Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 9

Alderdi politikoei 2023ko hauteskundeengatik 1,6 milioiko diru-laguntza bat ematea onetsi dute

Parlamentuan ordezkatuta dauden zazpi formazioek 1,6 milioi banatuko dituzte haien gastuen eta azkeneko hauteskundeetan jaso dituzten emaitzen arabera

Parlamentuko Osoko Bilkurak foru lege bat onetsi du aho batez zeinaren bidez onesten baita alderdi politiko, federazio, koalizio edo haustesle batasunentzako diru-laguntza gisa, 1.594.526 euroko kreditu berezia ematea (2019an baino 292.577 gehiago), 2023ko Nafarroako Parlamenturako egin ziren hauteskundeen kanpainako gastuak finantzatzeko.

 

Legearen xedea Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean aitortzen diren diru-laguntzak eraginkor egitea da, legea onesten denetik 30 eguneko epean. Kasu honetan, gutxi gorabehera % 50a aurreratu da dagoeneko.

 

Diru-laguntzak eman aurretik Kontuen Ganberak hauteskundeen kontabilitatea ikuskatu beharko du. Diru-laguntzak alderdi politikoei egin dituzten kanpainen gastuen (hauteskundeetarako publizitatearen bidaltze zuzenaren kostua) eta hauteskundeetako emaitzen (aulki kopurua eta boto kopurua) araberakoa izango da. Hona hemen zenbatekoak:

 

UPN, 418.371 euro (317.493 hauteskundeetako emaitzagatik + 100.878 propagandagatik). 15 aulki.

Nafarroako Alderdi Sozialista-PSOE, 311.171 euro (204.552 + 106.619). 11 aulki.

EH Bildu Nafarroa, 323.058 euro (191.739 + 131.319). 9 aulki.

Geroa Bai, 241.576 euro (148.778 + 92.798). 7 aulki.

PPN, 50.256 euro (41.444 + 8.812). 3 aulki.

Contigo-Zurekin, 198.352 euro (62.030 + 136.322). 3 aulki.

Vox, 51.742 euro (11.238 + 40.504). 2 aulki.

 

16/1986 Foru Legearen 45. artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuak, maiatzaren 3an hartutako erabakiaren bidez, 371.419 euroko aurrerakin bat eman zuen (hauteskunde-gastuetarako), 2019ko hauteskundeetan emandako dirulaguntzaren gainean.

 

Hauteskundeak burutu ondoren, 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluaren arabera eta abuztuaren 30eko saioan onetsi zen akordioaren bidez, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzen zenbatekotik 481.920 euroko aurrerapena eman zuen, zeina, hauteskundeen emaitzen arabera, 2023ko maiatzean parlamentuan ordezkaritza lortu zuten alderdi eta koalizioei dagokien.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen du Nafarroako aurrekontu orokorrak foru lege bidez arautuko direla, baita kreditu berezi edo kreditu-gehikuntzak esleitzeari dagokionez aurrekontu horietan egiten diren aldaketak ere. Hortaz, 2023ko aurrekontuetan esleitu zen kreditua nahikoa ez izateagatik, lege hau onesten da, kasu honetan irakurketa bakarrean.

 

Kreditu berezi horren zenbatekoa Kontu korronteen eta eperako ezarpenen interesak izeneko partidan izandako diru-sarrera handiagoen kontura finantzatuko da.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan hiru zuzenketa onartu dira, teknikoak guztiak, hiru aurrekontu-partiden izendapena onetsitako betearazpenera egokitzeko. Egoera horrek legearen tituluari ere eragiten dio. UPNk, PPNk eta Voxek, eztabaidagai den legearekin zerikusirik ez zutelakoan, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik defendatutako eta Contigo-Zurekin alderdiak babestutako aldaketen aurka bozkatu dute.

 

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeari erantsitako artikulu berriaren arabera izendapena aldatu duten partidak honako hauek dira:

 

- Antsoaingo Udalarekin hitzarmena. Eguneko Zentro Komunitariorako eraberritzeak eta ekipamendua.

- Pitillasko Udalaren transferentzia: udal igerilekuetako pergola.

- Lizarrako Ordoiz bidea argiztatzea, eguzki-farolekin.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Alderdi eta formazio politikoei 2023ko maiatzaren 28an egin ziren Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeetako gastuak finantzatzeko dirulaguntza ordain dakien Kreditu berezi bat emateko foru legeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.