Noiz argitaratua Astelehena, 2025.eko Azaroak 17

2025eko azaroaren 17ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2025eko AZAROAren 17a– EGINIKO BILERAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, azaroak 1710:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea aldatzeari buruzkoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari eragiten dionez (338. artikulua) eta Ganberaren Erregelamenduaren arabera (173. artikulua), proiektua bitan banakatuko da. Gainera, lege-proiektuaren azken xedapenetako lehenengoaren idazketari eta Legebiltzarraren autonomian izan dezakeen eraginari buruzko txosten juridiko bat eskatu da. Txostena eman ondoren, zuzenketak aurkezteko epea irekiko da.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, gobernu zentrala premiatzen da Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikulua (plangintza elektrikoa) alda dezan, lurraldearen araberako sailkapena elementu objektibo –eta erabakigarria– izan dadin egin beharreko plangintzetan. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da A mailako gaixotasunen prebentzio, kudeaketa eta kalte-ordainerako foru-sistema integratu bat ezar dezan, Agroseguroren parte hartzearekin. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Eskaria, baimena eman dadin hizlari batek bideokonferentziaz parte har dezan Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean Médicos del Mundo-ren ordezkariekin egin beharreko lan-bilkuran, saharar kanpalekuetako egoera sanitarioa azaldu dezaten. Lan-bilkura azaroaren 19rako dago deitua, 15:15ean.

- Eskaria, NASTATen eta NUPen ordezkariek datu demografikoei eta datu demografikoek hezkuntza-sisteman duten inpaktuari buruzko azterlanaren emaitzak aurkezteko lan-bilkuraren enuntziatua alda dadin.

- BDZ Nafarroako Richard Weyndling-ekin, CAFen Jerusalemgo proiektua dela-eta izan diren azken gertakariak azaldu ditzan. Contigo Navarra-Zurekin, EH Bildu Nafarroa eta Geroa Bai talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Amnistia Internazionala elkartearen ordezkariekin, "Genozidioa Gazan" txostena azaldu dezaten. Geroa Bai ea Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Olga Chueca Chueca andreak eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu dute. Hedabideak bertan direla eta ikus-entzunezko emanaldian.

 

AHOZ ERANTZUTEKO GALDERAK:

- Tentsiopeko etxebizitza merkatuaren zonaldeak deklaratzeko politika berrikusteari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularra talde parlamentarioko María Isabel García Malo andreak aurkeztu du.

 

IDATZIZ ERANTZUTEKO GALDERAK:

- Nafarroako Ubidea kontratuko 4. eta 9. zenbakiko berroreka ekonomiko-finantzarioei eta X. eranskinari buruzko eragozpenei, ohartarazpenei, legezkotasun-erreserbei edo desadostasun-txostenei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Ubidearen lehen faseko handitze-obren kontratuan izandako atzerapenen arrazoiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Ubidearen lehen faseko handitze-obren atzerapena administrazioari/emakida-emaileari egozteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle doktore laguntzaileei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina López Mañero andreak aurkeztu du.

- Eskola-erizainaren figura ezartzeko aukerari buruzkoa. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioko Carlos Guzmán Pérez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroan goi-tentsioko sarerik izanen ez duten eremuei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Ana María Elizalde Urmeneta andreak aurkeztu du.

- Kirolaren legea taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Francisco Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.

- Kirol mezenasgoari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Francisco Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.

- Artxiboei eta dokumentuei buruzko lege bat taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Francisco Javier Trigo Oubiña jaunak aurkeztu du.

- Buñuelgo industrialdera sartzeko biribilguneko obrari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mario Fabo Calero jaunak aurkeztu du.

- Pisu turistikoen lizentziak emateari, ukatzeari eta banatzeari nahiz horien titulartasunari (partikularrak, funtsak edo enpresak) buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Miren Itxaso Soto Díaz de Cerio andreak aurkeztu du

- Nafarroan 2023ko urtarrilaren 1etik aurkeztutako ingurumen-baimen integratuen eskabideei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2025eko urrian egindako aurrekontu-aldaketak, eta erabaki dute horiek Kontuen Ganberari igortzea.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Estatu Kontseiluaren 2024ko Oroitidazkia, erakunde horrek aurreko ekitaldian egindako lana jasotzen duena.

Termino kuantitatibotan, 2024an Estatu Kontseiluak 2.064 espediente izapidetu ditu eta 1.789 irizpen eman ditu. Gainera, hartutako ebazpenen edo argitaratutako xedapen orokorren % 98,90 ezarritako irizpideen arabera onartu dira.

Kualitatiboki, txostenak administrazio onari laguntzen dio, administrazio publiko osoaren funtzionamendua aberasten duten ohar eta iradokizunen bidez.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Alderdi Popularra talde parlamentarioak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko osaera aldatu izana. Irene Royok Javier García ordeztuko du.

- Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak jakintzat eman dute EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioaren Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko eleduna aldatu izana. Oihan Mendo eledun titularra izango da orain, eta Mikel Zabaleta ordezkoa.

- Eskaria, Nafarroako Gobernuari errekerimendua egin dakion eskatzen zaion informazioa emateko daukan betebeharra bete dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin jaunak aurkeztu du. Ez da bidezkoa, jada erantzuna eman baitzaio.

- Eskaria, Nafarroako Gobernuari eska dakion eskatzen zaion informazioa emateko daukan betebeharra bete dezan hiru eguneko epe luzaezinean. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Haurren Eskubideen Mundu Egunaren ospakizunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Haurren Eskubideen Mundu Egunaren ospakizunarekin, eta, horretarako, azaroaren 19an, 12:00etan, ekitaldi bat eginen du UNICEFekin batera Osoko Bilkuren aretoan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ezinbestekotzat jotzen du haur bakoitzak eskueran izan ditzan osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak, ura eta saneamendu egokia, eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak “Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren” printzipio gidariak babesten ditu: haurren interes gorena, bizitzarako eskubidea, bizi-iraupen eta garapenerakoa, parte hartzeko eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa.

 

- Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu Sudango biztanleria zibilaren aurkako indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztutakoa.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Sudango herritar zibilen aurkako indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak irmoki gaitzestea.

 

2. Elkartasuna adieraztea Sudango herriari eta, bereziki, emakumeei eta haurrei, haiek ari baitira gatazkaren ondorio suntsitzaileenak jasaten.

 

3. Nazioarteko komunitateari eta, bereziki, Nazio Batuei, Afrikako Batasunari eta Europar Batasunari eskatzea beren ahalegin diplomatikoa eta humanitarioa areagotu ditezatela berehalako su-etena lortzeko, laguntza humanitarioa modu seguruan eta murrizketarik gabe eskuratzeko aukera bermatzeko eta egindako krimenengatik kontuak ematea sustatzeko.

 

4. Erakunde humanitarioek, lankidetzakoek eta giza-eskubideen defentsarakoek egindako lana aitortzea eta eskertzea; izan ere, zailtasun handiak izan arren, han bertan laguntza ematen jarraitzen dute.

 

5. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen, bakearen, justiziaren eta nazioarteko elkartasunaren defentsarekin duen konpromisoa berrestea, ekintza politiko eta sozialaren funtsezko printzipio gisa.

 

OSOKO BILKURARAKO ETA BATZORDEETARAKO DEIALDIAK:

- Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren idazkia, zeinaren bidez adierazten baitu ez daukala eskumenik Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak eta Francisco Javier Trigo Oubiña jaunak 2025eko Nafarroaren Eguna ospatzeko antolatuko dituen ekitaldiei buruz informatzeko aurkeztutako agerraldi-eskaerari dagokionez. Hurrengo bilkura baterako utzia.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK

- Mahaiak Nafarroako Parlamentuaren informazioko barne-sistemari buruzko arauak onetsi ditu, haren jarduerarekin eta funtzionamenduarekin zerikusia duten ekintzen edo ez-egiteen berri emateko lehentasunezko bide gisa, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean ezarritakoaren arabera.

 

Onartutako arau erregulatzaileen arabera, Nafarroako Parlamentuak barne-kanal bat gaituko du bere webgune instituzionalean, irisgarria eta erraz identifikatzeko modukoa, tresna horren funtzionaltasunari buruzko guztiaren berri emateko. Kanal horrek aukera emango du komunikazio konfidentzialak idatziz edo inprimaki elektroniko baten bidez aurkezteko.

 

Sistemaren erantzukizuna kide anitzeko organo batek izango du — legelari nagusiak, legelari batek eta Datu Pertsonalen Babeserako ordezkariak osatua —. Organo horrek bere barneko funtzionamendu-arauak izango ditu, eta urteko jarraipen-txosten bat egingo du, Mahaiari zuzendua.

 

Nafarroako Parlamentuak erregistro-liburu bat izango du, jasotako informazio guztia eta horrek eragin dituen egiaztapen-lanak jasoko dituena. Neurri horiek gehienez ere hiru hilabeteko epean amaitu beharko dira, amaierako txosten batekin. Txosten horrek zehapen- edo diziplina-neurriak hartzea ekar dezake. Egitateak, zantzuen arabera, arau-hauste penala izan badaitezke, Fiskaltzari igorriko zaizkio jarduketak.

 

Arau hauetan aurreikusi ez den guztirako 2/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

 

- Mahaiak Azerbaiyango Errepublikako enbaxadorearen bisitarako proposamena onartu du. Bisita asteartean izango da, hilak 18. Presidenteak bere bulego ofizialean jasoko du (13:00etan) eta, ondoren, Mahaiarekin eta Bozeramaileen Batzordearekin bilduko da (Julia Álvarez aretoa, 13:15ean).

- Mahaiak onetsi du Foru Hobekuntza birpentsatu, gizarte aurreratu baterako jardunaldia egiteko proposamena, Foru parlamentuaren eta UHUNen arteko hitzarmenaren esparruan. Azaroaren 24an, 25ean eta 26an egingo da, Erabilera Anitzeko Aretoan, 16:00etatik 19:00etara, streaming bidez. (programa erantsitako fitxategi gisa txertatzen da).

 

MAHAIAREN ERABAKIAK:

- Mahaiak aho batez onetsi du Erabaki bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Lehendakariak aurkeztu du.

 

Hona hemen erabakiaren testua:

 

1.- Legebiltzarreko Mahaiak bat egingo du Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta, horretarako, ekitaldi bat egingo du Legebiltzarreko atalondoan, azaroaren 25ean, 11:00etan.

 

2.- Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak bere arbuioa adierazten du emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak bere konpromisoa adierazten du, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria eta zaurgarritasun egoeren iturri diren desberdinkeria guztien aurka.

 

4.- Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak emakume eta neskato erasotu edo/eta erailenganako elkartasuna adierazten du, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, eta bere laguntza osoa eskaintzen die haiei eta haien familiei.

 

5.- Parlamentuko Mahaiak gonbita egiten die herritarrei emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa eta gaitzespena adierazten jarraitzeko, eta azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzeko.