Ainhoa Aznárez euskarazko hiztegi juridiko-parlamentarioaren aurkezpenean izan da, Bilbon
Euskaltzaindiak sustatu du hiztegia, eta laguntzaile izan ditu Nafarroako Parlamentua, Eusko Legebiltzarra eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako batzar nagusiak
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, euskarazko hiztegi juridiko-parlamentarioaren aurkezpenean parte hartu du gaur, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako batzar nagusietako lehendakariak diren Ana Otadui, Eider Mendoza eta Pedro Elosegirekin batera.
Aurkezpena gaur goizean egin da, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Euskararen akademiak goian aipatu diren erakundeekin batera bere gain hartu duen lanaren helburua izan da legegintza eta araugintzako ganbera horietan erabiltzen den lexiko parlamentarioa bateratzea.
Hiztegiaren aurkezpenean, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak esan du lan zehatza egin dela “Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legebiltzarretako hainbat urtetako jarduera parlamentarioan erabili izan diren hitzak eta esaldiak biltzeko. Gure legebiltzarretan luxu eta aberastasun kultural handia dugu euskara, geure ondare-hizkuntza, landu ez ezik sustatu eta normalizatu ere egin behar dugun altxorra”, adierazi du.
Bide horretatik, Ainhoa Aznárez Igarzak eskertu egin du Euskaltzaindiaren lana, “Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko auzokideok partekatzen dugun altxor kultural bikainenetako bat, euskara, babesten, ikertzen eta haren lege gramatikalak garatzen aritzea. Mendeetan zehar gure arbasoek euskara erabili zuten beren gizarteak garatzeko, eta hainbat gertaera historikoren ondorioz euskarak diskriminazioa jasan du, aspalditik konpondu nahian ari garen diskriminazioa”, esan du.
Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren ondoan Maiorga Ramírez Erro Mahaiko lehen idazkaria ere izan da ekitaldian. 2015eko urtarrilean Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten, lexiko parlamentarioa bateratzeko lankidetza ezarri nahian. Nafarroako Parlamentuak teknikari itzultzaile bat jarri zuen lantaldean parte har zezan, eta konpromisoa hartu zuen bere esku zeuden testuak emateko, hitzak lematizatu eta etiketatzeko eta anotazio linguistikoak egiteko.
Lexikoaren Behatokiak hainbat esparrutan eta formatutan erabiltzen diren egungo euskararen 50 bat milioi testu-hitzez osatutako basea dauka. Testu-hitz horiek behar bezala anotatu, etiketatu eta lematizatu dira.
Proiektuak bi helburu ditu: batetik kontsultarako tresna izatea, Euskaltzaindiak bere arauak eguneratzeko edo etorkizunean aldatzeko egiten dituen ikerlanetan; eta bestetik, XXI. Mendeko Euskararen Corpusa deritzon proiektu zabalago baten funtsezko atal bihurtzea. Euskaltzaindiak proiektu horri heldu nahi dio etorkizunean. Bi helburu horietan sakondu ahal izateko, garrantzitsua da Lexikoaren Behatokia proiektuan sartutako testuak eta horien jatorriak aberastu eta ugaritzea, eta horretan lagunduko du gaur aurkeztu den euskarazko hiztegi juridiko-parlamentarioak.
Archivos adjuntos