokatzeko egokituko dena. Udalak dioenez, baldintza egokiagoak eskaintzen ditu kirol anitzeko pista batzuetarako.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (77. NPAO, 2021-06-10ekoa)
Archivos adjuntos
Enmiendas a la Ley de modificación de la Ley Foral de PGN para 2022