Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 5

4.761.112 euroko kreditu-gehigarria ematen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2022ko maiatzaren 5ean

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur onetsi du 4.761.112 euroko kreditu-gehigarria ematen duen Foru Legea, Nafarroako Gobernuko zenbait departamenturen beharrizanak finantzatzeko (549.112) eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoek kaltetutako Udal eta Kontzejuen beharrizanak finantzatzeko (4.200.000), kasu honetan, arlo energetikoari dagokionez. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Legearen jatorrizko xedea zuzenketa bidez osatu da, toki-erakundeen finantzaketa-funtsaren soberakinen kontura 4,2 milioiko poltsa bat sortuz, gasaren eta argiaren prezioen igoera dela eta udalerriak eta kontzejuak konpentsatzeko. Biztanleria kopuruaren arabera proportzionalki banatuko diren transferentziak baldintzarik gabekoak izango dira.

 

Gauzak horrela, 100 biztanletik beherako udalerriek 3.900 euro jasoko dituzte (2.340 udalerri konposatuak badira) eta Iruñeak 309.537 euro. Tartean, Tuterak 82.868 euro jasoko ditu, Barañainek 44.034 eta Eguesek 39.469. Kontzejuentzako diru-laguntzak, berriz, 2.730 eta 9.750 euro artekoak izango dira.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatu dute kreditu gehigarriari buruzko agindu guztiak zehazten dituen zuzenketa, aldez aurretik baliozkotutako 1/2022 Foru Legearekin lotura zuzena duena. Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Bestalde, hainbat departamenturen beharrak finantzatzeko aparteko kredituaren partida garrantzitsuenen xede izanen dira Arga-Aragoiko ureztatzaileen elkartea (Azkoien), Caracol ibaia lehengoratzeko (130.000 euro); Nafarroako elikagai ekologikoen ekoizle eta lantzaileen Ekoalde Elkartea, sektorea egituratzearekin zerikusia duten jarduketetarako (110.000); Hiriberri Artzibarko kontzeju-etxea birgaitzea (80.000 euro), eta Lekunberriko zeharbideko zenbait jarduketa (80.000).

 

Hauek dira gainerako diru kopuruen hartzaileak: Erronkariko Udala, Eskola bidea konpontzeko (25.000); Castejongo Udala, kaleak asfaltatzeko (35.112); Lizarrako Udala, Txantona pasabidearen proiektua idazteko (20.000); eta Zangozako Udala, elizaren immatrikulazioa dela-eta egindako erreklamazio judizialaren gastuak finantzatzeko (25.000).

 

Gainerakoa Baztango udal-mugartera bideratuko da, Zozaiako kaleak asfaltatzeko (20.000) eta Zigako Gamioko Bordako bidean obrak egiteko (24.000). Baita Festa Elkartea-Los de Broncerekin hitzarmen bat egiteko (12.000).

 

Aurrekontuko partida hauetan erabilgarri dagoen saldoaren kargura finantzatuko da kreditu-gehigarria: Transferentzia Artziko Udalari, Hiriberri Artzibarko kontzeju-etxea birgaitzeko (20.000 euro); Lurralde garapen jasangarriko proiektuak Itoitzen. Hitzarmena Longida, Artzi, Agoitz eta Orotz-Beteluko udalekin (60.000); Sare lokala (105.000); Hitzarmena Castejongo Udalarekin, kaleak asfaltatzeko (35.112); Obrak Gamioko Bordako bidean (Ziga), Baztango udal-mugartean (24.000); Kaleak asfaltatzea Zozaian, Baztango udal-mugartean (20.000); Transferentzia Lizarrako Udalari, Txantona pasabidearen proiektua idazteko (20.000); Hitzarmena Zangozako Udalarekin, immatrikulazioaren gaineko erreklamazioetarako (25.000); Transferentzia Azkoiengo Udalari, Caracol ibaia lehengoratzeko (130.000); eta Hitzarmena Ekoalde elkartearekin. Ekoizpen sektore ekologikoa egituratzea, hornikuntza zabaltzeko talde handientzako sukaldaritza zerbitzuetara (110.000). Kreditu erabilgarri hori erabiltzeko aukera ematen du Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluaren 2. apartatuak.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, bertan behera geratu dira Navarra Sumak Lekunberriko zeharbidea (80.000 euro) eta Erronkariko eskola-bidea (25.000 euro) konpontzeari dagozkion partidak Legetik kentzeko defendatutako bi zuzenketak.

 

Lehenengo kasuan, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren ohiko izapidetzean biztanleriaren hazkundea eta turismoaren bultzada ez zirela kontuan hartu argudiatzen da. Bigarren kasuan, NA-2131 errepidean, Obra Publikoen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren kontura eskola-ibilbidea eraikitzeak bide horri aurten behar den segurtasuna emango diola argudiatzen da.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Beraz, 2021eko Aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da lege bat onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.