Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 2

Anfas entitatearen ordezkaritza batekin bildu da Nafarroako Parlamentuko lehendakaria

Hualdek erakundearen 60 urteko ibilbideari balioa eman dio adimen-urritasuna duten pertsonen alde, eta bere eskaerak parlamentuko taldeei bideratzeko konpromisoa hartu du

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Anfas desgaitasun intelektuala edo garapenaren nahastea duten pertsonen eta beren familien alde lan egiten duen elkarteko lehendakari Javier Goldárazi eta gizarte erantzukizuneko koordinatzaile Helena Gallegori harrera egin die gaur.

 

Bilkuran, Goldárazek eta Gallegok entitateari egonkortasuna eta laguntza ekonomikoa emateko premia helarazi diote lehendakariari, zerbitzuak zonaldeka ematen jarraitu ahal izateko, gaur egun "arriskuan" baitaude bizi duten "egoera ekonomiko zaila" dela eta.

 

Anfas entitatearen ordezkarien ustez, "justizia sozialagatik eta, era berean, despopulazioari aurre egiteko", Nafarroa osoan presentzia eta esku-hartze deszentralizatua mantentzea ezinbestekoa da, "onartezina da Iruñetik 100 kilometrora bizi diren pertsonak honaino etorri behar izatea euren autonomia sustatzeko zerbitzuak jasotzeko".

 

Gaineratu dutenez, "asoziazionismoaren sustapenak ez du gure zonaldekako esku-hartzea aintzat hartzen, ezta gure historia eta artatzen ditugun pertsona kopurua ere. Ez dugu beste elkarteekin lehiatu nahi, ez eta Anfas banatu ere, deialdian beren zazpi egoitzekin modu independentean parte hartuz. Nahi duguna da gure berezitasunak aintzat har daitezen. Irtenbidea erraza da, baina borondate politikoaren mende dago".

 

Bestalde, 3-6 urteko arreta goiztiarra aldarrikatzen dute, desgaitasunen bat duen edo izateko arriskua duen haurraren garapen kognitiboa, psikomotorea, soziala eta hizkuntzarena sustatzen duen programa, izan ere, "departamentu batek ere ez du bere gain hartzen, gizarte zerbitzuen zorroak 3 urtera arte soilik aitortzen baitu zerbitzu hori".

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, bestalde, konpromisoa hartu du entitatearen eskariak Legebiltzarreko taldeei bideratzeko, zuzenean azal ditzaten Gizarte Eskubideen Batzordearen etorkizuneko lan-bilkura batean. Unai Hualdek gogorarazi duenez, Anfasek 60 urte bete ditu orain, eta bere ibilbidean adimen urritasuna duten pertsonen alde ezinbesteko lana egin du gure erkidegoan. "Errealitate honen aurrean, Nafarroako erakundeen aitortza eta esker onaz gain, egoerari erantzutea ezinbestekoa da irtenbideak bilatu ahal izateko".

 

Anfas adimen-urritasuna edo garapenaren nahastea duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkarteak 60 urteko ibilbidea bete berri du, 1961ean sortu baitzen, eta adimen-urritasuna duten 1.300 pertsona baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoko 7 ordezkaritzetan, 139 langilerekin; 650 boluntario mobilizatzen ditu, eta 30 programa edo zerbitzu ematen ditu.