Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Abenduak 15

Atena konpainia artistikoak 'Sustraiak' ikuskizuna eman du Nafarroako Parlamentuan

Kulturak gizartea eraldatzeko tresna gisa eta pertsonen bizitzan inpaktua duen elementu gisa duen gaitasuna aldarrikatu du Hualdek

Abenduaren 3an Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta, hori dela eta, Atena konpainia artistikoak Sustraiak izeneko ikuskizuna eman du gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan; ikuskizunak ibilbidea egiten du Nafarroako kultura eta paisaia aniztasunean zehar.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen hitzetan, emanaldiak “ondo erakusten du kulturak gizartea eraldatzeko tresna gisa eta pertsona askoren bizitzan inpaktua duen elementu gisa duen gaitasuna”.

 

Ildo horretatik, Hualdek desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak aitortzea erreibindikatu du. Hauxe adierazi du: “Legez, aurreko legegintzaldian eskubide horiek bermatzeko foru legea onetsi ostean eskubideok badaude aitortuta, baina argi dago orain aplikatzen joan behar dugula, eta eraginkor egiten”.

 

Atena Fundazioari eskerrak eman dizkio berriz ere Parlamentuaren atarian emanaldia egiteko prest egoteagatik, “Nafarroako herritar guztiak ordezkatuta baitaude bertan”, eta eskerrak ere eman ditu pertsona guztien berdintasunaren alde egiten duten lanagatik. Amaitzeko, Hualdek honakoa baieztatu du: “desberdina izatea ez da arazoa; arazoa da besteok gu desberdin tratatzea”.

 

Arantxa Garateak, Atena Fundazioaren kudeatzaileak, bestalde, eskerrak eman ditu Desgaitasunaren Nazioarteko eta Europako Eguna aintzatesteko emanaldia Parlamentuan egiteko aukera emateagatik, eta bi arrazoi azaldu ditu. “Batetik, Nafarroako erakunde den aldetik leku enblematikoa da, eta, bestetik, duela urtebete bertan onetsi zen Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea”.

 

Amaitzeko, honako hau adierazi du: “Raíces ikuskizunak egiazko bihurtzen du legearen 57. artikulua, desgaitasunen bat duten pertsonen sormen potentzialari buruzkoa; sormenaren eta inklusioaren adierazle da, eta lurraldearekin, bertako ohiturekin eta jendearekin ere dago lotuta, gainera”.

 

Sustraiak gure komunitateko aniztasunean dago oinarrituta; Nafarroarenean, alegia, kulturari zahiz paisaiari dagokienez. Kultura, ondarea eta bertako jendea uztartu nahi dira eszenikoa eta diziplina anitzekoa den ikuskizun batean. Bidaia basotik basamortura, erdiko lurretik igarota, bidean ibilbide koreografiko eta geografiko plastiko bat marraztuta, emozionala ere bai, nola paisaiena hala ohiturena, bideo proiekzio batean bermatuta eta hizkera garaikide baten bitartez.

 

Ikuskizun horretan Atenak garrantzi handia eman dio baterako sormenari, eta beste artista batzuen ikuspuntuak integratu ditu, hala nola Patxi Araujoren proiekzioak, Gotzon Garcíaren txalaparta eta Escuela Joaquín Mayako txistuen interpretazioa. Eszenatokiko hamazazpi dantzariek, desgaitasunen bat duenek eta ez dutenek ere bai, dantza garaikidearen bitartez Nafarroako folklorea berreskuratzen dute, eta, horretarako, bitartekotzak egin dira askotariko udalerritan, hala nola Bardean, Erriberrin eta Iruñean.

 

Atena Fundazioa 2001ean sortu zen, senitarte talde baten ekimenez, arte jarduerak adimena, gaitasun emozionalak eta psikomotorrak indartzen dituela sinetsita. Desgaitasuna duten pertsonen garapen osoa sustatzen eta bideratzen aritzen da. Horretarako, haien bizi kalitatea hobetzeko eta haien bizi proiektuan laguntzeko, metodologia propio eta berritzailea erabiltzen dute, artea eta pedagogia uztartzen dituena.