Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Ekainak 26

Atzera bota dute hutsik dauden etxebizitzen gaineko zerga Toki Ogasunei buruzko legetik kentzeko UPNk egindako lege proposamena

Erregionalisten ekimenak lurraren kontribuzioaren gutxieneko karga-tasa murriztea eta alokairu araubideko etxebizitzentzat hobari bat ezartzea zuen helburu

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen lege proposamena aintzat hartzea. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Zurekin taldeek eta atxiki gabeko parlamentariak aurka bozkatu dute, Talde Mistoak abstentzioa eta UPNk alde.

 

UPNren talde parlamentarioak bultzatutako lege proposamena irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta honako xede hau zuen: «Toki-erakundeek, besteak beste pertsona eta kolektibo behartsuenentzako hobari modura, hartu dituzten eta familien ahalmen ekonomikoan eragina duten neurriak egokitzea».

 

Batetik, lurralde kontribuzioari dagokionez, aplikatu beharreko gutxieneko karga-tasa % 0,10era murriztu nahi zen (4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioa Erreformatzekoa, onetsi zenetik % 0,25ean dago ezarrita); eta, aldi berean, kasuan kasuko ordenantza fiskalen bidez zerga horren % 90erainoko hobaria lortu ahal izateko betekizunak ezabatu nahi ziren.

 

Era berean, paragrafo berri bat gehitu nahi zen, eta haren bidez, lurraren kontribuzioaren kuotaren % 25eko hobaria ezarri alokairu araubidean dauden etxebizitzentzat.

 

Bestalde, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari dagokionez (gainbalioak), lege proposamenak 176. artikulua aldatu nahi zuen, zerga horren kuota zerga-oinarriari % 8ko karga-tasa aplikatzearen emaitza izatea ezartzeko (gaur egun % 8 eta % 25 arteko tarte batean dago ezarrita).

 

Azkenik, Nafarroako 2/1995 Foru Legeak, martxoaren 10ekoak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoak, II. tituluan dakarren VIII. kapitulua (Etxebizitza hutsen gaineko zerga) ezabatu nahi zen, ekimena bultzatu duen UPNren arabera, «kapitulua indarrean jarri zenetik hamabi urte igarota, ikusi baita bertan aintzat hartutako politikak ez direla eraginkorrak izan lortu nahi ziren ondorioak lortzeko». 

 

Bien bitartean, Nafarroako Gobernuari sostengua ematen dioten talde parlamentarioek beretu egin dute lege proposamena aintzat hartzearen inguruan Foru Gobernuak egindako desadostasun txostena.

 

Hala, defendatu dute hiri-lurren balioa handitzeko % 8ko karga-tasa bakarra ezartzeak «toki-erakundeen autonomia fiskalari kalte» egiten diola, «ezabatu egiten baita udalek egoki deritzoten karga-tasa % 8tik % 25era doan tarte batean ezartzeko duten ahalmena».

 

Horrez gain, lege proposamena aintzat hartzearen aurka agertu diren talde parlamentarioek ohartarazi dute onarpenak «tokiko erakundeetan aurrekontuetako diru-sarrerak murriztea» ekar lezakeela.

 

Ildo horretan, Gobernuaren txostenak berak esaten zuen Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Toki Araubidearen Foru Batzordeak lege proposamenaren berri eman behar zutela.