Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Azaroak 24

2023ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldi-programa prestatu du Parlamentuak

Ate irekien jardunaldiak, Nafarroako emakumezkoen kirolari Parlamentuaren Domina emateko ekitaldia eta Iruñeko Orfeoia, Txistularien federazioa eta Ortzadar taldearen kontzertua

Datorren abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatzen dela eta, Nafarroako Parlamentuak egitaraua antolatu du. Abenduaren 1ean eta 3an Nafarroako armarridun ikur-oihala paratuko da Ganberaren egoitzaren fatxadan, eta abenduaren 3ko iluntzean, igandearekin, Legegilearen egoitza gorriz argiztatuko da.

 

Nafarroako Parlamentuaren Domina emakumezkoen kirola hobetzeko lan egiten duten pertsona, entitate eta taldeentzat

 

Nafarroaren Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiei dagokienez, abenduaren 1ean, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako emakumezkoen kirolari Domina emateko ekitaldia ospatuko da. Helburua da “kirolaren arloan egiten duten lanaren bidez emakumezkoen kirola gure Komunitatean hobetzen eta bistaratzen lagundu duten pertsona, entitate eta taldeak aintzatestea eta haien lana aitortzea”. Nafarroako Taekwondo Federazioko lehendakariak eta ATEDENA-NAKITELen ordezkari batek jasoko dute domina.

 

Azaroaren 22an Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onartutako adierazpen instituzionala irakurriko da, eta Unai Hualde Foru Legebiltzarreko lehendakariak eta Nafarroako emakumezkoen kirol federatuko eta oinarrizko kiroleko bi ordezkarik hitz egingo dute. Osoko Bilkuren aretoan izango da, 10:00etan.

 

Arratsaldean (19:30, atalondoan) Nafarroaren eguna ospatzeko kontzertua eginen da, Iruñeko Orfeoia, Txistularien federazioa eta Ortzadar taldearen eskutik. Aurretik, (Areto Instituzionalean, 17:30etan), erretiroa hartu duten Nafarroako Parlamentuko langileei omenaldia eginen zaie.

 

Atea irekien jardunaldiak

 

Azaroaren 27an eta 28an Nafarroako Parlamentuak herritarrei ateak irekiko dizkie berriz ere.

 

Azaroaren 27ko bisitak 18:30 eta 19:30etan izanen dira, eta azaroaren 28koak 16:30etan, 17:30etan eta 18:30etan. Bisita egiteko eskaera doakoa da eta 948 209 209 telefonoaren bidez eginen da, 8:00etatik 17:30era astelehenetik ostegunera eta 8:00etatik 15:00etara ostiraletan.

 

Nafarroako Legebiltzarraren egoitza ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen diren herritarrek, Osoko Bilkuren aretoa, Batzordeetarako aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, Atalondoa eta Erakunde aretoa.

 

Parlamentu jarduera non gauzatzen den ikusi ahal izango dute bisitariek, legeak non onesten diren eta Nafarroako Gobernuaren kontrola nondik egiten den. Azken finean, Legebiltzar nafarraren eginkizunei buruzko informazio eta azalpenak jasoko dituzte, bere antolakuntza eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuaren bilduma artistikoa ere ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.