2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legea
Osoko bilkurak onetsia. 2022ko abenduaren 22an
Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea. 5.748.951.173 euroko kredituak bildu dira, horietatik 5.238.730.313 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio eta 510.220.860 euro gastu finantzariori (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa). Navarra Sumak aurkako botoa eman du.
Legearen 2. artikuluan jasorik dagoenez, 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 5.748.951.173 euroko kredituak bildu diren, atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.
5.238.730.313 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga, 2022koarekin alderatuz % 9,28 gehiago. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori. 2022rako aurrekontuarekin alderatuz, desberdintasuna 471 milioi eurokoa da, eta horietatik 249 europar funtsetatik eratorriak dira.
Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 4.300.512.485 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa eta Estatuari egindako ekarpena deskontatuta.
Hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.
Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.
Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez (4. artikulua), Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.
Europar Batasunak kofinantzatutako proiektuak jasotzen dituzten partidei zuzenean eragiten dien kreditu-aldaketa orok Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko txostena beharko du. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (FEADER) kofinantzatutako kredituei eragiten dieten aldaketak salbuetsita daude.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47. artikuluaren 1. paragrafoaren a) idatz-zatitik g) idatz-zatira bitartekoetan aipatzen diren kredituez gain, 2023ko ekitaldirako zabalgarritzat joko dira terrorismoaren biktimen edo motibazio politikoko ekintzen biktimen aitorpenaren eta erreparazioaren ondorioz onar litezkeen dirulaguntzak eta maileguak emateko dauden edo sortu behar diren partida guztiak, bai eta Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketari dagozkion partida guztiak ere.
Era berean, zabalgarritzat joko dira Osasunbideako itxaron-zerrendak murrizteko neurriak finantzatzeko dauden edo sortu behar diren partida guztiak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluaren mugarik gabe.
Ekonomia eta Ogasun Batzordean abenduaren 12 eta 15 bitartean egindako eztabaidan onetsitako 347 zuzenketa jasotzen ditu legeak (guztiak PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-k eta I-Ek sinatuta, konbinazio desberdinetan). Onetsitako zuzenketen balioa 16.449.369 eurokoa da.
Osoko bilkurako eztabaidan beraz Navarra Sumak mantendutako 379 zuzenketa eztabaidatu dira (beste 15 testu artikulatuari aurkeztutakoak). Gaur aurkeztutako bost in voce zuzenketak (Gobernua babesten duten taldeek aurkeztutako lau eta Navarra Sumak aurkeztutako bat) ez dira onartu. Navarra Sumak izapidetzeari uko egin dio, adieraziz ez zutela horien berri, eta PSNko bozeramaileak gezurtatu egin du hori. Babesik lortu gabe, Navarra Sumak mantendu dituen zuzenketen multzoa baztertu egin da.
Eztabaida amaitu denean, 2023ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Lege proiektuaren behin betiko bozketa egin da.
Azaroaren 4an izapidetzeko onartu zen 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen Proiektuak, Navarra Sumak egindako osoko zuzenketa gainditu zuen, Gobernuari kontuak itzultzeko babesik lortu gabe.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege proiektua (125. NPAO, 2022-11-07koa)
- Zuzenketak (130. NPAO, 2022-11-14koa)
- Zuzenketak (140. NPAO, 2022-12-05ekoa)
- Irizpena (148. NPAO, 2022-12-22koa)