Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 19

Arancha Arias (Navarra Suma), Koldo Martínez (Geroa Bai) eta Iñaki Bernal (I-E) dira Nafarroako senatari izateko hautagaiak

Mahaiak hautagaitzak onetsi eta hautaketa data ezarri beharko du, eta hautatutako pertsona Senatu berria eratu arte ezin izango da karguaz jabetu

Nafarroako Foru Komunitateko senataria izateko hautagaiak aurkezteko epea amaituta, Arancha Arias, Koldo Martínez eta Iñaki Bernal izan dira aurkeztutako izangai bakarrak; lehenengoa Navarra Sumak aurkeztu du (20 eserleku), bigarrena Geroa Baik (9 eserleku) eta hirugarrena Izquierda-Ezkerrak (eserleku 1).

 

Legebiltzarreko Mahaiak aurkeztutako hautagaitzak onesten dituenean eta Osoko Bilkurarako data zehazten duenean, isilpeko bozketa bidez hautatuko da senataria, txartelak erabiliz, eta boto gehien zer hautagaik lortzen duen, hura izendatuko da. Berdinketak ebatziko dira kiderik gehien duen parlamentu-taldeak proposaturiko hautagaiaren alde, eta, berdinketa gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde.

 

Senatariaren hautaketa Gorte Nagusien disoluzioaren eta hauteskunde berrien deialdiaren ondoren izango denez gero, hautatutako pertsona ezingo da karguaz jabetu hurrengo Senatuaren eraketa arte, eta horretarako epea abenduaren 5ean amaituko da.



Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduaren 208. artikuluak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.



Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.

 

Idoia Villanueva izan da Nafarroako Foru Komunitateko azken senatari autonomikoa, eta joan den ekainaren 19an utzi zion karguari, Parlamentu berria eratu zen egun berean. 2015eko irailaren 17an hautatu zuten: aldeko 26 boto jaso zituen (Geroa Bairen 9, EH Bilduren 8, Podemos-Ahal Duguren 7 eta I-Eren 2) eta 9 boto zuri (PSNren 7 eta PPNren 2). UPNren hautagaia zen Pedro Ezak, ordea, bere taldearen 15 boto besterik ez zituen jaso.