Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 22

Alan McBridek, IRAren biktimak, bake prozesuetan akordioak ezinbestekoak direla azpimarratu du

Foro Sozialak gonbidatuak, Wave Traume Centre elkarteko koordinatzaileak, indarkeria politikoaren biktimen babeserako dinamiken inguruan duen ikuspegia azaldu du

Alan McBridek hitzaldia eskaini du gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan, Ipar Irlandako komunitate unionistako kidea da, bakearen aldeko ekintzaile ospetsua eta Belfasteko Wave Traume Centre, indarkeria politikoaren biktimen babeserako erakundeko koordinatzailea da.

 

Foro Sozial Iraunkorrak sustatutako Hitzorduak ekimenaren hirugarren edizioa da, eta aurtengo edizioak “jasandako mina positibatzeko eta aitortza eta bakearen aldeko dinamika bat eraikitzeko” helburua du.

 

Irekiera ekitaldian Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak parte hartu du eta Foro Sozial Iraunkorrak egiten duen lana nabarmendu du, “Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean erreferentzia garrantzitsu bihurtu da jada antolakundea, bake prozesua babeste aldera egiten ari den lanarengatik”.

 

Aznarezek oroitarazi du “Nafarroan hamarkada askotan zehar indarkeria bidegabea eta giza eskubide, eskubide zibil eta politikoen urraketak bizi izan ditugula”, eta gehitu du, hori dela eta Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin batera, “bakearekiko eta bizikidetasunarekiko konpromisoa oinarri, hainbat ekimen eta adierazpenen bitartez, giza eskubideen urraketak errepika ez daitezen bermatzera bideratutako prozesu oro babestuko duela”.

 

Fernando Armendariz, Foro Sozialeko eta Amnistia Internacionaleko kidea izan da hitzaldiaren moderatzailea, eta Parlamentuari eskerrak eman dizkio elkarretaratze hauek burutzeko espazioak ahalbidetzeagatik. Elkarrizketaren eta elkar entzutearen garrantzia azpimarratu du, “bakearen bidean aitortza eta erreparaziorako tresna hoberenak baitira”.

 

Jarraian Alan McBridek biktima ikuspegitik bere esperientzia kontatu du (bere emaztea eta aitaginarreba galdu zituen IRAren 1993ko bonba eraso batean) eta Wave Trauma Centre erakundetik burutzen duten lana eta Healing Trough remenbering (oroimenaren bidez sendatu) ekimena azaldu du.

 

McBridek bera hazi zen testuinguru sozio-politikoarekin hasi du errelatua, Ipar Irlandak urte haietan bizi zuen gatazka, gizartearen zatiketa garbia eta egunero bizi zituzten ankerkeriak. Adierazi du “normala egin zutela normala ez zena”, “gertakari anker haiek” egunerokotasunean barneratu baitzituzten. “Bere bidaia” kontatu du, bere emaztea erahil zutenetik bizi izan zuen prozesua eta bizi izan zituen fase desberdinak.

 

Bere errelatuarekin amaitzeko, bizitako prozesu honetatik ateratako ondorioak adierazi ditu. Lehena da, “bake prozesuetan ezinbestekoa dela terroristen edo presoen parte hartzea, haien ekarpena garrantzitsua da irtenbidea bilatzeko”. Ohartarazi du “huts egin duten bake prozesu guztiak presoen inplikaziorik eduki ez dutelako izan direla”. Onartu du “hitzarmenak ez direla perfektuak, baina bai beharrezkoak, gauza positiboak gertatzea ahalbidetzen baitute”.

 

Bigarren ondorioa “erreparazioaren garrantzia” da. Adierazi du prozesu luze eta konplexua dela, baina bere kasuan “formatzeko aukera, hezteko eta aurrera egiteko aukera” eman diola.

 

Nabarmendu du gainera, “elkarrizketa tresnarik garrantzitsuena dela”. Prozesu honi esker jende berri eta desberdina ezagutzeko aukera izan du, eta honek bere “ortzi-muga ireki eta txaponaren bi aurpegiak ikusteko” parada eman dio. “Errespetua, gainerakoen iritzia, esperientzia eta kultura ezagutzearen beharra azpimarratu du, gizarte libre eta demokratiko bat sortzeko bidean”.

 

Hitzaldira laurogei lagun inguru bertaratu dira, haien artean Virginia Alemán (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde, Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuin parlamentarioak.

 

Nafarroan Foro Sozialak giza eskubideen defentsan tradizio luzea duten erakunde eta pertsonak biltzen ditu, inklusiboki eta horizontalki lan egiteko prest daudenak lau ardatzen inguruan: armagabetze eta desartikulatzea; preso eta iheslarien gizarteratzea; giza eskubideen sustapena eta etorkizuneko elkarbizitza egian eta memorian oinarrituz.

 

Herritarren parte hartzea sustatzea bake iraunkorra ezartzeko prozesuan”, hori da gaurko ekimenaren helburua. Lana “konplexua” da, eta beraz, “adituen, erakundeen eta zibilen” ekarpenak ezinbestekoak dira, hori guztia, ikuspegi “anitz eta autokritikotik”. Hitzorduak ekimenaren lehen edizioa 2016ko azaroaren 4an izan zen, eta indarkeria desberdinetako biktimen arteko elkarretaratzeak izan zituen helburu. Bigarrena 2017ko apirilaren 5ean izan zen, eta gaia torturaren profil sexista, emakumeenganako indarkeriaren adierazpen zehatz gisa izan zen.