Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 17

934.015 euroko aparteko kreditu bat onetsi da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren beharrak finantzatzeko

500.000 euro Baztango Udalarentzat izanen dira, Aritzakun eta Urritzateko sarbide nagusia egokitzeko, eta 434.015 euro, berriz, Eloko Udalarentzat, hiriguneko trafikoa antolatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Lurralde Kohesiorako Departamenturako 934.015 euroko aparteko kreditu bat ematen duen Foru Legea, Eloko eta Baztango udaletan trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko zenbait jarduketa finantzatzeko.

 

Aparteko kreditu horren zenbatekoa A-21 Pirinioetako autobiaren kanona partidan erabilgarri dagoen saldoaren kargura finantzatuko da.

 

Zioen azalpenean zehazten denez, 500.00 euro Baztango udalerriaren ipar-mendebaldean dauden Aritzakun eta Urritzate auzoetako sarbide nagusiaren gabeziak konpontzera bideratuko dira. Eremu horretan sakabanatuta dauden baserriak lotzen dituzten komunikazio-bideak zabor-legarrekoak dira, bide-zorua egiteko erabiltzen den material pikortsukoa, alegia. Hori traba bat da, eragin handia du bertan bizi diren 22 pertsonen eguneroko bizimoduan eta ez du batere laguntzen jendea zona horretan bizitzen gelditu dadin, material hori ez baita egokia.

 

Lurralde Kohesio batzordeak Aritzakun eta Urritzatera bisita egin zuen atzo, ekainak 16.

 

Bigarren jarduketa Eloko herrian eginen da, NA-2420 errepidearen eta hirigunearen arteko bidegurutzean, non trazadura zehaztugabea denez igo egin baita istripu-tasa; konponbidea ukitutako zeharbide tarteari hiri izaera handiagoa ematetik helduko da, hartara segurtasun-estandar handienarekin eginen baitira motordun ibilgailuenak ez direnen arteko mugimenduak.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Beraz, 2021eko Aurrekontuan esleitutako kreditu nahikorik ez dagoenez, bidezkoa da legea onestea, kasu honetan irakurketa bakarrean.

 

Era berean, foru lege honek, partida izendunak sortuz, udal horiei laguntzak zuzenean emateko gaitzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.