Atzera bota da Nafarroako arreta soziosanitarioko sistema integratua arautzen duen Foru lege proposamena aintzat hartzea
Eredu misto bat proposatzen zen baliabideen sinergia eta aprobetxamendu handiagoak bilatuko zituena, "arreta osoagoa eta kalitate handiagokoa" lortzeko helburuarekin
Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldekoekin, Nafarroako arreta soziosanitarioko sistema integratua arautzen duen Foru lege proposamena aintzat hartzea.
UPNk sustatutako Lege proposamenak helburutzat zuen “arreta soziosanitarioko sistema integratu bat ezartzea, baliabideen sinergia eta aprobetxamendu handiagoak bilatuko zituen koordinazio azpiegituretan oinarrituz, arreta osoagoa eta kalitate handiagokoa eskain zezakeena”.
Arauak sistema sozial eta sanitarioaren artean ematen diren ohiko « harmonizazio arazoak » aipatzen zituen, eta honekin bat eginez, egun indarrean dauden foru eta estatu arauen artekoak ere, eta hori dela eta sortzen den arreta zatikatua baino, « arretaren kalitateari dagokionez eta gainkostu eta eraginkortasun ezari dagokionez garapen orekatuago bat » bilatzen zuen.
Azaldutakoaren arabera, arau honen onuradun izango lirateke urritasunen bat pairatzen duten adin guztietako pertsonak, mendekotasun egoeran daudenak edo gaixotasun baten eragindako beste behar berezi batzuk dituztenak.
2019ko urtarrilerako aurreikusten zen Kartera baten sorrera, foru dekretu baten bidez, eta honen arabera zerbitzu sanitarioen edo prestazioen kontzesioen epe-muga ezin izango zen hiru hilabete baino gehiagokoa izan, balorazio epeak barne. Testuinguru horretan, pazienteen informazio kliniko-asistentziala integratzeko helburuarekin, Historia Elektroniko Soziosanitario baten garapena planteatzen zen.
Arauak Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza Nagusiaren sorrera aurreikusten zuen, Harrera soziosanitariorako Arreta Kontseilua atxikituko zitzaiona, kontsultarako eta parte hartzeko organo gisa. Etika Batzordeak eta arreta soziosanitariorako lurralde kontseiluak eratzea ere aurreikusten zen.
Hori guztia, baliabideen lurralde identifikazio mapa baten eraketa barne, Arreta soziosanitarioko Plan Orokor batean idatzi beharko litzateke, baita familia eta zaintzaileen babeserako plan batean ere, Legearen onarpenaren hurrengo sei hilabeteetan Parlamentura bidali beharko litzatekeena.
Administrazio atalean, arauak leihatila bakar baten sorrera proposatzen zuen, baita berehalako informazio sistema baten sorrera ere, « espedientearen izapidetzearen egoera erreala ezagutzea erraztuko zuena ».
·Foru Lege Proposamenaren Argitalpena (NPAO, 4. Zk, 2018-01-12koa)