Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko urriaren 15ean
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
"1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunarekin, eta balioan jartzen du landa ingurunean bizi diren milioika emakumeen garrantzia.
2.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere adierazten du landa ingurunean bizi diren eta jarduera profesionala bertan garatzen duten emakumeekiko konpromisoa, bai eta haien beharrizan eta aldarrikapenekikoa ere, landa inguruneak ere genero berdintasunaren argipean egon behar baitu.
3.- Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du emakumeek gure herrien garapen eta aurrerabide ekonomikoari eginiko ekarpena, landa inguruneen jasangarritasuna erraztu eta sustatzeagatik; ez bakarrik ekonomikoa, baizik eta gizarte-, kultura- eta populazio-jasangarritasuna ere. Izan ere, landa inguruneko emakumeen lana eta ekarpena aitortzea justizia kontua da, lehenik eta behin.
4.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak bereziki susta dezan mikroenpresen sorrera, landa ingurunean negozio bat jartzea erabakitzen duten landa-emakumeentzat eta nekazaritza jasangarrian jardutea erabakitzen duten emakumeentzat.
5.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak Nekazaritza-ustiategien Titulartasun Konpartituari buruzko Legea sustatu eta aplika dezan, eta berariazko prestakuntza eman diezaien arlo horietako ardura duten funtzionarioei, haiek ere aholkularitza egokia eman dezaten beren aldetik.
6.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du landa inguruneko emakumeak ikusgai egiteko eta haiei aitortza emateko, eta bat egiten du arlo horretako emakume elkarteek egiten duten lanarekin, eskubide-berdintasunaren alde eta landa inguruneko bizi baldintzak eta bizi kalitatea aldatu eta hobetzeko.
7.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da parte-hartze parekidea ziurtatzea Nekazaritza Politika Erkidearen aplikazioan".