4/2021 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heldu diren funtsen (Next Generation UE) bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko
Osoko bilkuran baliozkotua. 2021eko apirilaren 29an
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaurkoan onetsi egin du, PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heldu diren funtsen (Next Generation UE) bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko. Funts horiek 750.000 milioi euroko zuzkidura dute.
Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren eta uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren kasuan ez bezala (lehen biak martxoaren 27an baliozkotuak eta apirilaren 3an foru lege bihurtuak, eta hirugarrena uztailaren 30ean baliozkotua eta Foru Lege abuztuaren 27an bihurtua), 4/2021 Foru Lege-dekretua ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez, 3/2020, 4/2020, 5/2020, 6/2020, 8/2020, 9/2020, 1/2021 eta 3/2020 foru lege-dekretuekin gertatu bezala.
4/2021 Foru Lege-dekretuaren helburua da beharrezkoak diren xedapenak ezartzea Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heldu diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketei buruzko administrazio-prozedurak eta jarduketa horiek programatu, aurrekontuetan jaso, kudeatu eta gauzatzekoak bizkortzea.
Funts horiek 750.000 milioi euroko zuzkidura dute eta haien xedea da pandemiak eragindako eragin sozioekonomikoa arintzea. Hala, funtsen % 52 zuzeneko transferentzietara bideratuko da eta gainerako % 48a 2021etik 2026ra bitarteko urteetan itzul daitezkeen maileguetara.
Funts horiek eskuratu ahal izateko, Europar Batasuneko estatuek beren Suspertze eta Erresilientzia Plan Nazionalak prestatu behar izan dituzte, non zehaztuko baitute zein den beren erreforma eta inbertsio programa 2021-23 aldirako. Espainiaren kasuan, eskakizun hori betetzeko onetsi zen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretua (Diputatuen Kongresuak baliozkotua, 2021eko urtarrilaren 28an egindako bilkuran), premiazko neurriak jasotzen dituena Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana exekutatzeko.
Hala, irtis daitezkeen funtsak modu eraginkorrean eta efizientean kudeatuko direla bermatzeko, 4/2021 Foru Lege-dekretuak neurri orokor batzuk ezartzen ditu Next Generation EU proiektuak betearaztean aplikatzeko. Halaber, zenbait berezitasun ezartzen dira arintzeko funts horien bidez finantza daitezkeen dirulaguntzak emateko prozesua, baita prozedurak izapidetzeko eta aurrekontuak kudeatzeko eta kontrolatzeko ere.
Hala, premiaz izapidetuko dira funts horien kargura ordaintzen diren gastuak exekutatzeko administrazio prozedurak eta, xedatzen denez, funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko sinaturiko hitzarmenei dagokien justifikazio memoria, arlo ekonomikoa eta arauena jorratuko dituena hitzarmena onetsi ondoren egin ahal izanen da. Gainera, zenbait neurri ezarri dira Europako funtsen kargura finantzatutako espedienteak bizkortzeko eta malgutzeko.
Europako funtsen kargura finantzatutako dirulaguntzak kudeatzeari dagokionez, horiek bizkorrago izapidetzeko xedez, ezabatzen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako baimen jakin batzuk, eta eskatu ohi diren txostenetatik gutxi batzuk baino ez dira ezartzen.
Dirulaguntzen erabilera justifikatzeko, aurreikusten da, halaber, justifikazioko kontu sinplifikatuaren modalitatea jasotzea oinarri arautzaileetan, dirulaguntzaren onuradun bakoitzari 100.000 euro baino gutxiago ematen zaizkionean.
Kontratazioari dagokionez, zenbait neurri hartzen dira: Alde batetik, prozedurak premiazkotzat jotzeko aukera jasotzen da. Eta xedatzen da esparru hitzarmenek eta kontratuek lehentasuna izanen dutela beste ororen gainetik; hori dela eta, kasuko txostenak emateko epeak bost egun bost egun naturaletara murrizten dira, luzatzeko aukerarik gabe.
Bestalde, baldintza jakin batzuetan eta salbuespenez, proiektuen funtsekin finantzatuko diren zerbitzu energetikoen kontratuetan eta hornidurako kontratuetan, ohikoa baino iraupen epe luzeagoa ezarri ahal izanen da, hamar urtekoa gehienez ere.
Azkenik, erakunde instrumentalekin egindako kontratuei ez zaie aplikatuko, kontrataturiko prestazioen zenbatekoari dagokionez, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako muga, halako erakundeei agindu zaienean, Next Generation EU proiektuetako funtsen kargura, zerbitzu informatikoak eta teknologikoak eman diezazkioten Administrazio Publikoari.
Abantaila hori dagokie sareen eta sistemen bateragarritasuna, komunikagarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, informazioaren segurtasuna, fidagarritasuna eta konfidentzialtasuna garantizatzeko, telekomunikazioak sustatzeko, eta informazioaren gizartea eta gizarte digitala garatzeko hitzartutako zerbitzuei.
4/2021 Foru Lege-dekretuan xedaturiko neurriek sektore energetikoan ere eragina dute. Arlo horretan, erraztu egin dira instalazio elektriko txikietarako zenbait prozedura eta instalazio fotovoltaikoetarako neurri batzuk ezartzen dira, koordinatzeko ingurumen-ebaluazioaren eta lurzoru urbanizaezineko baimena eta administrazio baimenaren izapidea.
Bestalde, 4/2021 Foru Lege-dekretuak aldatu egiten du abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea eta xedapen gehigarri bat eransten dio (zazpigarrena), inbertsioak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planeko erreserba zerrendan sartzeko prozedura sinplifikatzeko eta bizkortzeko asmoz.
Inbertsioen tramitazioa bizkortzeko eta 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana bukatzeko, araubide berezi sinplifikatu bat ezartzen da. Toki entitateek bi hilabeteko epea izanen dute dokumentazioa aurkezteko araubide bereziaren arabera tramitatzen diren proiektuetarako; gainerako proiektuen kasuan, epea hilabete batekoa izanen da.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunek txosten tekniko, ekonomiko eta juridiko lotesleak eginen dituzte. Txosten ekonomikoa egiteko, toki entitateak aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena aztertuko da eta beharrezkotzat jotzen den informazio gehigarria hogei egun balioduneko epean aurkez dezala eskatu ahalko zaio.
Era berean, 4/2021 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzen du. Aldaketa horrek helburu hauek ditu: aukera ematea ordainketaren zati bat ordain dadin enkarguak osotara bete baino lehen, Foru Komunitateko Administrazioak bere erakunde instrumentalei egindako enkarguetan (21. artikuluaren aldaketa); kreditu gehikuntzak gastu orokorretako diruzaintzako gerakinaren kargura eta diruzaintzako gerakin atxikiaren kargura finantzatzeko aukera eranstea (47. artikuluaren aldaketa); aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak diruzaintzako gerakinarekin finantzatzeko aukera ematea (48. artikuluaren aldaketa).
Azkenik, gardentasunari eta kontuak emateari dagokionez, lege-dekretuak ezartzen du hiru hilez behin Nafarroako Gobernuak agerraldia eginen duela Nafarroako Parlamentuan, honako hauei buruzko argibideak emateko: zer proiektu aurkeztu dituen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari gehi dakizkion; nola aplikatu diren plan horretatik, Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko proiektu estrategikoetatik edo Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren ondorioz sortu eta Espainiako Gobernuak transferitutako beste edozein tresnetatik jasotako funtsak; zein izan den funts horiek banatzeko erabilitako deialdiak, hitzarmenak, kontratuak eta bestelako tresnak baliatzearen ebaluazioa; noraino bete diren funts horiekin eta horien askotariko aplikazioekin lortu nahi ziren helburuak; eta antzeko beste datu eta agiri batzuk, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari igorri dizkionak, hala zegokiolako, funts horien exekuzioarekin loturik.
4/2021 Foru Lege-dekretua, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heldu diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko indarrean sartu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egun berean.
-
Foru Lege-dekretua (50. NPAO, 2021-04-23koa)