220.000 euroko kreditu berezia onetsi da lehiakortasunari laguntzeko neurrietarako
Kudeaketa aurreratuaren ereduaren hedapena, gazteen ekintzailetza eta bateratzea sustatu nahi dira, puntako hiru entitateri zuzeneko laguntzak emanez
Gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi du ekoizpen sektorearen lehiakortasunari laguntzeko neurri berrietarako 220.000 euroko kreditu berezia ematen duen foru legea.
Kreditu berezi hori Eskualdeetako plan estrategikoak eta Plan estrategikoak kontu-sailen kargura finantzatuko da (hurrenez hurren 200.000 euro eta 20.000 euro), eta beraren xedea izango da zuzeneko laguntzak ematea Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioari (100.000 euro, kudeaketaren arloko bikaintasun ekintzetarako), Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteari (60.000 euro, ekintzailetza ekintzetarako) eta Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteari (60.000 euro, Reconcilia programaren kudeaketarako).
Zioen azalpenean zehazten denez, onetsi den arauak Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz ezartzen duen zuzeneko laguntza “modurik eraginkorrena” da kudeaketa aurreratuaren eredua hedarazteko eta gazteen ekintzailetza eta lanaren eta familia-bizitzaren bateratzea sustatzeko, “aspaldian eremu horietan puntako jarduera betetzen duten hiru entitateren bidez”.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Horrekin guztiarekin, 2016ko aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez dela ikusita, bidezkoa da lege hau onestea, kasu honetan irakurketa bakarrean.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (78. NPAO, 2016-05-27koa)