Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

5/2020 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 09koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko ekainaren 4an

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, baliozkotu du gaur 5/2020 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 09koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua ez bezala, zeinak martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege bihurtu baitziren, 5/2020 Foru Lege-dekretua, 3/2020 Foru Lege-dekretua bezala, ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez. Ez du talde bakar batek ere hala egin dadin eskatu.

 

5/2020 Foru Lege-dekretua pandemiak eragindako ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da bosgarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari sostengua ematen jarraitze aldera; kasu honetan, etxebizitzaren eta kontratazio publikoaren arloan zenbait doiketa egiten dira.

 

Xedea da, hortaz, “krisiaren inpaktua gutxitzea, behin osasun alarma bukatuta, jardueraren suspertze bat bultzatzeko eta kalte iraunkor edo egiturazkoak ekiditeko”, esparru publikoan kontratu indardunak dauzkaten obra, zerbitzu eta hornidura enpresetan nahiz kulturaren arloko eragile eta profesionalen kasuan.

 

Kasu honetan, foru lege-dekretuak zabaldu egiten du Nafarroan etxebizitzaren arloan apirilaren 1etik aitzina baliagarri eta aplikagarri dauden berariazko laguntzen onuradunen taldea, krisiak gogorren zigortutako populazio-taldeek etxebizitza izateko eta mantentzeko dituzten oinarrizko beharrak ziurtatzeko.

 

Halatan, etxebizitza gizarte politikaren funtsezko zutabe gisa hartuta, 2020ko urtarrilaren 1era arte atzeratu da langabezian dauden enplegu-eskatzaile gisa inskribatzeko data eraginkorra, emantzipatzeko errentamenduagatiko kenkaria (EmanZipa programa) lortu ahal izateko.

 

Gainera, kenkari hori eskatzeko aukera zabaltzen zaie martxoaren 14tik aitzina aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteko (ERTE) egoeran dauden langileei edo apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan jasotako ohiz kanpoko laguntza zuzena jada aitortu zaien langile autonomoei. Bi kasu horietan, kenkaria abenduaren 31ra bitarte helduko da.

 

Gainera, eta familien finantza egoera hobea izan dadin, uztailaren 1etik aurrera emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariaren ordainketa (EmanZipa programa) hilero eginen da, ‑modu iraunkorrean‑, hiru hilean behin egin beharrean. Horrela, etxebizitza izateko errentamenduagatiko kenkariarekin (DaVid programa) parekatuko da, biek osatzen baitute Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa.

 

Halaber, Alokairu Poltsan sartutako etxebizitzen edo etxebizitza babestuen errentamendu kontratuetako titularrei ematen zaizkien dirulaguntzak automatikoki berrituko dira, betiere 2020ko uztailaren 1etik 20ra eskatu behar diren kasuetarako.

 

Eta bizigarritasun zedulen indarraldia luzatzen da 2020ko abenduaren 31ra arte, bai eta bizigarritasun zedula lortzeko eskubidea ematen duten behin betiko kalifikazioenak ere, kasuko urteko uztailaren 1etik abenduaren 30era bukatzen badira.

 

Bestalde, eta kontratazio publikoaren arloko ekimen berriei dagokienez, denbora batez indargabetzen dira kontratazio prozeduretan beren eskaintza justifikatu gabe erretiratzen duten lizitatzaileei edo adjudikatu zaizkien kontratuak formalizatzera iritsiez direnei aplikagarri zaizkien zehapenak. Zailtasunak areagotzea ekidin nahi da, merkatuek eta jarduera ekonomiko gehienek pairatu duten irauliaren ondorioz hasierako eskaintzari eustea edo kontratuak hasierako baldintzetan eskaintzea ekonomiaren aurkako bihurtu den kasuetan. Edozein modutan, aukerako hautu bat da, lizitatzaileen borondatearen mende baitago.

 

5/2020 Foru Lege-dekretua kulturaren sektoreko profesionalez ere arduratzen da; izan ere, aurrerakinak eta kalte-ordainak jaso ahal izanen dituzte, baldin eta sektore publikoarekin kontratatuta dauden emanaldiak geroratzen edo ezeztatzen badira, baldin eta horien zenbatekoa 50.000 eurotik beherakoa bada. Halatan, gaikuntza ematen zaio kontratazio organoari etendako kontratuen zenbatekoaren portzentaje bat aurrerakin bezala aitortzeko, eta kalte-ordain bat emateko, kontratua suntsiarazi bada, baldin eta etetearen edo suntsiaraztearen arrazoi zuzena agintaritza eskudunak COVID-19aren krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak badira.

 

Azkenik, xedapen gehigarri bakarrean osatu eta argitu egiten dira apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean kontratazioaren arloan jasotzen diren neurriak. Horretarako, aldatzen den foru legean aurreikusitakoaren arabera etenda geratu diren ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratuetan, kontratazio organoak aurrerakinak egin ahal izateko aukera zehazten da, kontratistari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoaren kontura; eta, kontzesioen arloan, kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko araubidearen alderdi jakin batzuk zehazten dira, kontratua gauzatzeko ezintasuna erabatekoa edo partziala izan daitekeela argituz; horren ondorioz, kontratuaren oreka ekonomiko berriaren araubidea bete ezin izan den parteari aplikatuko zaio, bakarrik.

 

Maiatzaren 20ko 5/2020 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

 

Saioa mistoa izan da (presentziala eta telematikoa), eta honako hauek bakarrik bildu dira: Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío etaYolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta Ganberan ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Gai hori borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak egitea, aurrez aurre edo telematikoki, 50 ordezkariekin. Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosa eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/baliozkotu-egin-da-52020-foru-lege-dekretua-maiatzaren-20koa-premiazko-neurriak-onesten