Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Uztailak 23

Ainhoa Aznarez Nafarroako Gobernuko bederatzi kontseilari berrien kargu-hartzean egon da


Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez, Nafarroako lehendakariak, Uxue Barkosek, 2015-2019 legegintzaldirako izendatu dituen bederatzi kontseilari berrien kargu-hartzean egon da gaur. Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan egin da, 100 gonbidaturen aurrean, gehien bat autoritateak, senideak eta lagunak.


Ekitaldiari hasiera emateko Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako ereserkia jo du. Jarraian, eta atzo lehendakariak aurkeztu zituen, sinatu ziren eta gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren foru dekretu guztiak, hain zuzen, departamentuen titularrak izendatzen dituztenak, irakurri ondoren, kontseilari berriek haien kargua zin egin dute lehendakariaren aurrean. Zin egin ondoren, lehendakariak Nafarroako armarria duen intsignia jarri die.


Honakoak dira Nafarroako Gobernuko bederatzi kontseilariak: Manu Ayerdi Olaizola (Garapen Ekonomikoa); Miguel Laparra Navarro (Gizarte Zuzenbidea); Mikel Aranburu Urtasun (Ogasuna eta Finantza Politika); Maria Jose Beaumont Aristu (Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia); Ana Ollo Hualde (Herritarren eta Erakundeen Harremanak); Jose Luis Mendoza Peña (Hezkuntza); Fernando Dominguez Cunchillos (Osasuna); Ana Herrera Isasi (Kultura, Kirola eta Gazteria); Isabel Elizalde Arretxea (Landa Garapena, Toki Administrazioa eta Ingurumena).

Guztiek haien kargua euskaraz zein gaztelaniaz zin egin dute, Miguel Laparrak eta Fernando Dominguezek izan ezik, gaztelaniaz egin baitute, eta Mikel Aramburuk izan ezik, euskaraz soilik egin baitu. Gainera, Manu Ayerdik, Miguel Laparrak eta Ana Ollok haien kargua lehenengo eta bigarren lehendakariorde eta gobernuaren bozeramaile gisa zin egin dute, hurrenez hurren.

 

Kontseilari guztiak agurtu ondoren, Uxue Barkos lehendakaria bere kabineteko kideei zuzendu zaie eta “Gobernu berrian garai berri baterako” hartzen duten “erantzukizun izugarriarengatik” eskerrak eman dizkie.


Adierazi duenez, egoerak behar duen Gobernua izango da, “sentsibilitate politiko guztiak barne hartzeko gai izango dena” eta “gainerako indar politikoekin hartu-eman etengabeari irekita egoteaz gain, gizartea etengabe entzun egingo duena”.


Barkos lehendakariak, halaber, “hartzen dugun erantzukizun handia” aipatu du eta “oreka eta zintzotasuna gaurtik aurrera hartuko ditugun erabakien funtsezko oinarri” izango direla esan du.


Amaitzeko, Gobernu berria funtsean eta arauetan ezberdina izan dadin nahi duela esan du, “hurbilagoa eta herritarren nahiei arreta handiagoa eskainiko diena”, eta “beti gizarte honen zerbitzura egongo dena”.


Nafarroako lehendakariaren hitzekin Nafarroako Gobernuko kontseilariek haien kargua hartzeko saioa amaitu egin da, eta ondoren, lehendakariarekin batera, Nafarroako Gobernuaren ohiko argazkirako paratu dira Nafarroako Jauregiaren lorategietan.


Ekitaldiaren alderdi musikala Nafarroako Gobernuaren Tronpeten eta Tinbalen Bandaren esku egon da. Bandak G.F. Händel-en Water Music Obertura jo du (Musika Akuatikoa) lehendakariaren parte-hartzearen aurretik hain zuzen, eta Henry Purcell-en Trumpet tune (tronpetaren melodia) berau amaitzerakoan.


Arratsaldean, Uxue Barkosek IX. legegintzaldiko, 2015- 2019, Gobernuaren lehenengo saioa gidatu du. Nafarroako Gobernuaren bederatzi kontseilariak bertan izan dira.