Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Ekainak 25

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko ekainaren 25ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak. UPNk 1., 2., 4., 5., 6. eta 7. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 3.ean. PPNk 1., 4., 6. eta 7. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 2., 3. eta 5. puntuetan.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta elkarretaratzea eginen du 11:00etan Legebiltzarraren atarian.

 

2. Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du ikusteko moduko leku batean, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezartzen denez.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak osorik garatzea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezarritakoa.

 

4. Nafarroako Parlamentuak aitortu egin nahi du LGTBI+ mugimenduaren konpromisoa, eta uste du mugimendu hori funtsezkoa izan dela LGTB + kolektiboaren giza eskubideak legez aitortzeari begira izandako aurrerabidean.

 

5.Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da lan egiten jarraitzea erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren eta sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta ez diskriminatzearen aldeko borrokan; hartara, diskriminazio-egoera horiek borrokatzera bideratutako beharrezkoak diren ekintzak bultzatzen, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legea betetzen dela zorrotz begiratzen eta, bere eskumenekin bat, legea egoki garatzeko beharrezkoak diren baliabideak bermatzen jarraituko du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak berretsi egin nahi du giza eskubideekiko eta, horrenbestez, pertsonen arteko egiazko berdintasun-printzipioarekiko bere konpromisoa, zeinaren parte bat baita sexu- eta genero-bestelakotasuna, bai eta gaur egun zutik dirauten oztopoak gainditzeko erabakitasunez aurrera egiteko asmoa ere.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi nahi die gure erkidegoan nahiz gure erkidegotik kanpo beren sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta erasorik, mespretxurik edo diskriminaziorik pairatu duten pertsona guztiei; bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan. Halaber, arbuiatu egiten du egiazko berdintasunaren aurka doan ekintza sozial eta politiko oro.”