Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Otsailak 22

Aspacek Nafarroako Parlamentuaren laguntza eskatu du, elkartearen 50. urteurrena dela-eta gizarteari eskerrak emateko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Aspace Nafarroaren ordezkaritza batekin bildu da gaur eguerdian Ganberaren egoitzan. David Erice presidenteak, Rafael Olleta zuzendari nagusiak eta Blanca Elizalde erakundearen Enplegu Fundazioko zuzendariak osatu dute ordezkaritza. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek garun-paralisia zein antzeko asaldurak dituzten pertsonak ahalik eta gehien gizarteratzeko lanean dihardu 1971 urtetik.

 

Topaketan zehar, Aspace Nafarroako ordezkariek Foru Legebiltzarraren laguntza eskatu dute, erakundearen 50. urteurrena dela eta (apirilaren 14a), Nafarroako gizarte osoari eskerrak emateko balio dezakeen ekitaldiren bat antolatzeko.

 

"50 urte hauetan herritar guztiengandik jaso dugun babesa nolabait ordaindu nahi genuke. Parlamentutik, nafar guztien etxetik, egitea harro egoteko modukoa litzateke. Asmoa da gure esker ona agerian jartzea eta erakundeak izan dituen bost lehendakarien bidez egitea, Etxabakoizko etxabe batean familia-talde batek ibilbideari ekin zionetik babesa besterik ez baitigute eman".

 

Aspace Nafarroa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, garun-paralisia edo antzeko asaldurak dituzten seme-alabentzako aukerak bilatzen saiatu ziren hainbat gurasoren kezkaren ondorioz sortua.

 

1971tik, Nafarroako Aspacek "bizi-ibilbide bat" garatu du garun-paralisia zein antzeko asaldurak dituzten pertsonak ahalik eta hoberen gizarteratzeko, eta hainbat programa eta zerbitzu pertsonalizatu garatu ditu, pertsona guztientzat eta haien adin eta premiei egokituak.

 

2003an, bi fundazioak sortu ziren, eta elkarteak zentroak eta zerbitzuak kudeatzeari utzi zion, hiru jarduera-ildotan zentratuta: garun-paralisia duten pertsonentzako programak, familientzako programak eta gizarteko programak.