Arartekoak 2023ko Urteko Txostena aurkeztu du, eta pobrezia- eta bazterketa-arriskuaren areagotzeaz ohartarazi du
3.583 jarduketaren berri eman du, horien artean herritarren 1.436 kexaren kudeaketa, gehienak gizarte ongizate, osasungintza, hezkuntza eta etxebizitzako gaiekin lotuak
Nafarroako Ararteko Patxi Verak agerraldia egin du gaur Foru Araubideko Batzordean 2023ko Urteko Txostena aurkezteko eta ohartarazteko “gizarte-desberdinkeriak eragindako arraila handitzen ari dela eta bidean jendea geratzen ari zaigula”.
Verak jakitera eman du bere agerraldiaren xedea zela “administrazioek ongi tratatuta sentitzen ez diren, beren eskubideak onartzen ez zaizkien edo berdintasun handiagoa eskatzen duten pertsonen ahotsa ekartzea”. Ildo horretan, berriz ere prest agertu da hirugarren sektorearekin lankidetzan aritzeko, eta “laguntzen dutenei laguntza eman” nahi diela esan du.
Era berean, bere ustez, ez da behar besteko aurrerapenik egiten ari Garapen Jasangarrirako Helburuez eta 2030 Agendan zehaztutako helburuez bezainbatean. “Inor atzean ez uzteko hartu dugun konpromisoa bete nahi badugu, ahalegin handiagoa egin behar dugu”, azpimarratu duenez.
Patxi Verak emandako gainerako azalpenean iaz egindako 3.583 jarduketak zerrendatu eta xehatu ditu, zeinetan 5.038 pertsona artatu baitziren. Horrela, besteak beste, honako jarduketa hauek aipatu ditu: herritarren 1.869 kontsulta eta 1.436 kexa kudeatuak; ofiziozko 28 jarduketa; 19 bitartekaritza-espediente eta hobetzeko 8 proposamen.
Erakundearen ustez, azaldutako arazoa erabat edo partzialki konpontzea bideragarria zen 754 kasuetan, ebazpenen eta konponbideen onarpen-maila % 83,3koa izan da, eta guztira 628 izan dira herritarren alde ebatzitako kexak.
Verak azpimarra jarri du batez ere Nafarroako kolektibo kalteberei arreta ematen dieten elkarte, fundazio eta entitateekin izandako 34 topaketetan.
“Beste behin ere, egiaztatu ahal izan dut Foru Komunitateak sare bikaina duela, laguntza, babesa eta akonpainamendua ematen diena premia handiena dutenei eta pobrezia-, zaurgarritasun-, mendetasun-, eta desgaitasun-egoeran edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenei”, berretsi du.
Horregatik, hainbat erakunderen egoitzak, bulegoak eta lokalak bisitatu ondoren, “zuzen-zuzenean” ezagutu ahal izan ditu haien egunez egunekoan aurre egin behar dituzten arazoak. Azken horien artean honako hauekin lotutakoak nabarmendu ditu: erroldatzea, etxebizitza eskasia, era askotako desberdinkeria-arrailen gainjartzea, adingabeei emandako arreta, desgaitasuna eta zaharren arreta eza. “Egunero iristen zaizkigun gaiak dira, eta horien inguruan jarduten ari gara”, Verak azaldu duenez.
Ildo horretan, Arartekoak aipatu ditu administrazioekiko komunikazio-oztopoak edo horien arteko koordinazioa hobetzeko beharra.
Aurreko guztitik ondorioztatzen da kexa-kopuru handiena izan duen gaia Gizarte Ongizatea izan dela. Arlo horri dagokionez, Arartekoa, duela bi urtetik hona, lan proaktiboa egiten ari da hirugarren sektoreko eta arlo sozialeko hirurogei entitate baino gehiagorekin.
Verak “gutxienez paradoxikotzat” jo du Nafarroaren egoera; izan ere, aurten berriz ere izan da “Estatu osoan bizi-kalitate handiena duen autonomia-erkidegoa, baina, aldi berean, Nafarroan hazi da gehien pobrezia- eta bazterkeria-arriskua”. Hori horrela, eskatu du “ahalegin handiagoa” egin dadila gizarte-desberdinkeriaren arraila murrizteko.
Kexa-kopuru gehien duten gaien rankingean, Osasungintza (117) bigarren postuan dago, batez ere itxarote-zerrendak direla-eta, Osasun Departamentuak jasotzen dituen erreklamazioak erantzun arren.
Hezkuntza (98) hirugarren postuan dago, bereziki bullying-arekin lotutako kasuen ondorioz, “balitekeelako ikasgeletan eta horien ingurunean gertatzen ari denaren icebergaren tontorra izatea”. Arlo horretan, Verak eskatu du “lan integralago bat egin dadila, familia eta irakasleez gain, adingabeekin hartu-emana duten beste esparru batzuk ere bilduko dituena. Lan horrek hiru faseak jaso behar ditu: hautematea eta prebentzioa; egoeraren amaiera, eta erreparazioa eta suspertzea”.
Etxebizitzari dagokionez, Verak nabarmendu du alokairuko etxebizitza babestuaren eskari handia dagoela eta kasu “atsekabegarriak daudela, hala nola gela bakar batean pilatuta bizi diren familia gurasobakarrak edo etxebizitzarik ez dutenak”; edo “kalean bizi diren” pertsona erroldatu gabeak, are gehiago aintzat hartuta aldi berean milaka etxebizitza huts daudela.
Administrazioei dagokienez, Patxi Verak deitoratu du “alor administratibo jakin batzuen sentiberatasunik eza, ez baitute enpatiarik erakusten komunikatzeko bide bakarra digitala izateak hainbat kolektibori eragiten dien zailtasunarekin”, eta aurretiko hitzordua kentzearen alde egin du.
“Hemen, gure jarrera izan da eta izanen da, pertsonek administrazio on bat izateko duten eskubidea irmoki defendatzea”, Verak adierazi duenez. Arartekoaren bulegoetan eredu izan nahi dugu, eta horregatik “ez dugu aurretiko hitzordua eskatzen, eta aurrez aurreko arreta pertsonalizatua ematen dugu”.
Arartekoaren txostenean, NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuen arabera ere sailkatzen dira jarduketak, eta “intersekzionalitatea” aintzat hartzen da, arrail ekonomiko eta sozial jakin batzuk gainjarri egiten baitira.
Arartekoaren 2023ko Urteko Txostena apirilaren 19an iritsi zen Parlamentura, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eta Patxi Verak egindako bileran.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa da herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea –Parlamentuaren aginduz–, eta, xede horrekin, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.
Bilkura Ainhoa Unzu Garatek zuzendu du (PSN talde parlamentarioa), eta bertan izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Yolanda Ibáñez eta Cristina López Mañero (UPN talde parlamentarioa), Ramón Alzórriz eta Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Adolfo Araiz eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona eta Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Javier García (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).
Mozioa (57. NPAO, 2024-04-24koa)
Archivos adjuntos