Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Maiatzak 14

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez bat egiten baitu antolakuntza feministek kaleratutako manifestuarekin, genero indarkeriaren aurkako estatu-ituna 2018rako aurrekontuetan ez betetzeagatik

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko maiatzaren 14ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu antolakuntza feministek kaleratutako manifestuarekin, genero indarkeriaren aurkako estatu-ituna 2018rako aurrekontuetan ez betetzeagatik. Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak, eta aurkako botoa, berriz, Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentua bat dator adierazpen honekin batera doan manifestuaren edukiarekin, zeina kaleratu baitute maiatzaren 16rako mobilizazioak deitu dituzten antolakuntza feministek genero indarkeriaren aurkako estatu-ituna 2018rako aurrekontuetan ez betetzeagatik, eta herritarrei dei egiten die Nafarroako Foru Komunitatean programaturiko deialdiekin bat egin dezaten”.

 

Manifestua:

 

“Ikusirik 2018rako aurrekontuetan genero indarkeriaren aurkako estatu-ituna ez dela betetzen, antolakuntza feministek hainbat manifestazio deitu dituzte maiatzaren 16an Espainiako hiri nagusietan.

 

Aipatu antolakuntzek hauxe adierazten dute:

 

- “Berdintasuneko” ministro Dolors Monserrat andreak agindutako urteroko 200 milioi euro horiek gabe ezin da bete genero indarkeriaren aurkako estatu-ituna. 200 milioi horiek, nahikoak ez izan arren, baliagarriak izanen lirateke itunaren 213 neurrietako batzuei erantzuteko.

 

- Aurtengo martxoaren 8an izandako mobilizazio feminista historikoaren ondoren, Gobernuak xingola morea jarri zuen, eta, azkenean, 120 milioiko murrizketa izugarria iragarri du. Horregatik, kasurik onenean ere, 80 milioi izanen lirateke lurralde osorako.

 

Azken hamabost urteotan 900 emakumetik gora erail izanak ez du alarma sozial nahikorik sortu PPk bere minimoetako hitza betetzeko, eta autonomia erkidegoak uzten ditu hezkuntza eta osasun arloko prebentziorako agindu zituen 100 milioi gabe eta 8.000 udalak hurbileko arreta juridikoa, soziala eta psikologikoa hobetzeko hitzartutako 20 milioi gabe.

 

Kontua ez da dirurik ez dagoela, baizik eta lehentasunak beste batzuk direla: Defentsako aurrekontua 819 milioi handitzea (% 10,7 iazkoarekin alderatuta) edota bankuen eta autopisten erreskateak finantzatzen jarraitzea. Hau da, populazioaren % 51ren bizitzen duintasuna ez da lehentasuna haientzat. Baina guk ez dugu ahalbidetuko gure eskubideak paper errea izan daitezen.

 

Erantzun egin behar diogu gobernu matxista, arduragabe eta engainatzen gaituen honi. Agindutako dirurik gabe ezinezkoa izanen da politika feminista egitea. Zertarako? Berdintasunean hezteko, indarkeria matxistak haurtzarotik prebenitzeko, indarkeriaren biktimak babestu eta artatzeko, errespetatuko gaituzten komunikabideak izateko, epaileak, osasun eta hezkuntza arloko langileak eta estatuko segurtasun indarrak prestatu eta sentsibilizatzeko. Azken batean, gizarte justu eta aske bat eraikitzeko, non bizitzea merezi duten bizitzak izanen ditugun.

 

Gobernuko jaun-andreak, Rajoy jauna, Monserrat andrea: zenbat balio dute emakumeen bizitzek?

Konpromisoa = Aurrekontua

Borrokak aurrera darrai. Kaleetan elkartuko gara.

Ezta bat gutxiago ere!”