Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Ekainak 30

2023ko ekainaren 30eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, OSTIRALA, EKAINAK 30, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –ostirala, ekainak 30–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak honako hau jasotzat eman dute, eta argitara dadin agindu: 2/2023 Legegintzako Foru-dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita irabazi asmorik gabeko fundazioen eta bestelako erakundeen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgoaren zerga-pizgarrien testu bategina. Foru lege baten bidez eginiko eskuordetzea egokiro erabiltzen dela kontrolatzeaz parlamentu berria arduratuko da.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak honako hau jasotzat eman dute, eta argitara dadin agindu: 3/2023 Legegintzako Foru Dekretua, ekainaren 21ekoa, tributu-harmonizaziokoa, zeinaren bidez aldatzen baitira 19/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa, eta 20/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, Zerga Bereziei buruzkoa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Parlamentuko Osoko Bilkurak zein batzordeek 2022ko maiatzetik 2023ko apirilera bitartean onetsitako ebazpenen betetze-egoera. Honekin batera, Excel taula.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroa Kutxa Fundazioaren urteroko kontuei buruzko auditoretza-txostena, 2022ko ekitaldikoa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2022ko ekitaldiko "publizitate instituzionala" partidaren betetzeari buruzko informazioa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2023ko maiatzean egindako aurrekontu-aldaketak, eta agindu dute horiek Kontuen Ganberari igortzea. Honekin batera, Excel taula.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2022ko ekitaldiko Nafarroako Arartekoaren urteroko kontuei buruzko fiskalizazio-txostena, eta agindu dute argitara dadila.

- Eledunen Batzarrak 2022ko Nafarroako Arartekoaren urteroko kontuak onetsi ditu.

- Iritzi Publikoari buruzko 2023ko Barometroa, Nafarroako Parlamentuaren aginduz egina. Ekobarometroa. Gai multzoak eta horiei buruzko galderak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak igorri du. Hurrengo bilkurarako utzia.

- Lehendakariak inbestidura-prozesuaren berri ematea. Unai Hualdek azaldu du ez dagoela inolako hautagaitzarik aurkezteko moduan, aurkeztu den bakarra (María Chivite, PSN) behar diren sostenguak lortzekotan baitago oraindik.

- Uztaila gaitzea inbestidura-prozesuko jarduketetarako, eta luzatzea Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzarako hautagaitza proposatzeko epea (15 egun baliodun) nahiz Erregelamenduan aurreikusitako legegintza-batzordeak eratzeko epea (hurrengo bilkuraldira arte).

- Mahaiak jasotzat eman du Nafarroako Alderdi Popularraren talde parlamentarioak aurkezturiko idazkia, zeinetan eskatzen baitu Legebiltzarreko Mahaiaren bilkuretan parte hartzea, Erregelamendu berriak aurreikusten duen bezala, hizpidearekin baina botorik gabe.

- Mahaiak erabaki du zerbitzariak ostatatzeko espazio tekniko bat errentan hartzea, segurtasun-kopia bat Nafarroako Parlamentuaren egoitzatik kanpo edukitze aldera.

- Mahaiak onetsi egin du txosten-oharra, Legebiltzarreko Osoko Bilkuren aretoko gonbidatuen palkoa XI. legegintzaldian zehar banatzeko moduari buruzkoa. Gonbidapen-banaketa.

- LGTBIQ+ Harrotasunaren 2023ko Egunaren ospakizunarekin bat egitea. Lehendakariak esplikatu duenez, prentsa-komunikatuan jakinarazi zen bezala, heldu zitzaion 2023ko urtarrilaren 23ko erabakiari, zeinak, baimentzen baitu nazioarteko, munduko eta nazioko egunak ospatzea, ekimen sozial eta sanitario desberdinen aldekoak, betiere horretarako eskaera egin bada. Kasu honetan,‘Kattalingorri’k egina da.

- Mahaiak onetsi egin du “Navarra es fiesta. Stop agresores/Nafarroa jaia da. Erasotzaileak stop” kanpaina Nafarroako Parlamentuan egiteko proposamena, Legebiltzarreko Lehendakaritzak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eskatuta. Hori dela-eta, fatxada nagusian hizpide hori duen olana bat paratuta egonen da uztail eta abuztuan zehar.

- Lehendakariak azaldu du 2022ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdiaren arabera finantzatutako proiektuaren justifikazio-txostena.

- Lehendakariak azaldu du 2022ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdiaren arabera finantzatutako proiektuaren justifikazio-txostena.

- Mahaiak jasotzat eman du Garapenerako Hezkuntzako 2023ko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiari buruzko ebazpena.

- Mahaiak jasotzat eman du foru parlamentari ohientzako diru-esleipen berezien berri.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baterako proposamena errefusatu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu LGTBI kolektiboaren Harrotasunaren Egunaren ekainaren 28ko ospakizunarekin. Proposamena UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

PPNk aldeko botoa eman du, testua proposatu dutenekin batera; Vox-ek aurkako jarrera hartu du.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Harrotasunaren Egunaren ekainaren 28ko ospakizunarekin, eta herritar guztiei dei egiten die egun hori dela-eta deitutako ekitaldietan parte hartzera, eta defenda eta erreibindika dezaten eskubide gehiagoko etorkizun baterantz aurrerapauso irmoak ematen segi daitezen.

 

2. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa agertzen du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, Nafarroa sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askea izan dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa azaltzen du  bestelakotasun afektibo-sexualean eta hezkidetzan heztearekin, horiek funtsezko lanabes izaki diskriminazioa ezabatzeko, eta nahitaezkoak funts publikoz ordaindutako ikastetxe guztietan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du bestelakotasuna babestua izatea, eta horri zor zaion begiruneari euts dakiola. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du".