Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Maiatzak 7

Atzera bota dute “Oroibidea” memoria atarian Errepublikaren kontrolpeko lurraldeko biktimak sartzeko Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa

UPNk Memoria Demokratikoaren Legearen edukiari heldu dio eta uste du alderdi errepublikanoak kaltetutako pertsonak baztertzeak ez duela justifikaziorik

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak mzoio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Oroibidea datu-basean sar ditzan Errepublikako gobernu legitimoak kontrolatutako lurraldean beren eskubide oinarrizkoen urraketen biktima izandako nafarrak”.

 

Baztertutako mozioaren bigarren atalean , Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna agertzen zien “Gerra Zibilean eta frankismoan kontzientzia edo erlijio-sinesmeneko arrazoiengatik jazarpen politikoaren biktima izandako guztien senideei eta salatu egiten du aipatu jazarpenaren izaera bidegabe eta ilegitimoa”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen aginduak aipatzen ditu, "indar errepublikarrek eta haien aliatuek eragindako biktimak gerra zibilaren eta frankismoaren artxibo digitaletik kanpo uztearen" atzean dagoen "justifikaziorik eza" nabarmentzeko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak apirilaren hasieran aurkeztu zuen artxiboa Oroibidea izenarekin, 23.000 kaltetu arteko datuekin.

 

Gizarte osoaren "egiarako eskubidea bermatzeko erabilgarria den" tresnaren balioa zalantzan jarri gabe, plataformak Errepublikaren kontrolpeko lurraldean errepresioa jasan zuten pertsonen datuak ere jaso daitezen proposatzen da. Jatorrian bilatzaile bibliografikoa zen Oroibidea webguneak, egun, gerran eta ondorengo diktadura frankistan biktima izandako 23.000tik gora nafarren datuak biltzen ditu, errepresio-ekintza Nafarroan zein Nafarroatik kanpo gertatu.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Javier Esparza, Ana Elizalde, Javier Trigo (UPN), Inma Jurío, Javier Lecumberri, Ibai Crespo (PSN), Arantxa Izurdiaga, Eneka Maiz (EH Bildu), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (53. NPAO, 2024-04-16koa)