Alzheimerraren Nazioarteko Egunari atxikitzeko ekitaldi instituzionala egingo du asteazken honetan Parlamentuak
Parlamentuak ez du lortu Volkswagen Nafarroaren egoerari buruzko testu bat adostea, eta Kolonbiako Bakearen aldeko Parlamentuarteko Taldearen adierazpena ere ez du babesten
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzearekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzearekin.
2. Nafarroako Parlamentuak uste du funtsezkoa dela ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoaren aldeko apustua egitea, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko xedez.
3. Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat eginen du datorren asteazkenean, irailak 21, 12:00etan, eta bertan talde parlamentarioek aurkeztutako adierazpen instituzionalaren irakurraldi ozena eginen da. Ekitaldian AFANek ere parte hartuko du”.
4. Nafarroako Parlamentuak erabaki du irailaren 21ean, asteartez, bere fatxada magenta kolorez argiztatzea, 21:00etatik 22:30era”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen baitu Volkswagenek Nafarroan duen plantaren eta bertako langileen interesak aldezteko, aurrean dituzten erronkei begira. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute. Navarra Suma abstenitu egin da.
Adierazpen instituzionalerako proposamen baztertuak honako hau zioen:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Volkswagenek Nafarroan duen plantaren eta bertako langileen interesak aldezteko, aurrean dituzten erronkei begira.
2. Nafarroako Parlamentuak aldezten du Nafarroako Volkswagengo plantillaren lana eta profesionaltasuna, horiei esker Landabengo planta produktibitateagatik eta kalitateagatik nabarmentzen baita.
3. Nafarroako Parlamentua ez dago ados Landabengo ekoizpena Martorellgo plantara eramateko aukerarekin.
4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere esku dagoen guztia egiteko borondatea duela plantaren etorkizuna bermatzeko, bai eta enpleguarena, enpresa-hornitzaile osagarriena eta Foru Komunitateko industria-sare osoarena ere.
5. Nafarroako Parlamentuak aldezten du Nafarroako Volkswagenek eta bere plantilla bizi duten egoera gatazka politikotik urruntzea”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Kolonbiako Bakerako Parlamentuarteko Taldeak irailaren 9an Gasteizen erabakitako adierazpenarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute. Navarra Suma abstenitu egin da.
Adierazpen instituzionalerako proposamen baztertuak honako hau zioen:
- “Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Kolonbiako Bakerako Parlamentuarteko Taldeak irailaren 9an Gasteizen erabakitako adierazpenarekin”.